« Besteren begietan | Kantu zaharrak »
Bertzerenak / Luigi Anselmi / Pamiela, 2006
Tradizioagatik, topa! Ibon Egaña / Berria, 2006-09-17
Zorionez edo zoritxarrez, ez naiz poeta, baina ez dago olerkari izan beharrik ulertzeko poeta batek bere buruari permiti diezaiokeen kapritxorik eta luxurik handienetakoa dela (hiztegi bat osatzearekin batera, adibidez) bere ibilbidean hurbil sentitu dituen atzerriko poemak bildu eta norbere hizkuntzara ekartzea. Hala egin du Luigi Anselmik Bertzerenak honetan, lehenago Joseba Sarrionandiak Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak eta Hezurrezko xirulak bildumetan egin bezala. Ez dago hutsetik, ezerezetik abiatzen den sorkuntza-lanik, edo, bestela esanda, ez dago tradizioaren jarraitze, moldatze edo apurtzea ez den sormen lanik, ezta, jakina, poesian ere; hala zioen Sarrionandiak bilduma haietarik lehena aurkeztean: “Poetak, irakurriak dituen poemak tratatzen ditu bere poemetan. Bere irakurketa interesatua eta apropos okerra da eta, tradizioaren ber elaborazio zein ukazio gisa, bere kreazioa ezin da errebisio besterik izan, errebisio hitza bertsio edo, zentzu zabal batean, translazio gisa konpreniturik”. Norberak bere tradizioa hautatzean eta berrirakurtzean datza, beraz, originaltasuna, ahots poetiko propioa garatzeko gakoa.
Kreazioa funtsean, beraz, itzulpena litzateke, zentzu zabalean; zentzu hertsiagoan, itzulpenak hainbat esanahi eta norabide hartzen ditu. Poemen itzulpena tradizioa berrasmatzeko ariketa izan daiteke sortzailearentzat, berezko ahotsa lortzeko saioa; baina haien argitalpena bada poetaren jendaurreko biluztea ere, autopoetika gisakoa, tradizio-lagunak jendaurrean aurkeztea, baita tradizioaren onarpen eta omenaldi gisakoa ere. Itzulpena, gainera, maila bitakoa da hau bezalako antologia apetatsu batean, hizkuntza jakin batera ez ezik hizkuntza poetiko propio batera ere egiten baita itzulpena, oraingoan Luigi Anselmirenera, halako moldez non bestela izango ez lukeen batasuna ematen baitie itzultzailearen ahotsak (arnas klasikoko hizkuntza, arkaismoak maite dituena, ekialdeko euskalkietarako joera duena…) tradizio eta jatorri hain dibergenteko testuei. Horrek justifika lezake, halaber, lehendik euskaratuak ziren hainbat poema bere gisan emateko bildumagileak egindako hautua.
Izan ere, egilearen “gustu badaezpadakoa” dela irizpide bakar, antolaketa kronologiko, tematiko edo linguistikorik gabe, anabasa lirudike hasiera batean poema bilduma honek, eta galduxe aurki lezake bere burua irakurleak. Anselmiren hautapen honetan barneratu ahala, baina, tradizioko elementuak lotzen dituzten hari ñimiñoak doaz bistaratzen, formazkoak nahiz tematikoak, harik eta apailatzaileak liburuaren bidez bizitzaren aurreko jarrera jakin bat birsortzen duela jabetu arte, errepikaturiko motibo eta metafora batean bil litekeena: ardoa, Anselmiren beraren poemagintzan konstantea dena, Koldo Izagirrek XX. mendeko poesia kaieretan azaldu bezala. Bizitzaren iheskortasuna, maitasunaren gozoa eta mina edo desiraren berehalakotasuna errepikatuko dira metafora eta irudi nagusi horren eta besteen atzean, dela klasiko latindar eta txinatarren testuetan, dela Larkin edo Heanyrenetan. Carpe diem aldarriak ez du estaliko, nolanahi, denboraren joanarekiko mina eta heriotzarekiko larridura (Apollinaire, Vallejo…), ezta gai sozial eta politikoagoekiko kezka ere (Dalton, Day Lewis).
Maite ditut lagunek beren kantu kuttunenekin egindako bilduma-diskoak; agian haien traza hartu diodalako irakurri dut plazerez Bertzerenak ere. Horregatik eta bilduma honek biltzen dituen “kantuak” entzuteaz aspertzen ez garen pop kantu onak bezalakoak direlako (hori bai, ia guztiak gizon ahotsean, nola ez ba!).
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi