« Esan eta izan | Bestetasunari soa »
Ezer ez dago utzi nuen lekuan / Itziar Otegi / Elkar, 2024
Literatura porturik gabeko itsaso baita Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2025-04-24
Aurkibiderik gabeko sei narrazioren aurretikoz
Liburua behin irakurri dut eta bigarren irakurraldian Beste bat bihurtzen ari naiz; Sylvia Plahten poemaren ildotan. Gutako bakoitzak aurkitu behar du —bere burua— diosku Hukusaik jarraian; Roger S. Keyesen eskutik. Bi bider irakurri dut liburua eta haren bueltan nabil eta orain ez dago utzi nuen tokian (Nøgen).
Argibidea: aurreneko paragrafo hori, idazleak narrazioen aurretik paratutako hiru eskriburen uberan egina duzu.
Narrazioen gainean jardun aitzinekoz
Ezer ez dago utzi nuen lekuan (Elkar) Itziar Otegiren helduentzako lehenengo literatura liburua duzu. Literatura itzultzaile doitua eta ezagutua da. Itzultzaileek hizkuntzarekin —izan behar— duten harremanari buruz gogoetatu dut behin baino gehiagotan. Eta, dagoeneko, hainbat urte joan zaizkit gogoeta nagoela. Alegia, itzultzaileek duten hizkuntzaren menderatzea eta jakitatea miretsi egiten dut. “Neronek euskara horrela baliatuko banu, zernahi idatz nezake”, pentsu ohi dut.
Bai ote? Bai ote, diot. Agidanez, nire usteak baditu bere zuloak. Badira itzultzaile bikainak diren idazleak, noski. Baina, itzultzaileak —nire uste zuloan— ez dira komunzki idazle “jenialak” izatera iristen —itzultzaile profesionalez ari naiz—. Idazle onak, agian, bai, baina “jenialak” ez. Tira, nire aburua duzu. Aburuak, jakin ezazu, burutapen hauskorrak dira.
Bestera erranik, hizkuntza berebiziko langai izanik ere, hizkuntza ez da nahiko ez aski literatura sortzeko. Jakina, galdera inposatzen da: zer da literatura? Luze joko luke —lidake?— literatura zer den hemen eta orain definitzeak. Behin eta hasteko: nork literaturaren gaineko bere aburua eta esperientzia ditu. Labur zurrean, bi ezaugarri doi: estetika edota poetika bat eskainiz gainera, literaturak jendartearen unean uneko printzipioak edota baloreak kuestionatu behar ditu askatasunaren aldeko espazioak zabaldu aldera.
Itzultzaile profesionalen buruan jarri ohi naiz. Kasurako, Itziar Otegi itzultzaile-profesional-trebearen buruan. Bere lanbidearen hastapenean “niri ez zait gertatuko” pentsatu ote zuen nago. Alegia, “niri ez zait gertatuko literatura-liburu bat inoiz idaztea” marmartuko zuen. Noizbehinkako marmarra, exageratu gabe hori ere. Izan ere, pentsu dut, itzultzaileek liburu horren egokiak eta idazle horren iaioak “ezagutu”, landu eta euren lanak beren hizkuntzara aldatu ostean, beren testu propioak sortzeko bizi(ko) duten bertigoak ikaragarria izan behar du. Itzultzaileek hizkuntzaren baliabideak ongi baino hobeto ezagutzen baitituzte, baita literaturaren lilurapenak gatibatuta bizi ere. Alabaina, horixe bera traba ote den pentsu dut. Alegia, jakituria horixe guztia ez al dute oztopo nagusi? Tira, trantze horretan imajinatzen ditut itzultzaileak.
NIRI EZ ZAIT GERTATUKO
Halakoxe izenburu dauka lehen narrazioak, maiuskulaz idatzita. Narrazio laburra da, liburuaren jitearen aire-susmo-bihozkada. Horrenbesteko parafernaliarik barik, zuzen eta artez adieraz dezadan: liburuko gaineratiko bost narrazioen premonizioa da. Nire aurreikuspen honek badu abisu moral moduko bat. Erran nahi baitut, ezen narrazioan kontatua bizitzan gertatzen zaigula, bizitzaren bilakabidearen ildoan bizi eta birbizi ere: hainbat urteren buruan, gure usteak, aburuak eta baloreak aldatu izaten/egiten dira. Ezinbesteko eta halabeharrezko eboluzioaren ondoren ezer ez dago utzi genuen lekuan.
ITSASO GELDIAK
Bigarren narrazio honen izenburuak, itsasoak nola, zalantza-balantza paratu dit burua, ez kikildu horregatik. Itsaso geldiak oximorona izan daiteke, ezta? Ez du zertan. Itsasoa geldirik egon daiteke —nekez bada ere—, alabaina, bere barruan, haren hondalean korronteak ari dira.
Bidasoako itsasoaren gainean, inguruko mendien ingeradak islatuta ikusiko dituzu narrazioan. Familia arrantzale baten istorioa duzu, Gure ametsa barkuaren arrantzale ustiatzaileena. Narrazio dramatiko ez ezik, tragikoa duzu. Galder gaztea da istorio honen protagonista, haren aita izaki pertsonaia nagusia. Adinez eta bizipenez nagusi. Aita hilzorian dago eta haren belaunaldiko idazle bat ere bai. Ospitalean daude biak ala biak. Aita itsasturi porrokatua duzu eta idazlea pertsona mirestua. Galder semeak ere miretsita.
Galderrek idazle izan nahi du. Navigare necesse est, vivere non est necesse; horixe duzu aitaren lema bizitzan. Galderren aiherraren eragile. Ordea, mundua Terra incognita den aldetik, anartean, lurra eremu ezezaguna da Galderrentzat. Nola bizitzan hala munduan Nulla est redemptio: bizitzan ez dago erredentziorik ez eta munduko arazorentzat guztizko konponbiderik. “Bizitzea ez bada beharrezkoa, zer da bizitza?”, galdetu diot nire buruari.
Moralik moral, hona narrazio honena: nabigatzea beharrezkoa izan arren, ahalaz, nabigatzeak ez digu bizitza bizitzen galarazi behar. Bizitza deskubritu beharreko esperientzia dugu. Bizitzan hitzak agortzen dira. Literatura ere ez da aski bizitza bere osotasunean esperimentatzeko, bizitza ez baitago berrerosterik. Literaturara bizirik arribatu behar dugu, luzaz eta sakon bizi ostean. Ez dago literaturarekiko miresmenean bizitzerik. Edo bai. Nola gerta hori ere. Alta bada, aukeran, hobe literaturarekiko lilurak ez itsusterik. Ezer ez dago utzi nuen lekuan eta literatura porturik gabeko itsasoa da.
MUGAK
Narrazio hau bitxia eta berezia duzu. Saio literario esperimental eta transgresorea. Ez horrenbeste, eskaintzen dizkigun paisaia eta istorio mota direla eta. Istorio arrunta da. Istorioa azaltzeko manerak egiten du ezberdin. Muga delakoa berebiziko espazioa da euskaldunontzat. Horregatik diot, istorio arrunta dela. Itziar Otegiren ingurua aintzat harturik, Aiako Harriaren ingurumaria, tokiko mugaren oihartzunak ongi baino hobeto helarazi dizkigu idazleak. Esperimentala eta transgresorea idatzi dut, izan ere, narrazioan ez dago punturik, ez komarik, ez kakotxik… Hizkuntza zedarritzen duten zeinu horiez salbuetsita dago istorioa. Euskara hizkuntza mugagabea bihurtu du idazleak. Istorio flou duzu, halere. Istorioa lainoz, langarraz eta terralaz inpregnatuta dago. Ez dizut ezer gehiago azalduko. Ausartu eta sartu narrazioan. Aholku bat: hartu esku-argi bat, linterna bat alegia, eta has zaitez muga-lanbrotsuan bide egiten.
EZ NAZAZU KONTATU INORI
Horixe, ez kontatu inori zaren hori. Edo, bai! Istorio honetako protagonistak bere burua kontatu digu eta. Ordea, Aiako Harria delakoaren magaletatik beharrean, Mont Blancen altzotik helarazi digu bere expatriate izatearen esperientzia. Istorio hau ere, aurrekoen ildoan, berezia da, bitxia. Literaturaren beste ezaugarrietako bat horixe duzu: berezia izatea. Are, bitxia bada, idazle ona izateaz bestera, idazle jenialaren bristadak nabarmendu izaten dira haren narrazioan —liburu honetan, kasu—.
Istorioak atezuan atxiki nau, eta oraindik ere tentsio amiñi bat sentitzen dut sama aldean. Geroago jarri diot izena pertsonaia nagusiari, artean idazleak ipini ez dion izena: Amets. Tira, zuzen al nabil? Edo Genevako aire hotzek aztoraturik, naski. Protagonista lanean ari den Erakundearen berri izan ondoren, George Orwellekin akordatu naiz, Big brother delakoarekin. Corporate accomodation belaunaldiko seme edo alaba batek kontatu digu istorioa. Anartean, Amets arra edo eme ote den ebatzi gabe nago. Ezaugarririk ezaugarri, munduko globalizazioaren esperientzia eta lekukoa duzu istorioa. Pentsa, adibiderako, Suitzan bizi izanagatik, Amets delakoak badu paperezko Berria eskuratzerik.
Oharra: pasarte hau hurrengo narraziokoa duzu. Bi narrazioen loturaz ohartarazi nahi izan dizut.
Istorioko narratzaile-protagonistaren alboan nagoela, pathologie neurologique, troube de la motrocité eta evolution meconnue direlakoen suerte bat pairatzen hasita nago neroni ere. Irakurle lagun hori, ez nazazu konta inori. Ni ere, istorioaren ildoan, ezezagun naiz. Sartu istorioan zu ere, sartu ausartu.
Istorio hau, laugarrena, irakurri ostean, burutapen hauxe jalgi zait golkora, gogora: “Mugak muga, euskaldunok ez al gara une eta gune orotan beti atzerritar?”
TABERNETAKO TRANSZENDENTZIA
Amets dugu narrazio honetako kontalaria. Ziur nago. Mezu elektronikoen egilea da bera. Itsaso da haren e-mailen jasotzailea. Genevan segitzen du protagonistak, Mont Blanceko gailurrari so egiten dio tarteka-marteka. Etxe eroso batean bizi omen da. Istorioon bost dira pertsonaia nagusiak: Esti, Itsaso, Eba, Marian eta Txelus. Oker ez banaiz. Lagun horiek ez zuten uste, baina bostei uste ez zutena gertatu zaie. Narrazioko pertsonaiak izan, askoz gehiago dira. Errealak eta fikziozkoak. Alegia, idazleak literaturaren gaineko literatura egiten baitu: metaliteratura. Berbarako —askoren artean hautaturiko adibide bat duzu hau ere—, Lucia Berlinen Point of view ipuinaren uberan ari da narratzailea, idazlea alegia: “Arraioa. Narratzaileak uste badu merezi duela izaki patetiko honi buruz idaztea, zerbait izango da. Irakurtzen jarraituko dut, ea zer gertatzen den”.
Bada, zer gertatu den? Bada, —ez dezagun gure burua engaina, benetako narratzailea Itziar Otegi da; Amets fikziozkoaren narratzailea dugu— narratzaileak internet bidezko jardun epistolar hau, gutun-sorta modernoa, ipuina bihurtu duela. Are, itzultzaile-idazle-narratzaile iaio honek ipuina saretu digu —arrantzaleak sareak saretzen dituzten legez —zituzten idatzi behar al dut?— edota ipuina saretu digu hodeiak eta lainoa saretzen diren legetxe. Horretan datza literaturaren indarra, baita literaturaren lilura ere.
Ikuspen/ikaspena: literaturaren gaineko ikuspena bizitzarako ikaspena dateke. Eta, hala berean, bizitzaren gaineko ikuspenaren arabera literaturaren ikaspena bestelakoa izan daiteke. Bizitza norberaren ikuspenaren araberako ikaspena baita. Bai ote?
MUDANTZA
Seigarrenean gaude, aidanez. Azkeneko istorioan. Mila ama, Teresa alaba eta Joseba semea dituzu pertsonaia nagusiak. Mila da protagonista. Senarra-aita —biak ala biak— aspaldi zendu zen. Biajantea izan zen lanbidez. Aitona-amonak edota bilobak ere partidakoak dira. Milaren bidaia bat kontatzen digu istorioak. Biajante bihurtu zaigu bera ere. Bestalde, edota hala berean, istorioa nola interpretatzen dugun, istorioan bi bidaia antzeman ditzakegu. Lehena, Milak Iruñeko ingurumariko Larraintzarretik Mediterraneoko El Campellora egiten duena. Bigarrena, bidaia transzendenteagoa duzu, ezbairik gabe. Bizitzaz eta munduaz harago doan bidaia, munduaz bestera garamatzan biajea.
Mudantza delako narrazio hau —ipuina ote?— aldaira zinez hunkigarria egin zait. Argipen bat, enkaxka: narrazio guztiak ez dira ipuinak. Ipuinak komunzki —niretzat, noski— absurduak izaten dira. Hots, bizitza ergel batek kontatutako ipuina bilakatzen denean begitantzen zait istorioa ipuin. Aburu hau, apur bat esajeratua ere, nire aburu amiñi bat tenkatua duzu. Gaztigatu dizut arestian: aburu guztiak hauskorrak dira.
Milaren istorioa, bidaiak bidai, biajerik biaje, (bere) etxe baten mudantzaren eta (bere) bizialdiaren aldairaren artean kulunkatzen da, itsaso geldiaren gaineko eta hondaleko korronte bizien kulunkan. Milaren istorioak Itsaso geldiak istorioko arrantzale izan ordez —izan beharrean, idatzi behar ote?— idazle izan nahi duen Galderrengana bihurtu dizkit lepoa eta gogoa.
Dramatikoaz bestera, gizabanakoon historia tragikoa da. Istorio honek karga tragiko itzela zamatu dit lepoan, baita gogoan ere.
Gogoeta ari nauzu oraindik ere: literatura fikzioa da, baina hala berean literatura gure egunerokoaren isla da. Literaturak ez digu egia ez gezurra kontatzen. Literatura eta errealitatea bereizi beharra dauzkagu, baldin eta bizitzako egiak eta gezurrak bereiziko baditugu.
ESKERTZA
Idazlearen eskertza —Xuxenek zergatik gorritzen du eskertza hitza?— izeneko atalaren ostean aurkitu dut sei narrazioen Aurkibidea. Aurkibidea aurkitu nahian aurkitu ditut era berean, iruzkin-eskertza honen post scriptumerako hitzak:
Hasteko eta behin: eman dezagun, eskertza hitza gorritzea akats informatiko baten ondorioa dateke. Besterik ez. Ez dezadan estropezua exageratu.
Behin eta amaitzeko: Milaren istorioa ez ezik —azken istorioa—, Ezer ez dago utzi nuen lekuan liburuko istorioak tragikoak egin zaizkit. Euskaldunon historiako istorio hauek, dudarik gabe, ipuinak izan edo izan ez, euskal istorio peto-petoak dituzu.
Hasi eta amaitu artean: nola bizitzan hala literaturan, edo alderantziz, badira baitezpadako bi osagai: denboraren nora —gure memoriaren aire-eragile kulunkaria— eta hizkuntzaren doia. Ezer ez dago utzi nuen lekuan liburuko istorio hauek memoriak —oroimenak eta oroiminak— saretuta daude, saretu hitzaren bi adieratan. Hala berean, aldakorra eta betiere mudakorra den hizkuntza doitzeko ahalegina zinez emankorra eta eskergarria da. Izan ere, sei narrazio hauek zeinen ederki doituta dauden euskaraz izanagatik ere!
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Mikel Asurmendi
Dolu-egunerokoa
Roland Barthes
Asier Urkiza
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Nagore Fernandez
Zero
Aitor Zuberogoitia
Jon Jimenez
Hezur berriak
Ane Labaka Mayoz
Paloma Rodriguez-Miñambres
Simulakro bat
Leire Ugadi
Mikel Asurmendi
Ezinezkoaren alde
Iñigo Martinez Peña
Mikel Asurmendi
Haize beltza
Amaiur Epher
Asier Urkiza
31 ipuin
Anton Txekhov
Aritz Galarraga
Odolaren matxinadak
Miren Guilló
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Borrero txiki bat
Xabier Mendiguren Elizegi
Joxe Aldasoro
Zero
Aitor Zuberogoitia
Amaia Alvarez Uria
Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga
Aiora Sampedro