kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Hodei berdeak / Jon Alonso / Susa, 2003

EAJk mendira jo zuenekoa Aingeru Epaltza / Nabarra, 2004-05

Gaztetxo eta ez hain gaztetxo bat baino gehiagori harrigarria gertatzen ahal bazaio ere, izan zen EAJk mendira jo zueneko garai bat. Frankismoaren azken aurreko urteetan, 60ko hamarkadaren bukaeran, EGIk, Alderdiko gazte adarrak, komandoak entrenatu zituen Ipar Euskal Herrian, armak erosi eta banatu, atentatuak prestatu. Nafarroako taldea gertatu zen biziena; ekintza ikusgarriak burutu zituen, Espainiako Itzulia zela-eta Urbasan paratu zuten bonba entzutetsua, kasurako. Gero, Jokin Artajo eta Alberto Asurmendi iruinsemeak Ultzaman hilik gertatu ziren 1969ko apirilaren 6an, auto barnean manipulatzen ari ziren lehergailuak zapart egitean, eta horrekin bukatu zen jelkideen borroka armatua.

Artajoren eta Asurmendiren heriotzaren inguruan ardazten da, hein handi batean, Jon Alonsoren “Hodei berdeak” azken liburua. Liburua diogu, eta ez nobela edo saiakera, bietarik duen arren. Iruñeko idazleak lehenago ere erakutsia zuen genero kanonikoen arteko mugak hausteko grina. Joera hori inoiz baino nabarmenago gelditu da “Hodei berdeak” honetan. “Camembert helburu”-n fikzioa txertatu zion oroz gain saiakera den idazlan bati; bere azken emaitzan, berriz, “sasinobela” itxuraz bukatu gabea “zehazteko, matizatzeko edo osatzeko” ber ze pertsonaia batek oharrak gehitu dizkio, lekukotasun historikotzat, kronikatzat edo, bere zentzu zabalean ulertuta, saiakeratzat ere har daitekeen atala eraikiz. Genero bakoitzaren legeak estuegiak izaki, nonbait, Alonsok kontatu nahi izan digunerako.

“Bada informazioaz eta datu pilaketaz haratago dagoen egia klase bat, historia-liburuak irakurtzen harrapatzen ez den egia klase bat, egia sakonagoa, benazkoagoa, garrantzizkoagoa. Ispiluan beste aldean dagoena”. Horrela dio liburu honetako protagonistetariko batek. Idazleak egia hori azaleratu nahi izan digu, “Hodei berdeak” idatzi eta gisa honetara moldatzerakoan. Batetik, egia, benetan gertatua, eskura ditugun datuetan egiazta daitekeena, eta bertzetik, izan zitekeena, gertakari historikoen alderdi ilunei literaturaren bidez argia emateko guraria. Eta horiekin guztiekin batean, juzku bat, balorazio bat, gogoeta egiteko bide bat, guti axola idazlearena berarena den edo berak sortutako pertsonaiena.

Bide horretatik abiatuta, Nafarroako 60 hamarkadako lurpeko abertzaletasun klandestinoari begirada zorrotza eta aldi berean samur eta barkabera eskaintzen dio Jon Alonsok. Panegirikorik gabe, jende haien miseriak edertu gabe, doinu kritikoa eta ironia galdu gabe, iraute lan nekezean ari ziren haiekiko zorra aldarrikatzen du… haiekiko urrutiramenduarekin batean.

Izanen da liburuan agertzen diren pertsonaia batzuek Alonsoren eskuetan hartzen duten tratamenduarekin bat etorriko ez denik. Gehiegizkoak iruditzen ahal zaizkio bertze norbaiti —koska bat estuago, konspirazioaren teorian—, orduko gertakari batzuetan idazleak iradokitzen duen esku beltzen partaidetza, CIArena eta Opusena bereziki (artetik errateko, liburu hau irakurri gabe bukatu mortala eginen lukete Nafarroako Unibertsitateko kazetaritza ikasle ohiek). Idazlanaren barne antolamenduak ere eman lezake, beharbada, zeresana.

Guztiagatik ere, “Hodei berdeak” liburu ausarta dugu, inondik ere, hunkigarria eta irakurtzearen plazerarekin berradiskidetzen zaituena, mugarri bat gure iragan hurbilaren memoriaren errebindikazio literarioan. Egunen batean, norbaitek aztertu beharko du idazle nafarren ekarpena, “baina nola ailegatu gara honetara?” galderari erantzuteko ahaleginean.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak