« Grina deszifratzen | Gizaberearen bazterrak »
Termita / Garazi Albizua (Bego Montorio) / Erein, 2026
Lur azpiko habiak Nagore Fernandez / Berria, 2026-06-28
2025eko Euskadi literatura saria jaso zuen Garazi Albizuaren Termita nobelak gaztelaniazko modalitatean, eta, Bego Montorioren itzulpenari eskerrak, aste honetatik aurrera euskaraz irakurtzeko aukera ere izango dugu Erein argitaletxeak plazaratuta. Izen berezirik ez duen lehen pertsonako narratzaile-protagonista inguratzen gaituen gizarteaz mintzo zaigu begirada intimo batetik, bere mamuak eta bere baitan dituen ahots horiek guztiak isilarazi barik. Hala, berrogeietan dagoen protagonistak egunerokoan dituen hartu-emanak —azalekoak zein sakonak— baliatzen ditu, toxikoak eta asimetrikoak diren botere dinamika askotarikoak mahaigaineratzeko: lan prekarioak, harreman erromantikoak, min ematen duten loturak, botere abusuak, lodifobia eta gizartearen presioa, beste askoren artean. Narratzaile autodiegetikoari harreman horiek, gainera, baliagarriak zaizkio gizartearen soslaia eraikitzeko, baina, haren ifrentzuan, baita bere burua aurkezteko ere, horien bitartez eraikitzen baitu bere ni-a, eta batez ere, izan nahi ez duen hori. Horretatik ere badutelako termitek: isopterikoen familiakoak dira termitak, alegia, antolaketa komunitario zurrun batean bizi ohi diren animaliak, kooperazioan dihardutenak eta albokoari begiratzen diotenak komunitate estamental horretan, zein rol duten zehazteko.
Harreman guztietarik ere, amonarekin daukanak hartzen du zentraltasuna liburuan. Amona da termita, amona da, animalia nekaezin horiek bezala, hil arte lan egiten duena. Baina, batez ere, amona da sistema hegemonikoaren zurezko zimenduak jan eta gizarte deritzogun antolaketa auzitan jarri nahi duena, termitek nola. Izan ere, ama “eredugarri” bat izateari uko egin zion, inposatutako zaintza lanei, funtsean, feminitate eredu hegemonikoari jarraitzeari, eta nago balio eta jarrera horiek herentzian uzten dizkiola bilobari ere. Bien arteko komunikazio ez-hitzezkoa, eta narratzaileak darabilen erregistro desafiatzaile eta ganberroa horren iragarpena direla iruditu zait. Neure buruari galdetzen diot termitaren irudiaren atzean, amona ez ezik, hein handi batean, ez ote den protagonista bera ere proiektatzen.
Guztiarekin ere, euskarazko edizioak eta itzulpenak azken orrazketa batekin zuzendu ohi diren akats eta detaile txiki batzuk badakartza ere, lortzen du jatorrizko testuaren mezua transmititzea: protagonistaren barne mundua eta harreman sarea, hots, lur azpiko habia konplexu horren tripak erakusten dizkigu Albizuak, guztiz minimalista den kontatzeko teknikaren bitartez. Hain da iradokitzailea, ezen batzuetan harreman horietan gehiago sakontzeko gogoa izan dudan. Testua noiz abandonatu erabakitzea, ordea, ez dagokit niri; idazlearen esku dago, huts-hutsean. Batzuentzat jakingura eta intriga hori mantentzea eta ez lehertzea eragozpena izan badaiteke ere, niretzat, hain justu, horretan datza idazlearen meritu handiena.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro