kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Umeek gezurra esaten dutenetik / Uxue Apaolaza / Erein, 2005

Eta gezurti bazina / bagina? Iratxe Retolaza / Berria, 2006-03-07

“Umeak ez dira gezurtiak”. Hala omen. Adierazpen hau uste orokor eta hedatu bat baino gehixeago da. Uste honen atzean, Rousseauk Emilio-n aldarrikaturiko gizakiaren kontzepzioa gordetzen da: hots, gizakia naturaz ona da, baina jendarteak egiten du gaizto. Umeek gezurra esaten dutenetik liburuko ipuinetan, adierazpen hau ezeztatuz, gizakiaren eta jendartearen ikuskera hori itzulipurdikatzen da. Umetatik bertatik gezurtiak garela onartuz gero, ba ote gizakiaren ontasuna aldarrikatzerik? Zail samarra, behintzat, ontasunaz jaso dugun ikuskeran. Adierazpenaren itzulipurdikatze honek ez dakar Rousseauren ikuskeraren beste muturrerantz jotzea. Beste muturreko ikuskerak (Hobbesena, kasu) gizakia gaiztoa eta berekoia dela aldarrikatzen du, eta jendarteak bihur lezakeela on. Baina, gizakia gezurti eta gaizto antzean sortu bada, jendarteak zintzotu al lezake? Ipuin-bilduma honetako unibertso narratiboan galdera honi ezezko erantzuna ematen zaiolakoan nago. Jendartea ere gezurrontzi itzela da; gezurrontzi itzelez beterik dago. Hartara, Rousseauren eta Hobbesen ikuskeren arteko ozeano malgu horretara garamatza ipuin-bilduma honek. Eta malgutasun horretan murgilaraziko gaituzte bildumako ipuin eta irudi gehienek, muturreko jarrerak eta jarrera dikotomikoak saihestuz, mutur bateranzko edo besteranzko aukera egin beharrik gabe. Hartara, ipuin hauetan ez dago ukazioen bitartez definituriko kontzepturik: gaiztotasun / ontasun, zintzotasun / itxurakeria eta feminitate / maskulinitate bikoetako osagaiak ez dira elkarren baztertzaile, osagarri baizik. Elkarrekin bizi diren ezaugarri eta jarrerak dira, muga garbirik gabeko ezaugarriak, bata bestearen ondoan dauden ezaugarriak. Baina betiere elkarrekiko borrokan garaturiko kontzeptuak dira.

Eremu malgu hau oinarritzat hartuz, bi mundu ikuskeraren arteko talka irudikatzen da ipuin hauetan. Pertsonaiak izaera sozialaren eta norbanakoaren nortasunaren arteko tenkan bizi dira. Izaera sozialaren presioak estetikaren menera mugitzera bideratzen ditu (estetika oreka, neurri, proportzio eta azalekoaren aldaretzat ulertuz), eta bestetik, norbanakoaren nortasun horrek antiestetikaren mundurantz lerratzen ditu pertsonaiak (desorekatua, gehiegikeriak jota, proportziorik gabea, sakonerari begiratzen dionarekin lotuz antiestetika). Behinola arteetarako aldarrikatu zen estetika ederzalea jendetarren izaera sozialaren neurri bakar bilakatu dela dirudi. Eta gizaki desorekatu, neurrigabeko, deformatu eta proportzio gabeak borroka ezinezko horri loturik agertzen zaizkigu ipuin hauetan: gizenek, elbarrituek, psikologikoki ahulek, ezegonkorrek eta abarrek ez dute lekurik estetikak gobernaturiko jendarte horretan. Azken batean, estetika horren eredu eta neurrira beren buruak egokitu ahal izateko antzeztu beharko dute, maskarak jantzi eta beren buruei iruzur egin beharko diete. Eta antzezpena onartu ahala, antzezpen eta jendarte eredu horren arduradun zuzen ere bilakatuko dira.

Hartara, euskal literaturan ohikoegi bilakatu den onberatasunetik urrun daude ipuin hauek. Ipuin hauetako pertsonaia zapaldu, mindu eta ezegonkor horiekiko erruki sentimendua irudikatu ordez, pertsonaia horien ardurak, erruak eta pentsamendu gaiztoak aurkezten zaizkigu. Ipuin hauen efektu literario nagusia, beraz, pertsonaia hauekiko irakurleak sumatzen duen identifikazio berezi horretan datza, pertsonaia horiekin batera irakurle hau gezurti, errudun eta arduradun sentiarazi baitute ipuinek. Ez dute epaile sentiarazi, ezta ama errukior ere (normalean, gure ipuingintzan ohikoenak direnak aipatzearren). Eta ipuin hauen irakurketaren ostean, galdera eta gatazka bat kolkoratu: “eta gezurti, gaizto, errudun eta arduradun banintz / bazina / bagina?”. Euskal literaturak plazaraturiko ezbai berri bat, estilo berritzailez eta nortasun indartsuz jantzia, gainera.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak