« Jauzilariaren —aiurriaren— zioak eta zoriak | Denborak ez du dena aldatzen »
Narrugorrik / Ixiar Rozas / Consonni, 2025
Hitzen arrastoan Ibon Egaña / Deia, 2026-03-14
“Hemen izatekotan, ez dago protagonistarik, pertsonaiarik. Izatekotan, erritmoen segida bat. Eta izatekotan soinu hutsak, soilak”. Narrugorrik liburuaren hasiera xamarrean irakur daiteke gogoeta. Protagonistarik eta hari narratiborik gabeko liburu hibrido eta sailkagaitza da Rozasen azkena, eta alferrik bilatuko dizkio irakurleak kronologiak, kausak eta protagonistak. Bestelako irakurketa-esperientzia bat da, izan ere, eskaintzen duena: naturan kokatutako gorputz baten bidez egindako bide sentsorial eta poetiko bat, hotsek, paisaiek eta larruazalean bizitakoek markatua.
“Esan zenuen, ezin dela gorputzik gabe idatzi, eta halaxe, gorputz guztiekin, ez baita bakarra, grabitateak hartzen duena eta gorantz doana, lurretik gorantz, pisutik arintasunera”. Gorputz biluzi bat (eta gehiago) dago Narrugorrik honen erdigunean, baina ez protagonista baten gisa, baizik eta idazketaren gune eta epizentro gisa. Biluztasuna ez da ari hemen arroparik gabe egoteaz, eta larrubizirik egotea ez da idazlearen biluzte-saio bat ere. Aitzitik, biluztasunak eta gorputzetik idazteak dakar inguruari behatzea arrazoiaren eta diskurtsibotasunaren zamarik eta lasterbiderik gabe: hots ia hautemanezinei erreparatzea, haizearen mugimendu txikiari arreta jartzea, orpoa lurrean nola hondoratzen den sentitzea. Gorputzetik idaztea bere zentzu erradikalera darama Rozasek liburuan, eta hala, mugak difuminatu egiten dira, gorputza eta inguruaren artean ez dago-eta eten erabatekorik, gorputza ez baita bakarra. Animaliak eta gizakiak, bizidunak eta bizigabeak, materia eta bizia, dikotomia horiek lausotzera egiten dute orriotan, behetik gorantz, lurretik arintasunerantz doan indar bati jarraiki.
“Euren materialitate indar gorenean ere, hitzak inoiz baino gehiago dira. Ez dira beste zerbaiten adierazle. Dira”. Liburuaren apustu estetikoaren erradikaltasunaren beste alderdi bat horrelaxe laburbiltzen da testuan. Hitzen materialtasuna aldarrikatzen du Rozasek, esanahiaz, edukiaz harantzago. Hitzak beste ezer baino gehiago hotsak dira, materia eta forma, eta perspektiba horretatik hurbiltzen da literaturara idazlea. Hots batek beste bat eskatzen du, hitz honek beste haren oihartzuna dakar, eta soinu batek eskatzen du hitza bitan banatzea. Horregatik topatuko ditu erruz irakurleak hitz-jokoak, hoskidetasunak, hitzen kateatzeak, silabatan banatutako hitzak. Ozen irakurtzeko eginak dira bereziki atal batzuk, eta ziurrenik hala, ahots gora irakurrita lortzen dute hobe efektu estetikoa, isilpeko irakurraldian baino. Hizkuntzak gobernatzen du liburu honen estetika eta norabidea: hitzek eskatzen duten noranzkoan egiten du aurrera liburuak, eta horregatik dirudi batzuetan ausazkoa, apetatsua.
“Hizkuntza zerbait bada, hori arrastoa da, aztarna, traza da. Animaliaren erreinua, oinatza elurretan”. Hitzak forma dira, baina baita aztarna ere, baita memoria ere. Liburu honetako testuetan sarri aditzak jokatu gabe datoz, denbora-marko jakinik gabe, eta testu-atal oro hasten da orainaldi berri batetan, egunak goizero hutsetik hasten diren gisa berean. Liburua aldiko hasten dela dirudi, errepika eta oihartzunek halako zirkulartasun batean sartzen bagaituzte ere. Baina hitzek badute memoria, eta idazleak hitzen memorian arakatu eta bide ibili gabeak aurkitzen ditu haurtzaroa, iragana edo joandako senideak liburura, orainera ekartzeko, pasarte gogoangarriak eskainiz bidean. Bai, biluztu eta babes handirik gabe irakurtzea proposatzen digu Rozasek liburuan, gorputza jartzea irakurtzeko. Espero gabeko arrastoak topa ditzake batek gero azalean.
Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi
Irati Majuelo
Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss
Aritz Galarraga
Erleen azken ziztada
Kepa Iribar
Jon Agirre
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Ibon Egaña
Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio
Mikel Asurmendi
Bakea, bakea
Xabier Montoia
Asier Urkiza
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Nagore Fernandez
Martxoak 3
Jon Martinez Larrea
Maialen Sobrino Lopez
Silueta
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Etxe bat Husaviken
Uxue Juarez
Irati Majuelo
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Paloma Rodriguez-Miñambres
Diesel
Bertol Arrieta
Joxe Aldasoro
Zer egin Miranderekin?
Askoren artean
Mikel Asurmendi
Sakelako bihotzak
Julen Apella
Asier Urkiza