« Gauzak erakutsi | Sufrimenduaren lirika »
Poetikak & Poemak / Antologia / Erein, 2005
Atzeak erakusten du Aritz Galarraga / Gara, 2005-10-15
Poesiaren arau eta printzipioei buruzko lanari esaten zaio poetika. Zentzu zabalago batean ulertuta, idazle batek bere jardunaren gainean egindako saiakera idatzia litzateke. Teoria, alegia. Ohituak gaude emaitza liburuak irakurtzera: poema sortak, ipuin bildumak, nobelak. Praktika, alegia. Baina gutxitan erakutsi ohi da sukalde lana, idazketaren atzean dagoen arau, printzipio, asmo, intentzio edo dena delakoen multzoa, askorengan kuriositatea eta interesa pizten duen eremu ezezagun hori. Aukera eskaintzen digu Iban Zalduak antolatu duen hibrido honek, euskaraz idazten duten bost poetaren poetikak eta berauek ilustratzeko poemak bildu baitira lan honetan. Idazleak, aski ezagunak: Rikardo Arregi, Miren Agur Meabe, Joseba Sarrionandia, Castillo Suarez eta Kirmen Uribe. Aski ezagunak eta, beste literatur-generoetan egindakoa gutxietsi gabe, poesian nabarmendu direnak.
Ateko behatxulotik begiratzeko interesa duen orok poetak adina poesia egiteko modu aurkituko du orriotan. Lan egiteko modu desberdinak planteatzen dizkigute bost idazleok, bakoitzak berea, baina ez idazteko modua zein den zehazteko nahiarekin, testuotan ez baita bilatzen nola idatzi behar den zehaztea, idazteko modu desberdin eta anitzen adibideak jartzea baizik. Adibideak dira, beraz, poesia egiteko era diferenteak. Hemen bildutako poetikak ez dira poesia zer den erantzuten saiatzen, poesia bost idazleontzat zer den erantzuten baino. Desberdintasunak daude bost idazleon artean, aberastasunaren seinale. Bakoitzak bere begirada. Baina bada guztiak harilkatzen dituen zerbait, “kontatzeko manera garbia” Uriberen hitzetan, bizitzarekin, esperientziarekin lotutako hizkera, bestela esan nahi bada. Poemak, esan beharra dago, orain arte liburuan argitaratu gabeak direla eta hurrengo lanen erakusgarri izango direla. Poetiken baieztapen praktikoa, alegia.
Behin puntu honetara iritsita galderak izan daitezke hauek: Zergatik poesia idazleen poetikak? Eta ondoren, zergatik poeta hauen poetikak? Lehena erantzuten saiatuko gara. Poetika hitza etimologikoki poesia hitzari loturik dagoela kontuan hartuta, erantzuna Zalduak berak ematen digu hitzaurrean, bere ustean poesia beste literatur-generoen gainetik ez dagoela aitortu ondoren: “Uste dut poeta batek bere sorkuntza-prozesuari buruz esan ditzakeenak esanguratsuak izan daitezkeela haren garaiko eta giroko sorkuntza-prozesuari buruzko datu batzuk eskaintzeko orduan”. Zalduaren baieztapen honi uko egin gabe, interesgarria litzateke beste sorkuntza-espresioak lantzen diztuztenen arau eta printzipioak argitara ematea, espresabide bakoitzak bere ezaugarri bereizituak dituelako eta, ikuspegi orokor baten barnean bada ere, bide propioa egiten baitu. Poetok aukeratzearen motiboa erabat subjektiboa dela ere aipatzen du Zalduak, gustu pertsonalak izan direla aukeraketa egiteko irizpide. Sinetsiko diogu, baina egia da ere bost izenok erreferentziazko izenak direla eta izango direla euskal poesiagintzan. Esan nahi dena da, bestelako irizpide “objektiboago” bat erabili nahi izan balitz, XXI. menderako euskal poesiaren nondik-norakoak markatzen dituzten poeten aukeraketa, esaterako, egindako hautua ez litzatekeela erabat okerra izango.
Esaera zaharraren berridazketa interesatua eginez gero, esan genezake “atzeak erakusten duela aurrea nola idazten den”. Poetikek erakusten digute poesia egiteko modua, idaztearen atzean dagoena. Poetikak idazlea biluztu egiten du, poesia ulertzeko modua agerian utzi. Eskertzen diegu strip-tease-a.
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Amaia Alvarez Uria
Zer egin Miranderekin?
Askoren artean
Irati Majuelo
Azken batean
Lourdes Oñederra
Paloma Rodriguez-Miñambres
Independentziaren dekalogoa
Joseba Gabilondo
Mikel Asurmendi
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Maialen Sobrino Lopez
Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta
Asier Urkiza
Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu
Nagore Fernandez
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Paloma Rodriguez-Miñambres
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Mikel Asurmendi
Esker onak
Delphine De Vigan
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Enarak
Bernardo Atxaga
Irati Majuelo
Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor
Aritz Galarraga
Moebiusen ertzak
Garazi Kamio
Joxe Aldasoro
Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro
Mikel Asurmendi