kritiken hemeroteka

8.669 kritika

« | »

Fitola balba, karpuki tui / Jon Gerediaga / Pamiela, 2004

Hutsaren erditik, garrasia Ibon Egaña / Berria, 2004-05-22

Fitola balba, karpuki tui Jon Gerediaga Antzerkiola Imaginarioko kidearen lehen poema liburua ireki eta Aritz Merinoren ilustrazio zirraragarri batekin egin dut topo. Ohe huts eta zabal bat erakusten du irudiak; ohearen alboan oinetako hutsak eta atzean giza itxurako itzalen ilara infinituraino luzatzen dena. Ez zait absentziaren eta hutsaren deskribapen hoberik bururatzen. Bertigoaren eta beldurraren, heriotzaren eta bakardadearen irudikapen ederra da Aritz Merinorena. Zenbait orri pasa eta 2000. urteko negua poema irakurri diot Gerediagari, “Lagunen ausentziaz betetako ohe hutsa” esanez hasten dena. Gerora jakin dut Erico Monroe FTI-Antzerkiola Imaginarioko kidea hil zela negu hartan eta galera hartaz diharduela poemak bezala ilustrazioak. Hala ere, hutsunearen eta absentziaren ideia orokorrago bat dago poema liburuaren sorreran, lehen orrialdeetatik. Hutsunearen, ezerezaren esperientziari, heriotzaren ezereza ezagutu izanari emandako erantzuna baita poema-liburua. Poesia, sakon-sakoneko hutsa, ezereza habitatzen duen izakia da liburu honetan. Liburuaren hasieran jarritako Edie Brickellen aipuak aurreratzen du poemaz poema Gerediagak garatuko duen ideia: “There´s nothing I hate more than nothing”. Ezerez hori, absentzia hori izan daiteke, baina, sorkuntzarako pizgarri, poesia izan daiteke ezerezaren aurrean egindako oihu etsitua. Hala idazten zuen Ander Lipusek 8 olivettis poéticos antzezlanaren sarreretako batean, Ezaren poetika definitzerakoan: “Ez dut diskurtso logiko bat sortu nahi, bizitza deskribatu eta deskubritzeko. Dena oihu baten antzekoa da, hutsetik sortzen den oihu bat bezalakoa, ezerezetik, zero sentimendu batetik sortutakoa”.

Lagun hilarena da batzuetan absentzia, alboan falta den maitearena bestetan, edo baita jainko laguntzaile batena ere. Ezerezaren aurrean, oihu egiten du poetak, eta errudunak aurkitu nahi ditu, angustiaren erruduna izendatu eta hari egotzi erruak. Jainko forma hartzen du errudun horrek batzuetan, ez egileak haren existentzia baieztatzen duelako, ezpada ezerezari, haren eragileari izen hori ematen diolako. Poema infinituan aitortzen du Gerediagak: “Jainkoaren bila. Jainkorik ez da. Jainkoaren bila…”. Alferrekoa izanagatik utzi ezinezkoa dela jainkoaren bilaketa, ekidinezina. Albert Camusek idatzi zuen gizakion gardentasun-nahiak, arrazionaltasun beharrak munduaren opakotasunarekin talka egitean sortzen dela absurdu sentimendua. Gerediaga ere ataka horretan aurkitzen da liburuan zehar, munduari arrazoiak, zergatiak, jainkoak bilatu nahi eta ezinean. Errealitatearen mututasuna baizik ez du jasotzen ordainetan. Baina Camusek gehitzen zuen ezerez horren jabe egin ondoren, biziaren irrazionaltasunaz kontziente izan ondoren hura bizitzea, hartaz gozatzea dagokiola banakoari. Eta irudi luke antzekoa dela Gerediagak emandako erantzuna ere. Izan ere, liburuaren bigarren atala zabaltzen duen Bob Marleyren aipuak (“When one door is closed / don´t you know another is open”) ate bat zabaltzen dio, etsipenaren erdian, bizitzari. Eternitate-ametsak alboratu egiten ditu poetak (“…hilezkortasuna da / nire ametsek nahi ez duten / gauza bakarra”), eta bizitza bera onartzen.

Modaren tiraniapetik aske dabil Gerediagaren poema liburua, eta horrek egiten du berezi, bestelako. Bitxiak gertatu zaizkit poeta garaikide eta gazte baten ahotan jainko bezalako kontzeptuak, baina, Antzerkiola Imaginarioak teatrogintzan egin bezala, Gerediagak poesian ere diskurtso berezkoa, pertsonala zedarritzeko lehen pausoak eman ditu lehen poema bilduma honetan. Sinbolo zahar-berriek (beleak, txoriak, sorginak, deabrua…) edo mito antzinakoek (labirintoak, Ehove, Ubu, Parnasoa…) leku garrantzitsua dute Gerediagaren poesian. Urruneko zibilizazioetako jainkoek, bertakoagoek, mito klasikoek topo egiten dute Sarrionandia, Atxaga edo Pessoari keinuak egiten dizkien poema-liburuan. Artearen dimentsio antropologikoa, sorkuntzaren izaera antropologikoa azpimarratzen da poema liburuan zehar, Antzerkiolak antzerkian egin bezala, bestalde. Tartean dira, horren erakusgarri, Antzerkiolak Ondarroari eta Bilboko San Frantziskori eskainitako poema-kantak. Darien musikaltasunagatik, duten erritmoagatik deklamatzeko eginak dirudite zenbait poemak eta ezin izan dut saihestu haietako batzuk (demagun Joka ederra, Abderrahmanen danborra tragikoa) ahots gora irakurtzeko tentazioa.

Antzerkiola Imaginarioaren ingurutik datorren edozerk merezi du gure arreta eta interesa. Baita Fitola balba, karpuki tui honek ere. Urgentziazko poesia ekarri digu Gerediagak, hutsaren larriminetik sortua, berezko ahotsez emana.

Azken kritikak

Bakea, bakea
Xabier Montoia

Asier Urkiza

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Nagore Fernandez

Martxoak 3
Jon Martinez Larrea

Maialen Sobrino Lopez

Etxe bat Husaviken
Uxue Juarez

Irati Majuelo

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Paloma Rodriguez-Miñambres

Diesel
Bertol Arrieta

Joxe Aldasoro

Zer egin Miranderekin?
Askoren artean

Mikel Asurmendi

Sakelako bihotzak
Julen Apella

Asier Urkiza

Ni, laiko
Markos Zapiain

Nagore Fernandez

Zorretan
Agurtzane Intxaurraga

Maialen Sobrino Lopez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Sakelako bihotzak
Julen Apella

Jon Agirre

Emognosia
Mitxelko Uranga

Mikel Asurmendi

Silueta
Harkaitz Cano

Irati Majuelo

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak