kritiken hemeroteka

8.625 kritika

« | »

Durduzaz eta dardaraz / Amélie Nothomb (Joxan Elosegi) / Igela, 2003

Enpresa zen existentzia Mikel Garmendia / Gara, 2004-04-17

Eta gauza handi bat ulertu nuen: “Japonian enpresa zen existentzia”. Ondorio horretara iristen zaigu Amélie, 22 urteko emakume gazte belgiarra, Japoniara emigratua, Tokioko Yamamoto enpresa handian integratzeko etengabeko ahalegin eta ezinean. Goitik behera ierarkizatutako enpresa, non garrantzitsua obeditzea, ekimenik ez izaera eta, azken finean, hierarkia bera eta horren absurdotasuna diren.

Durduzaz eta dardaraz agertu behar dute behekoek goikoen aurrean, behiala Japoniako enperadoreak menpekoei exijitzen zien bezala. Eta gisa horretantxe aurkezten da Amélie. Baina sekula ez du asmatzen; ez daki —nahiz eta gertakariak aurrera joan ahala konturatzen joan—. Ez daki berak uste baino askoz ere xinpleagoa dela kontua. Ze, azken batean, oso xinplea baita enpresak eta goikoek zugandik espero dutena: esaneko izan eta txintik ere esan gabe obeditu. Sumisioa. Baina kosta zitzaion Amélieri horretaz konturatzea. Jabetu zenerako enpresako komun-garbitzaile izateraino eta umiliaziorik handienak jasan behar izateraino iritsia zen. Prozesu hori guztia kontatuko digu eleberri honetan. Umore garratza darabil Amélie idazleak Amélie protagonistak enpresa hartan egin zuen denboraldia eta horrek eragin zizkion gogoetak kontatzeko. Zeren berari gertatutakoaz gain, zehatz-mehatz, alderdiz alderdi konparatuko baitizkigu mendebaldeko kultura eta kultura nipondarra, eta bakoitzaren ezaugarri eta balioak: ohorea, garbitasuna, obedientzia, suizidioa, elkartasuna… Azken batean gizarte muturreraino indibidualista eta guztiz hierarkizatu baten argazkia erakusten du, horrek pertsonengan duen eragin negatiboarekin batera. Hala esango du hierarkia horretan “arrakasta” lortzen dutenei buruz: “Mundu mailan izaki horiek pribilegiatu batzuk direla pentsatzea da okerrena”.

Halako drama goibel bat izateko arriskua du berez gaiak, baina Nothombek umorea tartekatzen du etengabe, ironiaz tratatzen ditu egoerarik latzenak. Gauzak neurriz kanpo aterako ditu, nahita, eta horrek egiten du erakargarri istorioa, protagonistarekiko halako identifikazio batera garamatza. Esajerazioak, hitz-jokoak, burutazioak, denetik dauka haren umoreak. Estilo zuzena darabil gainera, tarteka elkarrizketa ugarirekin. Esate baterako, Saito jaunak —enpresako buruetako batek— Tsutomeru izena jarri zion bere semeari, hau da, “lan egin”. Edota zuzenean aginduak ematen dizkion andre gazteak, zeinaren edertasuna miretsi eta izaera hotza arbuiatuko duen, Fubuki izena du, alegia, “elur-ekaitza”. Umore eta ironia fina, estilo zuzena eta elkarrizketen konbinazioak egiten du hain irakurgarri liburu hau, hasi eta bukatu arte segidan irakurtzen diren horietakoa. Ondo jasoak daude, gainera, horiek guztiak Joxan Elosegiren itzulpen-lan txukun eta zaindu horetan. Erakutsia zigun lehendik ere Elosegik itzultzaile-sen berezi bat R. Queneau-ren “Zazie metroan” eleberri berezi hartan; ez gaitu, beraz, ezustean harrapatu itzulpen-lan sarigarri honek.

Eleberri honek Frantziako Akademiaren Sari nagusia jaso nuen bai eta Internet saria ere, irakurle internautek lehendabizikoz emana. Denbora luzean izan zen Estatu frantziarrean salduenetako bat eta orain euskaraz irakurtzeko luxua daukagu.

Azken kritikak

Silueta
Harkaitz Cano

Iraitz Urkulo

Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"

Mikel Asurmendi

0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar

Maddi Galdos Areta

Hiria gure oinetan
Irati Majuelo Itoiz

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Aiora Sampedro

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Felipe Juaristi

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Mikel Asurmendi

Denbora bizigarri baterako
Marina Garces

Irati Majuelo

Jostorratza eta haria
Yolanda Arrieta

Amaia Alvarez Uria

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Ibon Egaña

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Asier Urkiza

Zubi bat Drinaren gainean
Ivo Andritx

Aritz Galarraga

Panfleto bat atzenduraren kontra
Pello Salaburu

Mikel Asurmendi

Denboraren zubia
Iñaki Iturain

Aritz Pardina Herrero

Artxiboa

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

Hedabideak