kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Euskararen orainak / Xamar / Pamiela, 2006

Euskararen orainak Iratxe Retolaza / Berria, 2007-02-18

Euskararen orainaren inguruko kezkak sorrarazi du liburu interesgarririk azkenaldian. Horietariko batek oihartzun zabala izan du, eta euskaltzaleon artean harrera beroa jaso du. Xamarren Euskara jendea liburuak, hain zuzen ere. Xamarrek, euskararen orainaz hitz egiteko, iraganera jotzea erabaki du. Horregatik, liburu horretan historian zeharreko ibilaldia eskaintzen da, baina, batik bat, euskararen historiaren alderdi batzuk azalaraziz: euskararen lekukotasunak, lekukotasun fisikoak. Liburuaren moldea eta forma estuki lotzen zaio Xamarren egitasmoari, lekukotasun fisiko horien berri emateko irudiei eman baitzaie garrantzia. Irudiek, taulek, argazkiek eta abarrek narrazioak bezainbesteko pisua dute liburu honetan, edo beharbada, handiagoa. Xamarren liburuak lekukotasun horiek hurbilarazteaz gain, badu beste asmorik, euskarak historian zehar egokitzeko edota egoera anitzetara moldatzeko izan duen gaitasuna azalaratzea.

Bestelakoa da Luis Haranburu Altunaren ikuspuntua, Euskararen doluminak saioan adierazitakoa, izenburu ezin adierazgarriagoa duen saioa. Haranburu Altunaren saio horretan ere, euskararen orainari begiratzeko iraganera jotzeko joerari lotzen zaio. Baina Xamarrek irudiz, kolorez eta baikortasunez josiriko historia kontatu du, eta Luis Haranburu Altuna, ostera, ezkorrago mintzo da. Euskararen doluminak saioan, euskara ideologizatu izanari egozten zaizkio euskararen beraren hainbat muga, eta baita erabiltzaileek harturiko jarrerei ere. Badirudi Haranburu Altunak aipaturiko zama historiko eta ideologiko horretatik ihes egin ezinik idatzi duela, hizkuntzaren erabileran zamaren arrastoa baitago: iluntasun hori, etsipen ukitu hori, adierazkortasun gutxiko hizkera hori, bizi gutxiko joskera hori. Hortaz, adierazi nahi den horren eta horixe adierazteko erabilitako moldearen arteko orekari eutsi dio bigarren saio honek ere.

Euskara jendea eta Euskararen doluminak, azken batean, euskararen orainari erreparatzerakoan ikuspuntu muturrekoetatik heldu dioten liburuak dira biak, baina bada haien artean antzekotasunik: euskarari buruz hitz egitean euskara bera dutela abiapuntu, eta ez euskaldunak, erabiltzaileak. Bai, haietan erabiltzaileen inguruko aipuak, datuak, jarrerak eta iritziak ematen dira, baina batez ere euskara da mintzagai, eta euskararen nortasuna da ikuspuntu horietariko bakoitzak sorrarazi duena (lehenak, euskara malgua dela dio; bigarrenak, euskarak dituen gaitasun ezak onartu behar direla dio).

Ikuspegi hauen artean, bada bereziki interesgarria den hirugarren saio bat, Txokotik zabalera. Saio honetan euskararen orainari buruz hitz egiteko euskalduna da abiapuntua, erabiltzaileen ingurukoak dira hausnarketara eramaten direnak, eta ez euskararen balizko tasun betiereko zenbait. Euskaldunoi buruz hitz egiteko, David Anautek ironia, sarkasmoa eta parodia erabili ditu, eta irakurleari jolaserako eta gozatzeko gonbita egin ez ezik, eguneroko bilakatu diren zenbait jardunen alderdi absurdo samarrak agerrarazi dizkio, euskara teknikariaren jardunari trufa eginez; zuzentasuna, egokitasuna eta bestelako mamu horien ingurukoak parodiagai bilakatuz; eta abar. Horregatik, hitzezko sormena lantzeko eta zabaltzeko asmoa nabaria da, asmo literario hori oso agerikoa da. Beraz, euskararen erabilerari buruz hitz egin bai, euskararen erabilerarekin gozatu ere bai, eta baita euskararen erabilera berritu ere. David Anauten saio atsegin eta gozagarri honetan, nire ustean, zenbaitetan batasun faltak sortu ditu zenbait zulo. Izan ere, saio hau antzeko kutsu ironiko eta parodikoa duten testuez osaturik dago, baina testu horien artean lotura hori ahulxea da batzuetan. Dena dela, tonu eta ikuskera bertsuari eusteak lagundu dio batasun hori bideratzen, eta hausnarketarako zirrikituak norabide bererantz zabaltzen.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak