kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Lile / Peru Magdalena / Elkar, 2006

Gero eta gehiago dira Ibon Egaña / Berria, 2006-04-04

“Gero eta gehiago dira” esanez hasi eta “gero eta gehiago gara” esanez ixten du Peru Magdalenak estreinakoa duen Lile liburua, ugaltzen doan gizatalde bat aurkeztu eta talde haren partaide bere burua aitortuz. Hasieran enigmatikoa den gutasun hori, gizatalde hori zer ote den pixkanaka doa argitzen irakurlearen begien aurrean: ez dira alienak edo androideak ugaltzen ari direnak, ezpada artea lagun eta bide bestelako bizitza eredua besarkatu duten gizon-emakumeak. Artea (bere zentzu zabalenean eta formatu anitzetan: plastikoak, musika, literatura…) bizitzan txertatu eta bizitza bera iraultzeko gai aurkezten da liburuko ipuinetan; arteak pertsonaien bizitza eta errealitatea itxuraldatu, koloreztatu, baikortasunez zipriztintzen du. Artea bizimodu bilakatzen da, eta bizitzearen esperientzia eta esperientzia artistikoa banaezinezko bi alderdi dira (Egiten genuen pintatzen ariko bagina bezala).

Eta artea bizitzaren zirrikituetan barneratzeko gai den era berean, literatura gai da orri hauetan zehar errealitatearen alderdi berriak bistaratzeko, bestelako errealitateak (bir)sortzeko, konbinazio berriak proposatzeko. Arrazionaltasun cartesiarraren mugak hankazgoratzea bilatzen du egileak, eta horretarako, egileak lagun du liburuan omentzen duen Julio Cortazar, eta izen horren baitan biltzen den literatura mota, jolasa ardatz hartuta errealitatearen azpildura berriak, ifrentzu ezezagunak bilatu nahi dituena. Jolasa formazkoa da batzuetan, eta ipuina atzekoz aurrera kontatuko digu Magdalenak. Beste batean, jolasa autoerreferentziaren eta literaturaren barruko baliabideen ingurukoa izango da, eta idazleak bere burua irudikatuko du idazkera zehatzaren bilaketa akigarrian. Maiz, jolasa kausalitatearen magikotasunak dakar, eta elementu estrainio batek (mugikor batek, kasu) irauli egiten du errealitatearen ordena.

Baina (hemen datoz bainak, bai) hurbilago ere badu erreferenterik Lile-k, eta irakurle honi behin eta berriro etorri zaizkio gogora Magdalena bezala Igartza beka irabazitako bi lagun eta haien obrak: Julen Gabiria eta, batez ere, Unai Elorriaga. Ez da bat eta bera Elorriagaren eta Magdalenaren literatura egiteko modua, baina badute antzekotasun sakonik, funtsean, literatura eta bizitzaren aurreko jarrerari dagokionez: ingenuotasun eta xalotasun erabatekoaz, halaber baikortasun eta bizipozez, begiratzen diote munduari, eta hala irudikatzen beren lanetan. Haurraren (edo Magdalenarenean nerabearen) begiradatik hurbil dagoen perspektiba hori beste edozein bezain zilegi dena, jakina, testuaren sinesgarritasunaren eta eraginkortasunaren oztopagarri gerta daiteke, eta gertatzen da liburu honetan. Pertsonaiei darien xalotasun eta onkeria erabatekoa literarioki sinesgaitza gertatzen da, nire ustez, eta horrexek egiten ditu pertsonaia gehienak berdinegi. Bestalde, axaletik zuzentzen den begirada naif horrek, Elorriagarenean bezala Magdalenarenean, gatazka ekiditera darama egilea (edo alderantziz), eta hala, barne kontraesanik gabeko pertsonaiak eta korapilorik ia gabeko ipuinak datoz bata bestearen atzetik Lile-n, eta zail suertatzen da irakurlea inarrostea, haren hunkidura eragitea. Halaber, Hemen edo Urradura ipuin luzeenetan, kasurako, ez da antzematen ipuin batek behar lituzkeen tentsio eta intentsitaterik, eta hanpatutako anekdotaren traza hartzen die batek. Aldiz, ipuin laburrenetan trebeago dabil Magdalena, batzuetan poematik hurbil dauden testuak eskainiz, bestetan irakurlea jolasaren atzaparretan ezustean harrapatuz.

Ezin uka egilearen begirada pertsonalari borborka dariola grina, freskotasuna eta pasioa. Arazoa da pasio hori irakurleari nola kutsatu.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak