kritiken hemeroteka

8.795 kritika

« | »

Bederatzietatik bederatzietara / Leo Perutz (Anton Garikano) / Alberdania / Elkar, 2003

Dembaren eskuak Gotzon Hermosilla / Berria, 2004-02-14

Leo Perutz (Praga, 1882) Franz Kafkarekin alderatu dute behin baino gehiagotan. Izan ere, biak Pragan jaio ziren garai bertsuan (Kafka urte bat geroago), bi-biak jatorri judukoak ziren, eta bien idazlanetan ageri dira bizitzaren absurdoaren inguruko harridura eta errealitate etsigarriak sortzen duen itolarria. Ustezko antzekotasun horiek zalantzan dagoen irakurlea Perutzen liburuetara hurbiltzera bultzatzeko balio badute, tira; baina argi gera bedi Perutzen lanak ez duela bestelako amarrurik behar zalearen arreta eskuratzeko. Berez da erakargarri eta estimagarri. Eta horren adibide aparta dugu gaurkoan hizpidera ekarri dugun Bederatzietatik bederatzietara hau.

Stanislaus Demba ikaslearen ibilerak kontatzen dizkigu Perutzek lan honetan. Tipo berezi, xelebre eta barregarri samarra da Demba. Batzuetan, Vienara aldatutako Mr. Bean moduko bat dela begitantzen zaigu. Litezkeen zorigaitz guztiak gertatzen zaizkio eta, gainera, haren jokabide absurdoak aho bete hortz uzten ditu eleberrian agertzen diren gainerako pertsonaia guztiak. Ume edo zoro baten moduan jokatzen du. Haren berbetan eta ekintzetan ez dago logika handirik. Ala bai? Zalantza hori istorioak aurrera egin ahala argituko du irakurleak.

Eleberri honetan, egun bakar batean gertatzen dira gertatu beharreko guztiak, bederatzietatik bederatzietara, izenburuak dioen legez. Demba muturtuta dabil Sonja emaztegaiarekin (edo, zehatzago esateko, Sonjak antzarak ferratzera bidali nahi du Demba) eta iluntzea baino lehen diru kopuru bat lortu behar du, horrela neska-laguna berreskuratuko duelakoan.

Hasieran, eskema bera erabiltzen du Perutzek kapitulu guztietan: Vienan girotutako eszena bat erakusten digu (denda, parkea, bulegoa) eta, bat-batean, Demba agertzen da eta dena hankaz gora jartzen du. Geroago eskema hori aldatzen da, baina aldatuko ez dena idazlearen asmoa da, Dembaren ibileren bidez bere garaiko gizartearen zenbait arlo erakutsi eta kritikatzekoa. Burgesak, merkatari maltzurrak, sasijakintsu inozoak topatuko ditu Denbak diruaren atzetik egiten dituen itzuli-mitzuli zoroetan, eta esan genezake horiek guztiak Demba bezain protagonista direla istorio honetan. Bereziki nabarmentzekoa da jokalariak agertzen direneko atala: zertzelada gutxi batzuekin, domino partidaren kariaz bildutakoak deskribatzen dizkigu eta, era berean, garai hartako gizartearen miseria moralak agerian uzten.

Kafka aipatu dugu iruzkin honen hasieran. Jon Alonsok Umoreari buruzko gogoeta izeneko saiakera zorrotzean adierazi digun bezala, zenbait idazlek (Steinerrek, Sarrionandiak, Thomas Mannek) nabarmendu dute umorea dela Kafkaren Itxuraldaketa ulertzeko gakoa edo, behintzat, umoreak Kafka irakurtzeko beste modu bat eskaintzen digula. Leo Perutzen lan honetan ere umorea osagai nagusietako bat da. Umore garratza, ozpindua, krudela batzuetan. Patuak anker jokatzen du Dembarekin, eskuak lotzen dizkio etengabe eta irrikatzen duena lortzen galarazten dio. Bestaldetik, gainerako pertsonaien lotsak ere agerian gelditzen dira behin eta berriro. Horiek guztiak, baina, irribarrea ezpainetan dugula irakurtzen ditugu, Perutzek umorearen igurtziaz kamusten baitu istorioaren entrama gaiztoa. Neuk, behintzat, barre ederrak egin ditut Dembaren zoritxarreko abenturak irakurriz.

Barrea, ordea, ezpainetan hormatuko zaigu amaierara heldu ahala. Horretan ere, maisu da Perutz, eta maisulana Bederatzietatik bederatzietara hau. Eta liburua amaitutakoan, literatura onak uzten duen zapore gozoaz batera, sentsazio mingotsa gailentzen da irakurlearen gogoan: Stanislaus Demba bezala, geu ere ez ote gabiltzan nahi eta ezinean, eskuak loturik, desio dugunaren atzetik alferrikako nekean.

Azken kritikak

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak