« Kaiera bete ohar | Pentsamenduen bilduma »
Jacob von Gunten / Robert Walser (Edorta Matauko) / Erein, 2005
Kulturarekin kukuka Karlos Del Olmo / Berria, 2005-11-29
Gabon Egunean, 1956.ean, Suitzako Herisau herrian ume batzuek gorpu heriotzaraino izoztu bat topatu dute zelai elurtu batean. Erraz identifikatu dute poliziek: Robert Walser suitzarra da, hirurogeita hemezortzi urteko idazlea, eroetxera itzultzeko bidea galdua. Aspaldiko batean gizonak ospe apur bat batu omen zuen Alemanian eta Suitzan, baina urteak dira idazteari —edo argitaratzeari utzi— diola. Mende laurdena eman du zoroetxetan. Begiak eta baraila zabalik datza, zeri begira eta zer esaka?
Herio modu ezinago bakarti horrek, haren ustekizunezko eromenak —medikuek ezin izan zuten inoiz argitu benetan gaixorik zegoenetz— eta hildakoan topaturiko idazki sekretuek habetu dute Walser eskandaluraino ahazturiko jenioa izan delako legenda. Hainbat ofiziotan saiatu da goi mailako alemana ikasi eta gehienbat aldaki hartan idazten duen gizona. Lanbide gehienetan kale egiten du. Idazletzan, azkenik, txokoa topatuta, nekez lortzen du metropoliko intelektual gisakoa izatea: edanez gero, berehala zakartu egiten da, goi klasekoa ez dela erakusteraino.Lau eleberri idatzi ditu gaztetan, hiruk baino ez dute argia ezagutu, berak suntsitu du laugarrena. Ezagunena, Jakob von Gunten, ikasle harrigarri baten eguneroko moduko bat da. Heziketa bitxi baten gaineko gogoetak eta giza harreman harrigarrien albiste ematen ditu. Borondatez aukeraturiko barnetegi estrainio hartan, umiltasunean heztea beste helbururik ez dago, apal izaten ikastea eta apal irautea. Otsein izateko prestatzea, halako galtzagorri moduko bat izateari utzi barik.
Zein du misterio karakter literario moduan aurrekaririk ez bide duen Jakobek? Dostoievski, Rousseau, folklore germaniarra…, halere, Kafkak halako kutun duen pertsonaia prototipiko hura guztiz berezia da hogeigarren mendeko literaturan. Walser ez da idazle politiko nabarmena. Baina, zelan ez lotu Hitlerren alkandora arreen sostengu izan ziren burges txikiak eta pertsonaiaren ezaugarriak: zibilizazioari eta haren balioei buruzko zinismoa, adimenarenganako mespretxua, munduaren funtzionamenduaren gaineko uste sinpleak, obeditzea bertuterik bikainena dela sinestea, destino heroikoaren deiaren zain egotea, norbera aspaldiko borrokalari leinu baten ondorengo aldarrikatzea, gizonezkoen barnetegian halako gustura bizitzea, bihurrikerietan atsegina topatzea?
Liburuak ez du hiriaren izenik esaten, baina errazto igartzen da Berlin hasieratik bertatik. Idazlearen beraren bizimoduaren oihartzuna? Alemaniara aldatuko da bizitzera, han ere nazkatu eta aberrira itzultzeko, bere zoroak bizi dezan. Eromenaren esku gelditu denean, sarritan ahalegindu da bere burua hiltzen, baina “ez naiz gauza ezta urkatzeko lakioa behar bezala prestatzeko ere”.
Euskal irakurlea zorretan dago Robert Walser gure bilaldera ekarri duten itzultzailearekin eta argitaletxearekin. Halere, XXI. mendean gaudela, oraindik itzultzailearen izenik ez da agertzen liburu azalean. Erraz ahazten dute batzuek itzultzailea idazle ere badena, jatorrizkoa haren bitartez jasotzen duela irakurleak. Edorta Matauko ez da hasiberria euskal itzulpenean (Autoa, Leviatana), eta honako honetan ere lan eskerga egin duenik ezin uka daiteke, nahiz eta edizioan akatsen bat edo beste agertzen den.
Robertek dioenez: “Neure burua besterik ezin dut jasan. Lar badakit ere, asko ikusia naizen arren, ezer ez dut kontatuko ezertaz ere; ez nago hemen idazteko, zoratuta egoteko naiz ni hemen”.
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Barazkijalea
Han Kang
Jon Martin-Etxebeste
Café Mokka
Jabier Muguruza
Aiora Sampedro
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi