« Tarrat eta teink | Eleak tentuz hartu eta mainaz irakurri beharrekoa. Hain da sarria trinkoa eta mardula! »
Denbora bizigarri baterako / Marina Garces (Olatz Mitxelena) / Jakin, 2025
Denbora bizigarri bat promes Irati Majuelo / Berria, 2025-12-21
Marina Garcesen bi liburu bakarrean bildu ditu Jakinek, egungo mundua euskaraz pentsatzeko baliabideak sortuz, beste behin. Olatz Mitxelenak, hain zuzen ere, bigarren aldiz itzuli du filosofo katalana euskarara. Ahots esanguratsua zalantzarik gabe, Agirrek eta Eskisabelek hitzaurrean argitzen duten modura, “munduberrigintza baterako”.
Langintza horretan, saiakera bilakatu ditu Garcesek behin hitzaldi izan ziren hainbat testu. “Dabilen idazketa da saiakera” dio, pentsamenduaren gisa, joan-etorrikoa behar baitu izan, malgua eta sustraiduna aldi berean. Heldulekuak eskaini behar ditu, leiho zahar-berriak ireki, argia eman eta itzalak erakutsi. Bizi dugun garaiari buruz pentsatzea zail egiten den honetan, ez da xaloa idazleak egiten duen ariketa.
Modernitatea aurrerapenaren eta garapenaren etorkizunari begira eraiki bazen, postmodernitatea orainaldi eternal batean kateatu zen. Bizi dugun garaiari, ordea, etorkizunik eta orainik gabe, hilondokoaren ondorena deitzen dio Garcesek. Nola pentsatzen da dena bukatzen deneko garai hau —ideologiak, hazkundea, planetaren baliabideak— katastrofismoan edo sineskortasunean erori gabe? Gizakion finitutasuna onartuta aritzera eta ekitera gonbidatzen gaitu filosofoak.
Jakintzarekin dugun harremanari buruz hausnartzen du eta egungo etsipen giroak despolitizazioarekin eta desardurarekin duen harremanaz. Ilustrazio erradikalaz mintzatzean, jakintzari bizitza bizigarri bat eraikitzeko duen potentziala itzultzeaz ari da, kritikaz, sineskortasunari aurre egiteaz: “Sinesgaiztasuna eta konfiantza uztartuko dituzten jakintzen arteko aliantza baten alde lan egitea” da, Garcesen ustez, hilondoko garai honetan dagokiguna.
Testuinguru horretan txertatzen du promesaren inguruko gogoeta ere: zein da egin duzun azken promesa? Etorkizuna kolokan ikusten dugun heinean, Garcesek galdetzen du gai ote garen maitasunean, lanean, lagun artean, militantzian hitzemateko, konprometitzeko. Izan ere, “promesa etorkizunaz ari da, baina orainaldian egiten da eta orainaldira ekartzen gaitu”, eta ondorioz, oraina ere eraikitzen du.
Pentsamendu sakona, konplexua behar dugu adimena delegatuko ez badugu, eta hori dakar Garcesek: jakintzaren aldeko aldarria, ez unibertsala baizik eta kulturen arteko tentsioak biltzen dituena, ez utilitarista baizik eta emantzipazioari lotua, atzera kontaketan ari den denbora bizigarri bilakatuko badugu, promesa horrekin mugituko bagara.
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Amaia Alvarez Uria
Zer egin Miranderekin?
Askoren artean
Irati Majuelo
Azken batean
Lourdes Oñederra
Paloma Rodriguez-Miñambres
Independentziaren dekalogoa
Joseba Gabilondo
Mikel Asurmendi
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Maialen Sobrino Lopez
Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta
Asier Urkiza
Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu
Nagore Fernandez
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Paloma Rodriguez-Miñambres
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Mikel Asurmendi
Esker onak
Delphine De Vigan
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Enarak
Bernardo Atxaga
Irati Majuelo
Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor
Aritz Galarraga
Moebiusen ertzak
Garazi Kamio
Joxe Aldasoro
Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro
Mikel Asurmendi