kritiken hemeroteka

8.662 kritika

« | »

Sargazo itsaso zabala / Jean Rhys (Txomin Arratibel) / Alberdania / Elkar, 2005

Kreol jendea Iñigo Roque / Gara, 2006-02-18

Batzuetan denbora-espazio mugak nekez gainditzen ditu irakurleak, batik bat liburuek oso leku eta garai jakinetako gertaerak jasotzen dituztenean. Batzuetan arroztasunak gainez egiten du. Halakoetan egingo nuke liburuak bestela irakurtzen ditugula, jakin-min historikoak edo soziologikoak bultzatuta, beharbada. Niri halaxe suertatu zait liburu honekin; alegia, ororen gainetik, kitzikagarriagoa izan da fikziozko narrazioaren azpian borborka ari den errealitate historikoa.

Britainiar Inperioan esklaboak askatzeko legea ezarri ondoko garaira eramaten gaitu liburuak, Antilletara. Leku-denbora horietan, hiru talde bizi ziren: beltz askatu berriak; kreol zuriak, arestira arte esklabo-jabe izandakoak; eta metropoliko zuriak (ingelesak). Pertsonaia nagusia, Antoinette, egoera mingarri hartan munduratu zen. Mingarria, kreola baitzen; hau da, beltzentzat, kakalardo zuria, eta metropoliko ingelesentzat, basatia. Coetzee-ren pertsonaien identitate lausoa, bakartasun hori, gogorarazten dit aldika. Bistan denez, ohituago gaude esklabo izandakoen literatura irakurtzen, sinpatiaz egin ere. Baina zer dakigu boerren edo quebectarren literaturaz, kasurako? Ezer gutxi.

Liburuak hiru atal ditu, eta beste horrenbeste gertaleku: familiaren etxaldea Jamaikan, mendialdeko etxea Haizealdeko uharteetan, eta Ingalaterrako etxe hotz eta kartoizkoa. Abiapuntuan, etxaguntza hits bat ageri zaigu, “sasiak hartua”, eta andre bat eta haren semea eta alaba. Oro da dekadentea: zaldi pozoitua, arropa maiztuak… Andreak, guztiarekin ere, ez du amore eman nahi, eta berriro ezkontzen da ingeles batekin, esklabotzaren garaian bezala oraindik bizi daitekeelako ustean: etxea berritu, janari ingelesa mahairatu, soineko berriak eginarazi. Alabaina, mundua ordurako bestelakoa zen. Gau batez dena zartatzen da. Orduan ama-alabak banatzen dira, baina biek bide paraleloak ibiliko dituzte; biei jarraikiko zaie zoramena.

Liburuaren bigarren atalean, gertaerak lekuz aldatzen dira, eta, Antoinetteren ondoan, beste kontalari bat agertzen da: haren senar ingelesa. Mendialde galdu batean bizi dira senar-emazte ezkonberriak, joritasun berdearen erdian. Antoinette, horrenbestez, umezaroko oporlekura itzultzen da. Senarra, ostera, mundu ezezagun batera doa, usain, zomorro eta berbots estrainioz inguraturik. Eta bertan aurkez aurke tupust egingo dute Antoinetteren iraganarekin, herritarren zurrumurruekin… Antoinettek atzerako bidaia horretan Christophine du bidelagun, umetan bera zaindutako andre zahar beltza. Topikoek eta izuak biziko dute senarra: obeah (afrikarren magia), pozoitzeak, iruzurra, izenen dantza… Hunkigarria da senarraren eta Christophineren arteko berriketa, bi munduren arteko ezin ulertua. Rhysek antze handiz itxuratzen ditu senarraren barruko ahotsak eta buru barruko elkarrizketak.

Azken atalean, Antoinette Ingalaterran azaltzen da, kartoizko etxe batean. Ingalaterra harentzat, ordea, sortetxeko jangelako margolana zen, ametsezkoa, ez zen lekua. Imajina dezagun azeri-ehizako eszena bat Jamaikako etxe sargoritsu batean, edo arbel beltzezko etxe alemanak Kalahariren erdian. Antoinetteren identitatea ezina da; haren aberria duela hogei urte kiskalitako etxea da.

Itzulpenari dagokionez, nabarmentzekoa da zein ahalegin handia egin behar izan duen Txomin Arratibelek pertsonaia batzuen ingeles traketsa euskaraz moldatzeko.

Liburua aukera bikaina da Antilletako kreolen mundura hurreratzeko eta identitateaz, berriro ere, gogoeta egiteko.

Azken kritikak

Sakelako bihotzak
Julen Apella

Asier Urkiza

Ni, laiko
Markos Zapiain

Nagore Fernandez

Zorretan
Agurtzane Intxaurraga

Maialen Sobrino Lopez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Sakelako bihotzak
Julen Apella

Jon Agirre

Emognosia
Mitxelko Uranga

Mikel Asurmendi

Silueta
Harkaitz Cano

Irati Majuelo

Koxka bat estuago
Henry James

Aritz Galarraga

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Hasier Rekondo

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Maddi Galdos Areta

Poesia kaiera
Frank O'Hara

Asier Urkiza

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Nagore Fernandez

Beste urte batez
Samira Azzam

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

Hedabideak