« Hitzaren estetika | Bulkada lirikoak »
Kutsidazu berriz, Ixabel / Joxean Sagastizabal / Alberdania, 2006
Berriz Aritz Galarraga / Gara, 2007-02-24
Liburu batzuen kasuan ezin aipatu gabe utzi aurrekari izan duten liburua, literatur, lana edo dena-delakoa. Eskuartean dugunaren kasuan, esaterako, ezinbestekoa begitantzen zait abiapuntu izan duen hori aipatzea:. Kutsidazu bidea, Ixabel famatuaz ari naiz, jakina. Irakurri ere egingo zuen zuetakoren batek, 75.000 ale inguru saldu baitira honezkero. Eta irakurriez baduzue, seguru antzerki lan, film edota jolasen CDarekin topo egin duzuela zuen bizitzen luze-zabalean. Oraino ezagutzen ez duzuenok lasai eta adi, aurki telesaila ere estreinatuko baita. Baina maitasun istorioekin gertatzen denaren antzera (eta bi liburuok ere halaxe dira, maitasun istorio), bigarren parteak ez direla onak esan beharra dago, itzulpen traketsean. Lerrootako nire asmoa ez da, ordea, Kutsidazu fenomenoak euskal kultur munduarentzat suposatu duena ezbaian jartzea, ez. Kutsidazu…-ren bigarren buelta honek eskaintzen dizkigunak aztertzea baizik, argitaratzearekin bat datozenak gorabehera.
Joxean Sagastizabal idazleak (Kutsidazuez gainera, berriki Gerturik daukagu odola, Nomadak kantari doaz, Moskatel Team) Juan Martinen abenturen aurreneko atala amaitu zuen puntu berean abiarazi du bigarren hau, hau da, protagonista euskaldun berriak euskara ikasteko gune estrategikoa izan duen baserria utzi eta “zibilizaziora” itzultzeko bidea hartzen duenean. Maiteminak joto baina, Aranguren baserrira, Ixabelengana itzultzea erabakitzen du. Eta gertaera anekdotiko samarren jarraipen baten ondoren bukatu egiten da narrazioa, bikoteak Donostiara mudatzea erabakitzen duenean. Tartean, lehenengo Kutsidazuren irakurlearentzat, pertsonaia ezagunak, paraje ezagunak, gertaera ezagunak. Kutsidazu, berriz.
Irakurleak gai eta pertsonaia nagusiarekin izan dezakeen identifikazioaz gainera, umorea da Kutsidazu berriz, Ixabel honen ezaugarri. Zutabe bakarrean oinarritzen da, kasik: hizkuntzaren inguruko komerietan. Batzuetan, euskara-gazteleraren arteko “gaitz-ulertuak” dira: “—Mila esker… hospitalidadeagatik, barkatu, ez dakit euskaraz nola den… / —Nola dan zer? / —“Hospitalidad”. / Tolosakoan “erietxea” jartzeik”. Gaztelaniaren erabilera pelloak ere bai: “Ahariya, talkarako balio eztunian eitek zikiratu, eta horrekin eiten dizkiau unos polvos pa echar polvos, y los vendemos en el putiklu”. Oraingoan, gainera, baserriko euskaldun zaharra zibilizatzeko nahia dago: “Konturatzen al zarete momentu historikoaren garrantziaz? 1—Urbanikola baserrira etorri. 2—Urbanikolari Indigenak euskara eta baserriko bizimodua irakatsi. 3—Urbanikolak Indigenari goi mailako euskara jasoa irakatsi”.
Baserritar-hiritar dikotomia agerian uzten dute pasarte askok: “Baserritarra jauna, suek konejoiak nola matatxen? Ostiatxen ala degollatxen? Profesionalmenteki interesatxen niri. / —Atzeko hanketatik heldu eta bi zartako emanda paretan kontra”. Talka horrenbeste adibide bat: “Uki to nuen errape beltza; xuabe-xuabea, beroa, atsegina. Zoofiliaren izpitxo bat piztu zitzaidan, zeina instante berean zapuztu baitzidan bolatxo beltz jasak”. Eta, bitxia bada ere, hizkuntzan ere islatzen da: “—Igual aditzarekin hastea hobe izango da. Zuk badakizu zer den aditz bat, ezta? / —Aizak, ni baserritarra nauk, e! Jakingo eztiat pa! / —Oso ondo, orduan… / —Hauzkalden bazeudek batzuk, eundoko ezkur earrak ematen dittuenak”.
Eta hortik kanpo ezer gutxi, ezerberririk ez alegia, inoizko euskal libururik salduenetako hura irakurri zuenak (eta asko izan beharko, saltzeak irakurtzea badakar) bigarren bueltan aurkituko duena.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi