« Ahanzturaren korrontearen kontra |
Gizaberetxoak gara / Mikel Urdangarin Irastorza / Jakin, 2025
Azurmendi reloaded Jon Jimenez / Gara, 2025-07-27
Apaiz bat, egungo gazte zenbaitzuentzat. Biolento bat, errealitatea bere osotasunean ulertu nahi ez duen eta epaitzera baino dedikatzen ez den bakezalearentzat. Txapela buruan erroskan iltzaturik duen nazionalista euskaldun erromantiko eta irrazional bat, espainiar nazionalista amorratuentzat.
Euskaraz, estilo ez aski filosofikoan eta gai probintzianoei buruz idatzi izanagatik baliogabeko lanen egilea, unibertsitate sistemara saldurik direnentzat… Hamaika aitzakia gehiago aurki diezaioket Joxe Azurmendiren ekarpen filosofikoari heldu nahi ez dionari. Baina errealitatea egoskorra da oso, eta Mikel Urdangarin Irastorzaren (Beasain, 1994) “Gizaberetxoak gara. Joxe Azurmendi feminismoekin elkarrizketan” (Jakin, 2025) saiakera sakon bezain irakurterraza argitaratu berri da, hain justu, Azurmendiren heriotzak aitzakia horiek guziak alboratu eta periodikoetako orriak haren laudorioz bete dituen egunotan.
Urdangarinenak, baina, ez dira laudorio hitzak, ez badira Azurmendik berak anitzetan aipaturiko pentsamenduaren ur-jauziaren printzak. Orain arte helduleku anitzetatik ekin zaio Azurmendiren pentsamendua azaltzeari, bereziki etika eta nazionalismoaren ingurutik eta, askotan, bere pentsamendua iraganekotzat hartua izan da.
Pentsalari feminista zenbaitzuen ekarpenekin erkatuz, Urdangarinek hori apurtu du: Azurmendiren lana etorkizunera begira egindakoa dela gogorarazi digu, bere alde gizatiarrenari heldurik. Subjektu, burujabetza, zaurgarritasun, natura eta kultura, komunitate edota gorpuztasunaren bueltan, hots, egungo eztabaida feministen terminoetan kokaturik nahi bada, filosofo zegamarraren ikuspegia non errotzen den aztertzen da “Gizaberetxoak gara” saiakeran. Justifikazio gisan, liburuak ederki baliatzen ditu Azurmendiren hitzak: “Nazioa zer den, batetik gizabanakoa eta bestetik gizadia zer diren aldi berean pentsatuz, pentsatzea da (abertzaletasunak ez du aberria soil pentsatzen: aberriaren kontzeptuan, gizon-emakumean eta komunitatearen, komunitate ezberdinen eta gizadiaren, komunitateen arteko harremanen antolaketaren, azken finean giza historiako idealen pentsaera osoa konprometitzen du, mundu-ikuskera osoa globalki”. Eta hor, Urdangarinek frogatu bezala, Azurmendiren ekarpena, bertzeak bertze, Simone de Beauvoir, Jule Goikoetxea, Judith Butler, Silvia Federici, Donna Haraway edo Vandana Shivaren parean agertzen zaigu. Testuinguru eta erreferentzia ezberdinetatik abiaturik, baina arazo berdinei aurre egiteko borondatea eta era partekatzen dituzte. Baita, oro har, ondorio berdina ere: kontraesanez eta askatasun egarriz betetako izaki hauskorrak, gizaberetxoak, baino ez gara.
Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza
Jon Jimenez
Iragan atergabea
Julen Belamuno
Hasier Rekondo
Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban
Mikel Asurmendi
Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz
Gorka Bereziartua Mitxelena
Juana
Jon Artano Izeta
Mikel Asurmendi
Kontra
Ane Zubeldia Magriñá
Jon Jimenez
Simulakro bat
Leire Ugadi
Maddi Galdos Areta
Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu
Ibon Egaña
Kontra
Ane Zubeldia Magriñá
Paloma Rodriguez-Miñambres
Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga
Mikel Asurmendi
Turismo hutsala
Fito Rodriguez
Asel Luzarraga
Zoriona, edo antzeko zerbait
Karmele Mitxelena
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Pleibak
Miren Amuriza
Mikel Asurmendi
Izena eta izana
Jon Gerediaga
Asier Urkiza