kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Vredaman / Unai Elorriaga / Elkar, 2005

Otsailaren 59a Aritz Galarraga / Gara, 2006-03-11

Unai Elorriagaren hirugarren nobela honek idazle gazte baten konfirmazioa izan nahi du. Hiru nobela ez dakit nahikoa diren “Elorriagaren obra”z hitz egiten hasteko, baina pixkanaka bere bibliografia gorpuzten ari da lehen lan sarituarekin harritu gintuen idazlea. Kantitate erregulartasun honekin eta kalitate erregulartasun honekin argitaratzen jarraitzen badu gainera, etorkizunean erreferentziazko euskal idazlea izango dugu, dagoeneko ez bada, hemen eta han. Bitartean hirugarren nobela hau lan dinamika serio baten konfirmazioa iruditzen zait, “Van’t Hoffen ilea”k izandako beherakada (nola esan… mediatikoa?) arintzera datorrena.

Egiturari dagokionez, aparteko berrikuntzarik ekartzen ez duen lana dugu Elorriagaren azkena. “SPrako tranbia”ren atzera-aurrerako flash egiturarekin alderatuz edota “Van’t Hoffen ilea”ren sakabanatutako txatalekin konparatzen badugu, lau istorio argiro definitu dira Vredaman aurrera eramaten dutenak. Laurak ere liburuaren pisuari txukun eusten dioten hariak, hasi eta buka poliki garatzen diren ildoak. Aurrera doazen neurrian gainera, intentsitatean irabazi egiten dute eta irakurlea erraztasun txundigarriarekin geratzen da harrapatuta. Ongi kontatuak dauden seinale. Liburua irekitzen duen istorioa, garrantzitsuena, azken zatian aipatuko dugu, baina ikus ditzagun gainontzekoak.

Batetik, golf zelai batean errugbi zelaia antolatu nahian dabiltzan bi gizon, Simon eta Gur, daude. Bestetik, Piedad, arkitekto famatu baten emaztegaia izandakoa, baina sekula harekin ezkondu ez zena. Eta azkenik, aitona Europako ebanista onena izan zela deskubritzen duen Mateo dugu. Hiru istorioek liburuak aurrera joan ahala askatzen den korapiloa eta pertsonaia bitxi eta bereziz beteriko eskifaia aurkezten digute, Elorriagaren prosaren eredugarri. Hiru istorioek nolabait egiten dute jende anonimoaren errebindikazioa. Mateori, adibidez, interesgarriago zaio aitite Julian, Aristofanes, Kant edota Andre Breton baino. Nortzuk dira Samuel Mud eta Sorin Firs arkitektoak? Bada, Google-ren arabera inor ez, baina Vredamanen orriotan Le Corbusier eta Antoni Gaudiren pare agertzen zaizkigu.

Azkenerako utzi dugun istorioak eskaintzen du aukera gehien hitz egiteko. Honezkero, liburua 2005eko azaroan argitaratu baitzen, askok jakingo duzue ume bat dela liburuko protagonista. Inteligentziaren atzetik dabilen umea da, horren jabe izateko libelula urdin baten atzetik dabilena. Beno, bada, hau agian ez da nobedade, ume bat protagonista izatearena, baina bai Elorriagak egindako ahalegina. Liburuan zehar erabilitako hizkera diferenteen artean, umearenak dauka berezitasun gehien, dauka zailtasun gehien: hizkuntza idatziaren ordena irauli egiten da, ideien errepikapena erabiltzen da, gertaera ustez hutsalei tarte handia eskaintzen zaie, istorio batetik bestera salto eginarazten zaigu, hari anarkiko bati jarraiki bezala… eta hau guztia egiazkotasunaren bila egindako lana da.

Baina zenbait pasartetan niri ere gertatu zait Iban Zalduak bere bateletik esandako gauza berbera, hau da, egiazkotasunarekin arazoak izan ditudala. Tarteka entziklopedia dirudien umearena irenstea tira, baina “urtarrilaren 42a” edota “otsailaren 59a” ez dakit zertara datozen, egia esan. Hala ere, gauza definigaitz hauek ere badira Elorriagaren literaturaren parte eta zenbait pasartetan libelula, matxinsalto eta armiarmaz beteriko botanika liburu baten aurrean gaudela dirudien arren, irakurtzea merezi duen lan atsegina dugu Vredaman.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak