« Izuaren basoa | Hotsak isiltasunean »
Arimaren ondoko ezkien artetik ibilki / Andolin Eguzkitza / Susa, 2004
Ezkien itzala argia denean Oier Guillan / Gara, 2005-01-22
Ez ohikoa da oso Andolin Eguzkitzak sinaturik liburudendetara iritsi den azken olerki liburua, Arimaren ondoko ezkien artetik ibilki. Ezohikoa arrazoi askorengatik.
Ezohikoa hasteko, osatugabea delako. Edo osatugabea bainoago, ezustean osatua, liburua egileakpentsatzen egoten ahal zen bezala amaitu beharrean, ezusteko heriotzak beharturik bestelako osagaiek osatzen dutelako: gertutasunak besterik sortu ezingo lukeen Juan Ramon Madariagaren hitzaurrea dago batetik, pertsona eta idazlea koordenatu beretan kokatzen dituzten lerro zintzoak, irakurleak poemak irakurrita sentitu lezakeenaren osagarri. Bestetik, liburuaren azken orrialdeetan idazlea une batez albo batera utzi eta pertsona berreskuratzeko aukera eskaintzen da xumeki, Andolinek idatzitako zenbait jatorrizko esku izkribuen kopiekin. Haien lerro artean islatzen ahal da pertsonak idazterakoan sentitzen ahal zuen grina, bere buruarekiko zorroztasuna, barne borroka eta lerroak gauzatzeko sendotasuna.
Liburua osatugabea da neurri batean baina, era berean, osoa bere horretan, poemek banaka badutelako behar adina indar, behar adina osotasun. Liburu osatugabea da batez ere irakurlea gehiago irakurtzeko nahian utz dezakeelako, irakurleak badakielako testu hauek etorkizunerako iradoki zezaketen bidea jada ez dela posible.
Poema hauek heldutasuna dute aldarri. Ez heldutasun faltsua, gizartean integratua edo onartua. Bizitzeak eta bizitakoa hitzetan islatzen lortzeak ematen duen heldutasuna da lerro hauen artekoa. Bizitzaren eta sentimenduen konplexutasuna hitzetan baino haien edukietan igartzen da. Liburu honetan Eguzkitzak ez dio gizakiaren konplexutasunari ihes egiten, aurrez aurre hartzen du eta irakurleari ere halaxe eman: biluzik neurri handi batean, mozorro larregirik gabe, ageriko. Gauzak modu sinplean azaltzeak ez du esan nahi ahulak direnik, modu zuzenean hitz egin baitaiteke gauzarik konplexuenez.
Poema hauetan izan dut bai sentsazio bat hitzekiko: poema batzuk hurbilak egin zaizkit eta beste batzuk urrunak, baina guztiengan hitz bakoitzak bere lekua zueneko sentsazioa gailendu zait, bere funtzio zehatza, une oro esan nahi denaren eta biluzteko ariketa horren mesedetan. Modu horretan poemen edukiak pertsonalegiak suertatu litezkeen arren, irakurleak, agian, ezin du saihestu haien erritmoan sartzea eta sentimenduak konpartitzea opari baten gisan jasotzen duenaren gertutasunez irakurtzea. Bere ahulaldietan, erorketak bermatzen dizkioten ezaugarrien ezagupenean aurki lezake pertsona batek bere indarra. Sinpletasuna ahulaldiaren pareko ez den bezala, sentikortasunak ere, biluzteko gaitasunak, ahul sentiarazten duten egoeren agerpenak, ausardia transmititzen du ahulaldia baino gehiago.
Bada testu hauek erakargarri egiten dituen beste ezaugarri bat ere, sentikortasunari estuki loturik baitator kasu honetan sentsualitatea, eskutik helduta inolaz ere. Sentsualitatea, erotismoa zentzuz beterik sentitzen duenaren grina keinu bakoitzean, gorputz atal baten aipamenean hura mementu batean zeharkatu zuten korronte elektrikoek sentiarazitako isiltasuna eta nahiak ere helarazteko gai den idazkera.
Hitz hauek ebatsi nahi nituzke Juan Ramon Madariagaren hitzaurretik: “Eta bizitzak anker trataturiko gizona kausitzen nuen, histura bihotzean, bizitzaren hitzezko egutegiak baitziren bere poema asko. Inplikaziozko poemak idazten zituen, larrua higatzen zitzaion hitz bakoitzean”. Ezin topatu hitz hauek baino lerro aproposagorik irakurleak liburu honekin jaso lezakeena adierazteko.
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez
Kantu leuna
Leila Slimani
Maialen Sobrino Lopez