« Bihotzetik begirada | Historiaren mamuak »
Van't Hoffen ilea / Unai Elorriaga / Elkar, 2003
Estiloaren auzioa Iban Zaldua / Volgako Batelariak, 2005-06-01
Unai Elorriagaren bigarren nobelaz arituko naiz hemen, beraz; “Van’t Hoffen ilea” liburuaz alegia (2003, hemendik aurrera VHI), 2001. urtean SPrako tranbiak (hemendik aurrera SPT) jotako ezustekoaren ondoren argitaratua. Denbora pixka bat pasatu da liburuaren eta haren itzulpenaren kaleratzearen inpakto mediatikoaren unetik eta horrek, akaso, liburuari buruz hitz egiteko perspektiba apur bat gehiago ematen digu. Gainera bizkaitarraren hirugarren nobelaren argitarapenaren atarian bide gaude eta, beraz, une ona izan daiteke gaiari heltzeko.
Eta nik esango nuke perspektiba horrek eskaintzen diguna kontraesankorra dela, hein batean behintzat: alde batetik, lehenengo nobelan ikusi zen bezala, estilo baten jabe den idazle baten aurrean gaudela berresten du VHIk; bestetik, ez da inolaz ere heltzen, interesaren ikuspuntutik, SPTren ekarpena berdintzera; irakurleek VHIri eskaini dioten harrera, apalagoa hala euskaraz nola gaztelaniaz SPTren kasuan baino, inpresio hori indartzera datorrela esango nuke.
Baina has gaitezen hasieratik. Aitor dut harritu ninduela SPT nobelari emandako Narratiba Sari Nazionalak: ez nuen espero. Batik bat kontuan hartuta Espainiako urte horretako produkzioan Javier Cercas-en Soldados de Salamina edo Manuel Longares-en Romanticismo bezalako lan sendoak nabarmendu zirela (hori, ezagutzen ditudan apurren artean: zenbat eta zenbat baleko lan ibiliko ziren hortik, oharkabean pasatu zitzaizkigunak…). Eta, ondorioz, saria eskuratu ondoren, nobela berrirakurri nuen, badaezpada, eta, egia esan, lehenengo aldiz leitu nueneko inpresio berbera jaso: lanaren atzean idazle bat zegoela, ezbairik gabe, baina nobela bera ahul samarra iruditu zitzaidala. Lehenik eta behin, SPT erraz irakurtzen den eleberria dela esan beharra dago, hasi eta amaitu egiten den horietakoa, eta hori ez da gutxi euskal literaturan. Baina ez da nahikoa ere; ez jadanik behintzat. Saltoka eraikitako egitura linealak, menpeko ipuin, eskutitz eta pasarteez tartekatua, oso berritzailea ez den arren (baina, zer da berritzailea egungo literaturan, inoizko literaturan?), bikain eusten dio istorioari, eta ondo azpimarratzeko kontua da. Dena dela, topiko bat da esatea nobelagilearen lanbide nagusia ez dela egia, egiantzekotasuna baizik, eta nik SPTrekin izan nituen arazoak egiantzekotasunekoak izan ziren, batik bat: 30. orrialdetik aurrera ezin izan nituen sinetsi, literarioki, pertsonaiek egiten edo esaten dituzten gauza gehienak. Borondate oneko irakurleei egindako keinuen metaketa gehiegizkoa begitandu zitzaidan, zahartzaroaren zein gaixotasunaren estanpa adeitsua aurkezteko ahalegina bezala. Horretarako, hizkuntz piroteknia berezi batez baliatzen da egilea: kutsu liriko handiko irudiez batez ere; berriro ere, gehiegi, nire ustean. Norbaitek “errealismo magikoa” aipatu zuen SPT sailkatzeko; nik, posible balitz, “irrealismo magikoa” proposatuko nuke. Nobela hori argitaratu zen garaian, adiskide batek samurtasun literarioaren itzuleraren aldeko aldarrikapen sendoa egin zidan: irakurle asko samurtasun horren bila zebilela iruditzen zitzaion, eta froga liburu hori bera izango zen, eta garai bertsuan kaleratu ziren beste zenbait. Samurtasunaren eta samurkeriaren kable lausoaren gainean orekari, SPT samurkeriaren aldera nabarmen makurtzen zela esango nuke, ordea.
Edonola ere, eta konbentzitu ez ninduen arren, ezin ausartuko nintzateke esatera SPT nobela txarra denik; Unai Elorriagak elkarrizketa batean baino gehiagotan azpimarratu bezala, gustatuko zaizu ala ez, baina ezin da arinkeriaz esan “hau nobela txarra da”. Ados. VHIrekin, dena den, ez ditut gauzak horren argi, izan beharreko zuhurtasun-maila horri dagokionean.
Has gaitezen, arauzkoa den bezala, argumentuarekin. Matias Malanda ministeritzako funtzionarioa da VHIren protagonista nagusia, eta liburuak bildutako istorioak ardazten dituen pertsonaia. Matiasek, ministeritzaren aginduei jarraituz, inkesta bitxi bat burutu behar du Idus hirian eta ingurumarietan: antza, pertsona jakin batzuen biografia “arraroak” biltzeko, grabagailu baten laguntzaz, baina, benetan, elkarrizketatuek etxean dituzten “Tabucchi” entziklopediaren aleetan sakabanatuta dauden pista ezkutuak aurkitzea bide du helburu ikerketak; horretaz guztiaz gain, Matias badabil beste bilaketa pertsonalago batean, berarentzat eta Miguel anaiarentzat bizitzeko leku berri bat topatzeaz haratago doana, irakurlea amaieran ohartuko den bezala. Miaketa hauek guztiak aitzakia dira Elorriagarentzat hainbat pertsonaia, leku (Malanda pentsioa bereziki garrantzitsua da, esaterako), istorio, ipuin eta suzedido harilkatzeko nobelan zehar.
SPTn ez bezala, dispertsioa da nobela honen ezaugarri nagusia: istorioen arteko lotura (halakorik dagoenean) oso arina da, garapenen bat izatera bideratuta ziruditen pasadizoek ez dute jarraipen argirik, eta hainbat hari solte uzten dira; macguffin-ez osatutako liburua ematen du, batzuetan, VHIk (adibide bat jartzearren, eskafandra barruko paperaren “misterioa” aipa daiteke, baina gehiago daude). SPTz hitz egitean, haren egitura ez-lineala azpimarratu da batzuetan; niri, aipatu bezala, ez zitzaidan horren ez-lineala iruditu: etenez beteta dagoela ezin da ukatu, baina egitura oso gardena jarraitzen dute atalek SPTn, betiere nobelaren gai nagusiarekin harremanetan daudenak, gainera, eta horrek izugarri errazten zuen istorioaren jarraipena. VHIk, ordea, kontrako bidea hartzen du: egiturak aitzakia dirudi, habe sendoa baino, eta azken batean zio nagusiak diruditen narrazio-txatalak ez daude erabat ondo josita, eta horrek oztoparazi dezake irakurketa. Ipuinak, bestalde, eta salbuespenak salbuespen, apuntean geratzen dira gehienetan, eta ez dute biribiltasunik: are ideia benetan iradokitzaileak zirriborratzen direnean ere (guraize formako museo bitxiaren funtzionamendua, E. H. Beregor idazlearen asmakuntza —horren borgestarra, kurioski, eta aurreko liburutik datorrena—?), ez zaie erremate sendorik ematen. Istorio horien bitartez, eta atalen izenburuetatik hasita, irakurlearen sorpresa bilatzen du etengabe Elorriagak; horretarako erruz erabiltzen ditu, besteak beste, surrealistatzat jo daitezkeen elementuak (baina asmo subertsiborik gabekoak), literatur lantegietako jolasak, absurdua eta txistea; aurreko lanean bezala (edo gehiago, agian), irudi, konparazio, kontrajartze eta metafora bitxi ugariz hornituta dator VHI. Adibide batzuk ematearren: “Eta txiza egin zuen; txiza egin zuen ume batek zirkua ikusten duen bezala, eta borborka”; “Malanda pentsioa edredoi beltz bat zen gauez eta banana bat edo meloi bat egun argiz”; “Zizareak bazkalondoetatik altxatzen diren bezala altxatu zen, ezertarako gogorik gabe”; “liburu amablea zen eta itsasbelar itxura zeukan”; “Eta batzuetan itoginak izaten dituzte informazio horiek eta, beste batzuetan, ondo egin gabe izaten dute bizarra informazio horiek. Eta bizar zikina daukan informazioa informazio txarra izaten da. Eta informazio disolutoa ere bai, eta libertinoa”. Eta abar. Julio Cortázarrekin konparatu izan dute batzuetan Elorriaga, eta egileak berak aitortu du bere eragin handienetakoa dela. Eta akaso egia da: VHIn aurki daitezke, esaterako, idazle argentinarraren Un tal Lucas (1979) bezalako obren oihartzunak. Baina oihartzunak besterik ez direla iruditzen zait niri: lehen seinalatu dudan bezala, Cortázarren jolasek, Un tal Lucasen bertan esaterako, asmo iraultzaile eztabaidaezina dute, hitzaren zentzu etimologikoan (eta baita politikoan ere, askotan), eta nik ez dut halakorik sumatzen Elorriagaren nobeletan.
Hau guztia, jakina, zilegi da nobela batean, berez muga berezirik izan beharko ez lukeen generoan: ez dut dudarik istorioak ez amaitzea, in media res uztea, soilik iradokitzea zenik egilearen helburua (bertan aipatzen den bezala, “Matiasek bazekien amaiera falta zela istorio horretan, baina pentsatu zuen hobeto zegoela amaierarik gabe. Izan ere, kalterako izaten da amaiera istorio batzuetan. Eta beste istorio batzuetan hasiera izaten da kalterako. Eta beste istorio batzuetan erdikoa izaten da kalterako”). Alde horretatik, apustu larria egin du liburu honetan, eta hori behintzat aitortu behar zaio Elorriagari. Modu horretan jokatu zuen, esaterako, Italo Calvinok Baldin eta neguko gau batez bidaiari bat liburuan, baina bertan aurrera eramaten gaituen mekanismo ederra da protagonista, istorioak lotuz (eta, hala ere, liluragarriak dira istorio horiek…); egile beraren Hiri ikusezinaken, ordea, ipuinen biribiltasuna bera da oinarri nagusi (eta, dena dela, istorioak kateatzen dituzten baliabideek primeran funtzionatzen dute). VHIk sortzen dizkidan zalantzak bide horretatik doaz: hutsuneak sumatzen ditut hala mekanismoan, nola ipuinetan. Adibide bat Luvinoren istorioan aurki dezakegu (nobelako gakoetako bat, bide batez): Matiasek pertsonaia horrengandik jasotzen duen informazioa etengabeko sarrera eta itzulinguruez osatuta dago (garrantzitsuena, kartzelako idazkariaren ipuina, ez bereziki distirantea, nire uste apalean), eta, azkenean, Luvinoren beraren istorioa ezagutu gabe geratzen da Matias, eta baita irakurlea ere (4. atala, “Talvez uma” izenburukoa). Istorioak, ordea, jarraipena du 12 (“Kotka gandarias”) eta 18. ataletan (“Dorum Kostras”): inkoherentzia narratiboaren mugetan dauden jauzi batzuen ondoren, Luvinoren etxera itzultzen da protagonista, eta 4. atalean ez zeukala esan zion arren, Matiasek lortzen du, azkenik, etxe horretako “Tabucchi” entziklopedia kontsultatzea, eta han topatuko du bila ari omen zen Vedraman nobelaren atal galdua, eskaintzen zaiguna eta VHIren gainontzeko atalen estilo berean idatzita dagoena.
Jolasaren gozamena aipatu da, inoiz, liburu eta literatura mota honen defentsan; gaztelaniazko poltsikoko edizioaren azpi-izenburu publizitarioak “¿Juegas?” erronka botatzen dio irakurleari, hain zuzen ere. Baina jolasak, Julio Cortázarrek ondo zekien bezala, arau batzuk izan behar ditu, konplexuak izan daitezkeen arren, eta jolaskidearekin (irakurlearekin) konpartitu behar dira, hein bateraino bederen. Oso bestela gertatzen da egileak ezarritako jolaserako arauak aldakorrak, edo zentzu handirik gabekoak direnean; halakoak iruditu zaizkit, esaterako, pertsona narratiboaren aldaketak, hirugarrenetik lehenengora eta lehenengotik hirugarrenera (liburuak aurrera egiten duen heinean ugarituz doazenak, xede argirik gabe: besteak beste, honetan ere ez da aldaketarik sumatzen idazkera-estiloan). J. Ernesto Ayala-Dip-ek liburuaren gaztelaniazko itzulpenaz esandakoak El Paiseko Babelia gehigarrian, hurbil sumatzen ditut nire ikuspuntutik:
A la severa sobriedad de un Kafka, el escritor vasco le opone una cadena de ocurrencias verbales muy bien equipadas y llenas de contagiosa amabilidad. Pero el absurdo sigue rondando por las páginas sin que sepamos nunca exactamente dónde reside su maldad o su banalidad, a diferencia de lo que ocurre en algunos de los cuentos más emblemáticos de Kafka, incluso del ya citado Cortázar. (…) La novela tiene buenos momentos, aunque lamentablemente menos buenos y más innecesarios que la primera que publicó. (…) con esta facilidad para encantar serpientes, ¿cree Elorriaga que podrá desentrañar en su próxima novela lo que se esconde detrás del mundo que narra? Lo que está delante parece que con unas buenas greguerías y demás efectos lingüísticos queda retratado, pero lo que está escondido no se desentraña con unas costuras, por más brillantes que sean.
Edonola ere, jolasa zio literario nagusitzat hartzen den kasuei buruz pentsatzen dudana oso ondo adierazi zuen behin batean Txuma Murugarrenek batean.
Esaten ari naizen hau guztia, gainera, garrantzitsua da fantastikoa izan nahi duen nobela batean, nobelaren oso aldaera zaila baita fantastikoa (alde batera uzten baditugu, jakina, azpigenero estandarizatuak: zientzia fikzioa, terrorea?): Juan Garziak ondo azaldu duen bezala, ipuinak, berez, “fantastikorako” joera handia baldin badu, nobelak “errealismorakoa” dauka. Horrek ez du esan nahi ezinezkoa denik nobela fantastikoak idaztea: kontua da alor nobelesko horretan unibertso koherenteak edota bikainak eraikitzea nekezagoa dela, Kafkaren lanek (horren imitatuak, alferrik) edo Bioy Casaresenek frogatzen duten bezala. Ez dago zalantzarik Elorriagak, aurreko liburuarekin bezala, ahalegin eskergarri bat egin duela VHIn bide gaitz horretatik abiatzeko, eta hori kontuan hartu beharreko zerbait da.
Aipatzen dudan honen guztiaren adibide bat nobelaren lehenengo orrialdeetan aurki dezakegula uste dut. Idusera joateko trena hartu du Matiasek, eta konpartimentuan dagoela, halakoetan egiten duen bezala, barruan suge bat daukan gomazko pilota batekin jolasten hasi da, arau bitxi batzuk jarraituz (pilota sugedunak eta jolasak zenbait digresiorako aitzakia emango dute nobelan zehar, eta horietako batean, esanguratsuki, jolasaren arauak aldatuko ditu Matiasek berak); honela jarraitzen du “harik eta konpartimentura alargun bat sartu arte”, bere semearekin. Irakurleak, apika, informazio gehiago ematen ez zaionez, narratzaileak alarguna denik nola dakien galdetuko dio bere buruari (bi orrialde aurrerago “alargun-eskuak” —?— dituela esango zaigu, soilik). Hiru pertsonaien artekoek betetzen dituzte hurrengo orrialdeak, gertakari handirik gabe; azkenean beren geltokira heltzen dira alarguna eta umea, eta gizonezko batekin elkartzen dira: “Alarguna besarkatu zuen eta musua eman zion, ahoan, bost segundokoa. Osasun ona zeukan alargunaren senarrak. Hildakoa izateko”. Eta horixe da dena.
Azken batean, estiloa litzateke VHIren euskarririk behinena: irudi surreal antzekoen eta tropoen erabilera hori, idazkera literarioarekin batera (esaldi laburrak, errepikapenak, hiztegi berezi bat), Elorriagaren estiloaren osagarriak direla esan baitaiteke, eta hor, jakina, ezin da erabateko ezer esan: gustatzen zaizu, ala ez (“estiloa” zer den zehazki nahikoa eztabaidarako emango luke, baina luze joko luke horretan sakontzeak). Ezin dena ukatu da estilo propioa duela, erabat antzemangarria; SPT orriztatu badu, irakurleak erraz jakingo du, izenik ez baleki ere, VHIk egile bera duela, eta onartu behar da hori ez dela ohikoa, lehendabiziko bi nobeletarako, ez gure letretan, ezta ingurukoetan ere. Aparteko aipua mereziko luke, akaso, gaztelaniazko erdarakaden erabilera zabala, estilo horren osagai nabarmen gisa alegia. Edonola ere, egileak berak idazten duen moduan: “Dalíren koadroak, esaterako, ez dira argiak edo ederrak edo presentableak: Dalíren koadroak dira karismatikoak. Koadroak eta izenburuak. Katxondoak ere badira”. Elorriagaren estiloak, katxondoa ez dakit, baina badu karisma bat, zigilu propio bat.
Oso beste kontua da, dena dela, hori nahikoa ote den. Uste dut Javier Maríasek kontatzen zuela bere nahia, idazle gaztea zelarik, estilo propioa eraikitzea zela, besteengandik guztiz desberdinduko zuena. Baina, geroago, konturatu zela estilo hutsak, edukirik gabeak, ez zuela inora eramaten, eta estiloaren auziari kasu gutxiago egiten hasi zitzaion: eleberrien edukietan kontzentratu egin zen orduz geroztik.
Gakoa hor dago, apika.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres