kritiken hemeroteka

8.680 kritika

« | »

Arotzaren eskuak / Alberto Ladron Arana / Elkar, 2006

Hamaika hariko soka sendoa Iratxe Retolaza / Berria, 2006-05-02

Alberto Ladronen hirugarren eleberria (Eguzki beltzaren sekretua) argitaratu zenetik bi urte eskas igaro direnean, laugarrena heldu zaigu: Arotzaren eskuak. Orain arteko ibilbideari kasu eginez gero, bada, literatura-sariek (hauei esker argitaratu zituen lehen nobelak) idazle oparo baten ibilbidea biziarazi dute.

Alberto Ladron azpigenero jakin batekiko zaletasuna erakutsi duen nobelagilea da: intrigazko nobela, hain zuzen. Baina, Ladronen lau nobela hauetan intriga ezinbesteko osagaia bada ere, intriga oso bestela landu du hauetariko bakoitzean. Haren ibilbidean misteriotik suspenserako bira nabari da, eta suspensea jorratzeko abilezia berezia sumatu zaio azken nobela honetan. Euskal nobelan ohikoa izan ez den gaitasuna, gainera.

Suspensezko giro hori sortzeko serie-hiltzaile baten istorioaren hariak soka sendo batean bildu ditu. Suspensezko narrazioetan hain ohikoak diren osagaietariko bat dugu harietariko bakoitza: batetik, krisi-egoera batean dagoen pertsonaia dugu, Ane; bigarrenik, Anek bere burua gertaera misteriotsu eta arriskutsu batean nahasirik ikusiko du bat-batean, hilotz bat topatzean; hirugarrenik, hilotz haren inguruko auzia askatu nahiko du, gertaera haren berri izateak bere krisi-egoera gainditzen lagunduko diolakoan, besteak beste; hirugarrenik, ikerketak aurrera egin ahala polizia ohi baten laguntza jasoko du; laugarrenik, askatu beharreko auziaren eta pertsonaien arteko harremanen arteko hariak korapilatzen eta lotzen joango dira; eta abar. Hauek guztiak nobela eta filmetan behin eta berriz errepikaturiko arau narratiboak ditugu, dagoeneko irakurle guztion inkontziente kolektibo bilakatuak, nolabait. Horregatik, guztion gogoan diren arau eta egiturak direlako, gero eta zailagoa da irakurleongan suspensea sorraraztea osagai ezagun hauek erabiliz, eta batik bat suspense horri amaierara arte eustea. Baina, Alberto Ladronek suspenseari eusteko iaiotasuna erakutsi digu: gertaerak egonezinez beteriko giroan kokatzen asmatu du; narrazioak aurrera egin ahala tentsioak gora egitea lortu du; eta informazioa tantaka-tantaka dosi egokietan eskaini dio irakurleari. Honela, irakurleari ere auzi eta amarru baten barruan sentiarazi zaio, eta irakurleak Anerekin orpoz orpo egingo ditu hilketen arteko loturak, eta baita informazioa bilduko ere. Baina, soka erraz da korapilatzen, nekez askatzen. Eta lan nekez horretan ibili da bereziki trebe Ladron; azken batean, jakin-mina eta sorpresa azken unera arte tenkaturik iraunarazi ditu. Soka sendo honetan hari eta korapilo mehe eta ahulik ere bada; baina oro har, soka sendoa gailendu zaio irakurle honi, erabat harrapaturik ikusi baitu bere burua sokaren korapilo artean.

Ladronen lehen nobela (Itzalaren baitan) ia oharkabean igaro zen, besteak beste, sari horrek argitalpenari eta zabaltzeari arreta eskasa eskaini ohi diolako. Baina, bigarren (Xake mate) eta hirugarren nobelek izan zuten oihartzunik euskal prentsaren kritika-orrietan. Eta are gehiago, badirudi (kasualitatea ote?), Ladronek berak iruzkingile haien aholkuei kasu egin ziela. Deigarriak baitira oso, hain epe motzean Ladronek nobelarik nobela eginiko aurrerapausoak. Eta are deigarriago, aurrerapauso horiek kritikarien esanetatik hain hurbil egotea. Besteak beste, haren ibilbidean honako pauso hauek antzeman daitezke: trama sinesgarriagoa sortzeko saioa; pertsonaien psikologian sakontzekoa; hari-muturrak sendoago lotzekoa; edota trama euskal irakurlearenganantz hurbiltzekoa (espazioan eta denboran). Hortaz, idazle oparoa ez ezik, saiatua

Azken kritikak

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Bakea, bakea
Xabier Montoia

Asier Urkiza

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Nagore Fernandez

Martxoak 3
Jon Martinez Larrea

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak