« Ezkerra eta eskuina, gure izanaren oreka | Sarrionandiaren ipuingintza »
Lile / Peru Magdalena / Elkar, 2006
Unearen goratzarre intuizioaren narratiban Josu Lartategi / Deia, 2006-05-02
Peru Magdalenaren narratiba nolakoa den galdetuko balidate zera esango nieke, Lile honetan behintzat narratiba antinarratiboa dela, segida logikarik gabea baina naturala, atzetik aurrerako bide parentesiz josia, okerdurari okerdura darraiona, artezkoari arteza, anormala baina normaltzat hartu beharrekoa. Intuitiboa. Arrazoiaren iruntzitik, hots, intuiziotik jaioa eta intuiziora emana.
Peru Magdalenak uneka idazten duela dirudi, maiteminak jotako batek poema inpultsiboki idazten duenean bezala, berbarik berba baino arnasarik arnasa, hatsik hats. Haren prosa oso poetikoa dela begien bistakoa da, baina hori baino gehiago, haren narratiba, haren idazteko edo kontatzeko modua unearen poetika baten pean dago; haren literatura unearen estilistika jakin bati lotzen zaio. Jarrera filosofiko eta artistiko kontziente edo inkontzientea ageri duela dirudi: barne bultzadari uneoro men egitea. Hori izan liteke irakurle gehienei deigarri suertatuko zaiena. Neuri hala gertatu zait.
Esandakoak badu engainutik zerbait, faltsutik zerbait nabaria; alegia, ipuinek aurre-hausnarketa eskatu diotela egileari. Lehenengo pertsonan datozen hainbat kontakizun amaiera jakin baten pean daude ia osoki, aitzakia hutsa dira azken uneko efektu ustekabeaz aprobetxatzeko. Hala ematen dute Lucius eta hizlariarenak, neska beltzaranarenak, polizia sekretuarenak, gorbatadunarenak eta beste anitzek… Pentsatzen jarrita, Lileren gainekoak eta poemak izan ezik, dena begitantzen zaizkit talde horretan sartzekoak.
Ipuinok (poemek ipuinen izpirituarekin batera datozen pintzelada intimistak eta inpresionistak dirudite, eta alde batera utziko ditut) esaldi laburrekoak ditugu formalki, autoritate erreferentzia edo presentzia gehiegizkoekin (nire ustez), hiztegi kaleko xamarra (talka egin dit hasieran, baina akabuan arrazoiaren gortina zabaldu eta oso lortua iruditu zait), sarri nahita umetua, txirotua, eraldatua, hitz joko eta asmazio ugarirekin (batzuk lortuak, beste batzuk ez hainbeste; hemenegi egotearena gustatu zait, baita fadotua egotearena ere)… hiztegia iraultzen du, esploratu, eta zalantzarik gabe hori ere arrazionaltasun guztiarekin haustearen aurre-jarrerarekin bat doa: datorkiona datorkion eran eta unean idazten baitu. Halako zerbait erreklamatzen duela dirudi. Eta bizitza fadotu eta hemenduegi honetan dena da zilegi.
Amaierarako utzi dut Lileri buruzko guztia. Zati horiek onenak iruditzen zaizkit, forma eta fondoa elkarhartze perfektuan datozelako, agertzen eta ezkutatzen zaigun guztia unearen goratzarretik sortua delako. Uler bedi, korritzera goazenean bezala, azken unean berdin zaigunean zer izan den eta zer izango den, momentu batetik aitzinera dena laburtzen delako amaitzera, orgasmora… unea bizitzera. Lile honetarako idazkera orgasmikoa izendapena zilegi dela otu zait. Oraintxe otu ere.
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza