« Egunkaria | Euskal bidaiariak »
Itzalak / Iban Zaldua / Erein, 2004
Kafe kaputxinoa bezala: kontzentratua, iluna eta usaintsua Gema Lasarte / Berria, 2005-04-19
Irakurraldi bakarrean hasi eta buka egin daitezke liburuko ipuin gehienak. Juan Garziaren esanetan, ipuintasunaren ezaugarri idealetako bat dugu berau. Iban Zalduak idatzitako 37 ipuinetatik gehienak kolpez irakurtzen dira eta kolpez bukatu. Gai honen harira, Julio Cortazarrek, argentinar idazle batetaz mintzo zela, zera zioen, aipaturiko idazlea boxeozalea zela oso, eta esaten omen zuen irakurlearen eta testuaren arteko borrokan, nobelak puntuka irabazten zuela eta ipuinak, aldiz, knock out-ez irabazi behar zuela. Iban Zaldua liburu honetan knock out-a erabiltzen kontrazalean bertan hasten zaigu. Kontrazalean iragarri bezala, barruan topatuko ditugun ipuin askoren bukaerak knock out-ez izango dira. Batzuk aipatzearren: Erret Ezteiak, Hipermerkatuan, 1985…
Bukaeraz gain, hasierako hitza ere aipatu behar dugu, hasierako hitzetik irakurlea erakartzeko tonua lortu baitu Volgako batelari honek bere ipuinetan. Hasierako hitza eta bukaerako kolpea ez ezik, ipuinetan lorturiko intentsitatea eta tentsioa aipatu behar dira. Argazkiak, Carvalhorekin gosaltzen, Bizilagunak… ipuinak esandakoaren adibide argiak dira. Izenburuan genioen bezala, argazkien antzera errealitatearen zati kontzentratuak ditugu Zalduaren lan hauek. (“Proiektua erakargarria zen, berez. Argazki batzuen fikzioak asmatzeko proposatzen zitzaigun zenbat idazleri. Argazki horietako bat aukeratu eta hilabete pare bat izango genuen ipuina burutzeko”).
Inazio Mujika Iraolari leitu genion irudi baten inguruan garatzen zituela ipuinak, eta ipuin bilduma honetan zehar ironia eta umore iluna topatu ditugu. Agian ipuinez ipuin itzalak sortzen doazelako eta azkenean bildumari, oro har, iluntasunaren antzeko kolorea dariolako. Heriotza behin baino gehiagotan azaltzen da liburu honetan, baina, esan berri dugun bezala ironiaz kargatua. Auschwitz bi ipuinetan azalduko zaigu: Entzungailua eta Elijah Jorowitz ipuinetan; heriotza, berriz, 1985 eta Margolariarena ipuinetan.
Eta azkenik, aromatikoa dela esango dugu, Taxistarena bezala (usainaren bidez besteen bizitza irakurtzen zekien taxistarena). Ipuin bilduma benetan aromatikoa bilakatzen duena Zalduak irakurlearekin egin duen etengabeko jolasa da. Lehen pertsona eta hirugarren pertsona nekatu arte erabili ditu. Askotan badirudi Zaldua idazlea bera ari zaigula idazten, baina gutxiena espero dugunean, bibotea kenduta emakumezko pertsonaia azalduko zaigu. Metaliteratura eta metafikzio ugari dugu. Nobela hura ipuinean, iruzkingai dugun liburua azalduko zaigu, eta izenbururik gabe azaltzen zaigun ipuin bakarrak liburuaren izenburua du oinarri. Literaturak eskaintzen dituen lizentzia guztiak erabiliko ditu Zalduak jolas literario ezin ederragoa egiteko. Errealitatea eta fikzioa sarri nahastuko ditu: biziak hilda ikusiko ditugu; nobeletako pertsonaiak bizitza arrunta egiten ibiliko dira (“fikziozko pertsonaia batzuk haien asmatzaileak baino luzaroago bizitzera heltzen baitira”); zaletasunak obsesio bilakatze arteko giroak lortuko ditu… Esandakoaren lekuko: Batatak, Hotel Alaska, Darcy, Tom Ripley…
Beste mila gauza konta genitzake liburu honetaz, gauzak ondo egitearren, ipuin bakoitzaren iruzkina egin beharko genukeelako. Baina bukatu beharrean gaude eta esango dugu kolpez kolpe irakurtzen den ipuin bilduma honek baduela bere osotasunean liburu bera osatzearen ezaugarria: ipuin bakoitzak bere baitan daraman sorpresaz kargaturiko hitz-kutxa, ipuintasuna alegia.
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Garondoan
Gorka Bereziartua
Mikel Asurmendi
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande
Mikel Asurmendi