« Bizitzaz | Burdinazko hanka herrenak »
Abu Ala Ali / Marikita Tambourin / Maiatz, 2006
Emakumea orojakile eta iritzi-emaile Iratxe Retolaza / Berria, 2006-06-04
Marikita Tambourin idazlearen bigarren nobela laburrak —edo ipuin luzeak?—, Abu Ala Ali-k, Sarako Idazleen Biltzarrean ikusi du argia. Kania, uharte galduko ipuina lehen narrazioa ere biltzar berean plazaratu zen, baina iaz. Abu ala ali nobelatxoan lehen narrazio hartan aurkezturiko pertsonaiari heldu zaio berriro ere. Baina, Kania-n Maia hogei urteko emakume gaztea zen, eta Egiptoko egonaldi berri honetan, berriz, Maia emakume heldua da. Sorburu eta jomuga diferenteko bidaiak izanda ere, bi narrazioen artean bada loturarik, lotura esturik.
Bidaiak bidaia, aldaketak aldaketa, narrazio hauetan ez da Maia pertsonaiaren bilakaeran eta psikologian sakontzeko ahaleginik egin, eta hutsune hori sumatu du iruzkingile honek. Dirudienez, bi narrazio hauetan Maiak kanpo-espazio baterantz eginiko bidaia bi kultura diferente aurrez aurre jartzeko aitzakia baino ez da: batean, “basa” eta “zibilizazioa” jartzen dira aurrez aurre (noski, “zibilizazioa”-ren begiaren galbahetik), eta oraingo honetan, kultura musulmana eta mendebaleko kultura (mendebalaren begi orojakilearen galbahetik). Gainera, kultura horiek buruz buru jartzeko bi narrazioetan osagai bera darabil: maitale arrotzarekiko harremana. Hau da, bai Kanian bai Egipton Maia bertako batekin maiteminduko da, eta haren bitartez hurbilduko da kultura ezezagunera. Eta are gehiago, Egiptoko maitaleaz diharduela (Abu Ala Aliz, alegia), honako hau diosku narratzaileak: “Bere larru ilunak eta ile beltzek, norbait oroitarazi diote, hogei urte hauetan ahanztera ahalegintzen den urruneko maitale bat: Kaniako Voroi!” (17. or.). Esan gabe doa, bi narrazio hauetan maitale horiekiko harremana ezinezkotzat joko dela ezkonezinak diren kulturetakoak izanda. Hortaz, eskema antzekoa duten narrazioak ditugu bi hauek, batzuetan eskematikoegiak ere gertatu direnak.
Dena dela, bada alde nabari eta esanguratsu hau: narratzailearen ahotsa. Kania-n Maiaren ahotik kontatzen zaigu egonaldi xelebrea. Baina Abu Ala Ali-n narratzaile orojakilea ez ezik, iritzi-emailea dugu. Narratzailearen nolakotasunak, bada, gogora ekarri digu ohiturazko narrazioetako narratzaile (aita) orojakile hura, ahozkotasunetik edaten zuena, eta diskurtsoan etengabeko sartu-irtenetan zebilena. Txomin Agirreren nobeletako narratzaile haren oihartzunak non-nahi, errepika eta errepika. Gaurkotasun handiko gaia (kultura musulmanaren eta mendebaleko kulturaren arteko zauria) tradiziozko moldeetara bihurturik ikustea deigarri egiten zaigu, batik bat narratzaile orojakile honen ezaugarri bati entzungor eginez bagabiltza: emakumea da. Eta euskal nobeletan narratzaile orojakile eta iritzi-emaileak non edo non topa baditzakegu ere, orojakile eta emakumea denik bat ere ez, edo oso-oso gutxi. Besteak beste, euskal emakume nobelagileak idazteari ekin ziotenerako beste bide eta joera batzuk zirelako nagusi. Hortaz, ohiturazko moldeen arau-urratze honek beste kolore bat eman dio testuari, eta hainbatetan eskematismora lerratutako narrazioa ironia finean biltzea lortu du, eta nobelatxo honetan faltan hartzen den irakurlearen parte-hartze horri keinu egiten dio, gutxitan bada ere.
Narratzaile orojakile zintzoen legera, narratzaileak bere lakoei baino ez die hitz egiten, eta narrazio honetan ere emakumea emakumeoi mintza: “Hitz goxoen entzuteko gogoa duten emazte orok Egiptora joan behar lukete, horretan gastatu sosak ez baitira debaldetan” (15. or.). Aholku jostari edo trufari hauetan biltzen dira nobelatxo honek eskainitako osagairik mamitsuenak, bai mendebalekoon miseria larrutzeko —diruaren kodea—, bai aita orojakilearen moldearen burugabekeria azalarazteko.
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Joxe Aldasoro
Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia
Aiora Sampedro
Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez
Mikel Asurmendi
Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Maialen Sobrino Lopez
Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap
Asier Urkiza
Espekulazioak
Arrate Egaña
Nagore Fernandez
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Txani Rodríguez
Azken batean
Lourdes Oñederra
Mikel Asurmendi
Auzokinak
Gorka Erostarbe
Maddi Galdos Areta
Esker onak
Delphine De Vigan
Irati Majuelo
Meditazioneak gei premiatsuen gainean...
Martin Duhalde
Gorka Bereziartua Mitxelena
Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"
Hasier Rekondo
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Maialen Sobrino Lopez