kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Mende berrirako ipuinak / Antologia / Erein, 2005

Mende berrirako ipuinak Aritz Galarraga / Gara, 2005-08-27

Antologiak beti dira antologia. Beren alde on eta alde txarrekin. Antologiei hartzen diet dendetako erakusleihoen antza. Nolabait dendan aurki daitezkeen produktuen artean deigarrienak, erakargarrienak, adierazgarrienak dira erakusleihoetan paratzen direnak. Nolabait denda barruan aurki daitekeenaren amu dira erosle posiblearentzat. Gauza bera gertatzen da antologia liburuekin, zerbait zabalagoaren erakusgarri izan nahi dutela, osotasun baten lagin doi eta fidel izan nahi dutela. Eta hor, ezinbestean, paper garrantzitsua jokatzen du eskaparatea atontzeko lana hartu duen dendariak, antologian bildutako lanen aukeraketa egin duen hautatzaileak alegia. Kontuan hartzekoa da, beraz, irizpide subjektiboen gainean osatzen direla gisa honetako bildumak eta, ondorioz, diskutigarriak izan daitezkeela irizpide horiek. Aukeraketa bat egiten den guztietan bazterketa bat gauzatzen baita. Baina, testuinguruaren arabera betiere, lanabes baliagarriak izan ohi dira sarri, zentzuz eta helburu duin batekin egiten direnean batez ere. Eta jakinik antologiak beti direla antologia.

“An Anthology of Basque Short Stories” liburuan dugu abiapuntua, Nevadako Unibertsitateak 2004an argitaratu ipuin bilduman. Mari Jose Olaziregi euskal literaturan aditu eta arituak egin zuen ipuinon aukeraketa, euskal ipuingintza garaikidearen isla ahalik eta zintzoena egiteko asmo zintzoarekin. Hala, ingelesera itzuli ziren azken urteetan genero desberdinetan erreferentzia izan diren autoreen narrazio lanak (Atxagaren “Teresa, poverina mia”, Sarriren “Marinel zaharra”) eta, hauekin batera, ipuinak idazteari tamaina bikain hartu dioten idazleenak ere bai (Iban Zaldua, Xabier Montoia). Ingelesera egindako itzulpen horien bilduma lana baliatuz, euskal irakurleari eskaintzen zaio orain material berbera, jatorrizko hizkuntzan noski. Euskal irakurleak eskertuko du azken urteetan egin denaren aukeraketa bat erakusleihoan paratzea, batzuek bestela atonduko balute ere. Antologia hau irakurtzean, gogoan izan dut Gerardo Markuletak euskaratu eta apailaturiko poeta katalanen antologia hura eta literatura berri baten berri nola izan nuen orri haien artean. Eta leiho horien bila dabilen jendeagan pentsatu dut, izan ingeles hiztun zein euskaldun.

Euskal ipuingintza garaikidearen joera askotarikoa islatzen da bilduma honetan. Atxaga eta Mujika Iraolaren tonu lirikotik, Cano eta Montoiaren joera errealistara. Zalduaren narrazio labur eta zirikatzaileetatik, gertaera errealetan oinarrituriko Lertxundiren prosara. Rozasen gaur egungo gizarteari egindako erretratutik, Juan Garziak mendeetan atzera eginiko bidaiara. Askotarikoa baita euskal ipuin garaikidearen panorama, posmodernitatearen ezaugarriak bere eginez.

Bernard Etxeparek utzi zuen idatzia, orain ia bostehun urte: “Basque, go forth into the world!”. Egun, oraindik ere euskaldunok geure burua ezagutarazteko bitartekoak jarri beharrean aurkitzen gara, geure hizkuntza, kultura eta literaturaren berri hangoei zein hemengoei emateko premian. Lan honetarako bidean jartzen gaituzte era honetako liburuek. Hizkuntza desberdinetara itzultzea ezinbestekoa da gurea bezain txikia den literaturarentzat, are munduko hizkuntza boteretsuenera. Koldo Almandoz zinegileak orain gutxi aipatu du euskal literatura gainbaloratua ote dagoen. Eztabaidak eztabaida, honelako lanek erakusten dute benetan zer dagoen eta gurean hauxe da dagoena. Bada, bai, eztabaidarako gairik.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak