kritiken hemeroteka

8.795 kritika

« | »

Deiadarraren antologia bat / Rakel Pardo Perez / Alberdania, 2026

Esanezinari dei Asier Urkiza / Berria, 2026-09-27

Rakel Pardo Perezen bigarren poema liburua da Deidarraren antologia bat. Iragan ekainean argitaratutako lanarekin segida ematen dio egileak 2024ko Egurats zabaletako izendaezinak hari. Denboraren ideiaren gainean egituratzen da lan berria eta harekin lotutako greziar jatorriko hiru kontzeptuk ezartzen dituzte atalak, hurrenez hurren: Kronos, Aion eta Kairos. Liburu laburra da —orri kopuruari zein poemen luzerari dagokionez—, baina iraupen luzekoa eta trinkotasun handikoa mamian. Era berean, ez da poema solteen bilduma hutsa, gai beraren inguruko bariazio txikiko aleen mataza baizik. Batasun organikoa du liburuak eta horrek indarra ematen dio Pardoren proposamenari.

Oihua da berez deiadarra. Baina hitzaren osaerari erreparatuta, azkar asko ohartuko da irakurlea dei egitea ere badela. Liburuaren tonua eta estiloa aintzat hartuta, inbokaziotik ere baduela esan genezake. Irubelakaskoko tontorretik —Baztango mendia izatez, liburuan talaiaren izaera sinbolikoa bereganaturik— dei egiten dio poetak, bere gizaki kondizio apaletik, esanezinari. Hori dela eta, tonu arkaikoa ere badute poemek, filosofo presokratikoen eite orohartzaile eta esaera aforistiko bezain metafisikoa igartzen baitzaie. Denboraren zentzuaren bila abiatzen da poeta edo, nolabait, hura gertagarri bihurtzen duen horrexen inguruan jirabiraka ibiltzeari ekiten dio. Gizakiok harekin harremantzeko dugun moduak kezkatzen du. Hori horrela, denboraren izaera existentzialari neurria hartu nahi dio, poemaz poema, Pardok. Agerikoa da poesiarekin estuki lotuta dakusala berau, haren bidez hasi baitaiteke ahotsa bide egiten hots noranahikoen unibertsoan.

Ahots hori esanezina da neurri handi batean, oihartzun fin bat baino ez du uzten denboraren itsas zabalean. Iragankorra ere bai, funtsa esan ezin dezakeena. “Hitza ereitea” poetaren egiteko leiala da, ordea. Ereintza horrek ezer gutxi dezakeela esanezina esaterakoan, ez dirudi gizakion ardura. Begirada bat eskaini nahi du poetak, “bere gorputzak hutsarekin agertuko duen konpasa” azaldu. Erreberberazioak funtsezkoenaren ezusteko ertz bat joko du akaso. Munduan egoteko modua da, berez. Denboraren kontzientzia hartu eta erneago bizitzeko hautua. Giza kondizioa ikasteko era ere bada.

Poemen ezaugarriei dagokienez, sententzia itxurakoak dira gehienak, ez-narratiboak eta abstraktuak. Esan nahi baita, egilea ideiak gorpuztu nahian ari da eta tarteka baino ez du helduleku fisikoetara jotzen. Hala denean, naturaren baitakoak izaten dira darabiltzan imajinak. Erreferentziak ere badaude liburuan, ugari —azkenengo atalaren hasierako aipua irakurri baino lehenago dator Rilke burura—. Harrigarriagoa Williams Carlos Williamsena Harremana —pieza bitxia liburuan— poeman, egilearekiko poeta ezinago desberdina antzematen baitut. Edozein kasutan, zenbait poema traketsago gorabehera, liburu trinkoa, organikoa eta sendoa idatzi du Rakel Pardo Perezek. Esanezinari dei, Rilke hil eta 100 urtera.

Azken kritikak

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak