kritiken hemeroteka

8.592 kritika

« | »

Kontu-jaten / Arantxa Iturbe / Alberdania, 2006

Zer kontatua Aritz Galarraga / Gara, 2006-12-16

Kontu jakina da besteak entzunez, belarria jarriz, gogotik ikasten dela. Eta irakurtzen ere bai, gehituko nuke nik, bestela alfer-alferrik arituko ginateke-eta langintza honetan. Joxemari Iturraldek orain bi asteko elkarrizketan esan zuen “bizitza orok garrantzi handia du” esaldiaren ildo beretik, testigantza liburu berezi eta atsegina plazaratu berri du Arantxa Iturbe kazetari eta idazleak, edota idazle eta kazetariak nahiago baduzue, bietarik baitu Iturbek eta bietarik baita aldi berean Kontu-jaten. Entzun egin die, belarria jarri, 80 urteren bueltan dauden Tolosaldeko dozena inguru emakumeri eta, eskuzabal, irakurlearentzat liburu gustagarri honetan bildu du haien ahotsa, betiko galdu aurretik.

Hara hor ohikoak ez diren bi ezaugarri, testigantza liburu baterako: lehenik eta behin, adinekoak direla bertako protagonistak, zahar-etxe eta gainerako kartzela modukoetara kondenatzen ditugun garaiotan. Jada gauzak kontatzearena ez da lehen zen bezala, zahar hitzek zuhur izateari utzi omen baitiote, kalapita aspergarri izatera iristeraino. Gero, bigarren ezaugarritzat, emakumeak direla liburuko protagonista, oraindik orain gailentzen den generoa, nabarmenki, maskulinoa izanda ere. Eta gauzak dauden bezala egonda, ez da gauza gutxi adineko emakumeen testigantzak jasotzen dituen liburu bat gure artean agertzea.

Testigantza horien artean, gainera, testu desberdintasun handia dago. Ez pentsa ohiko elkarrizketa transkripzio soilekin topatzerik, ez. Badaude jasotako hitzen bat-batekotasun eta freskotasuna fidelago errespetatzen dituztenak, baina badira ipuinaren eremuan sailkatuko genituzkeen testuak ere. Horietan idazlearen esku sartzea handiagoa da eta agerian geratzen da haren desioa, zerbait literarioa eta diferentea eskaintzeko gogoa. Eta jakina, baita bere trebezia ere, erregistro ezberdinetan hain airoso ibiltzen baita kontakizun hauetan barrena. Ideia horrekin bat dator, adibidez, testigantza testu bakoitzaren ostean idazleak, uzta propiotik baina betiere istorioarekin estuki erlazionatuta, erantsi duen fikziozko testutxoa: normalean testigantzak kontatzen duen horretatik abiatuta izan arren, bertan kontatzen denaren osagarri litzateke, kontatzen ez denaren balizko birsorkuntza fikziozkoa, agian.

Emakume adinekoen kontakizunen bitartez, betiko galtzear den (galdu den?) mundu baten berri izango du irakurleak, gure aiton-amonena hain zuzen ere (amonen begiradapetik beti): baserritar giroko kontuak, hiritarrak (Tolosa hiria baita, zalantzarik ez egin), gerrari buruzkoak, gauzatutako ametsenak, sekula gauzatuko ez direnenak, garaien arteko kontraste eta aldeak… telebistan sekula agertuko ez diren kontu horiek alegia, beste modu batera nekez jakingo genituzkeenak. Enkarguzko lana izanagatik ere (hiribildua “sortu” zuteneko 750. urtemugaren karietara egindakoa), ezohikoa da liburuak erakusten duen mimoa, irakurlea zenbait momentutan hunkitzeraino. Ezen hori baita eskuartean dugun liburuaren beste bertute bat, irakurlearengana iritsi iristen dela inolako gehiegikeria negartitan erori gabe.

Arantxa Iturbek kontatzen digu elkarrizketatutako guztiek galdera berarekin hasten zutela euren jarduna: “Zer jakin nahi duzu?”, jarraian zera gehitzeko, “nik ez daukat zer kontaturik”. Kontu-jaten liburua, aldiz, zalantza horien ezeztapen garbia da, horretarako beharrik balego bederen. Arantxa Iturbek, bai eta “gure herriko emakume eskarmentudun” bakoitzak ere erakutsi baitute badutela zer kontatua eta gainontzekook, baiki, zer irakurri eta zer ikasia.

Azken kritikak

Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia

Irati Majuelo

Herioa Venezian
Thomas Mann

Aritz Galarraga

Azken batean
Lourdes Oñederra

Ibon Egaña

Goizuetako folkloreaz
Patziku Perurena

Mikel Asurmendi

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Asier Urkiza

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Nagore Fernandez

Akabo
Laura Mintegi

Amaia Alvarez Uria

Txillardegi hizkuntzalari
Markos Zapiain

Jon Jimenez

Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap

Paloma Rodriguez-Miñambres

Lakioa
Josu Goikoetxea

Mikel Asurmendi

Lur mortuak
Nuria Bendicho

Irati Majuelo

Hitz etena
Eustakio Mendizabal "Txikia"

Paul Beitia Ariznabarreta

Akabo
Laura Mintegi

Joxe Aldasoro

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

Hedabideak