« Beltzaren eta urdinaren artean |
Ezinezkoaren alde / Iñigo Martinez Peña / Elkar, 2025
Maitasuna azaltzea ezinezkoa da, horregatik, nonbait, egiten dugu Ezinezkoaren alde Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2025-04-10
Kontu zenbait hasmentan
Nobela genero literario itzalia da, poesia ere hor nonbait; antzerkia zer esanik ez… Ipuina edo dena delako genero hori gailendu bide da. Hautemate horiek oro “omen” legez ulertu ezazu irakurle. Saioa-entsegua-saiakera, berriz? Euskaraz idatziaz ari nauzu galdezka. Bada, honatx behako bat: Iñigo Martinez Peña saiogileak idatzitako azken hiru liburuen gaineko hiru “kritika” dituzu Armiarma delakoan. Generoa zertan den baloratzea zure esku. Neronek, dagoeneko, saiogile honen aldeko hesola bat tinkatu dut lurrean, sendo tinkatu ere.
Behin eta hasteko, filosofoa den aldetik —gainbehera ei doa filosofia—, eskertzekoa da publikatu dituen hiru saio-lurtarretan eginiko ahalegin mundutarra. Emankorra, benaz. Hala berean, psikologia irakaslea denez gero, irakurle posiblearen burura iristeko hurbiltze-bidea landu egin du. Eskergarria hori ere bai. Areago —urrutiko ikuspena duzue—, eskola-fakultatetako geletatik harago joaten da sarritan maiz. Agorara irten ohi da.
Saioaz hasmentan
Liburuaren azalean (Lorea Uribe-Etxebarria egile) tiobibo baten traza antzeman dezakezue. Zabuak airean doaz, tiobiboaren abiadaren ageriko. Zabuak hutsik daude, halere. Hutsunea egungo bizimoduan delakoaren zeinu izan daiteke. Irudiari begira jarri zaitezte, gorputza itzuli-mitzuli has diezazueke gogoa zeru infinitu etereoari heldu nahian. Ezinezkoaren aldeko eginbidean ari zarete.
Hemeretzi atalez osatua da liburua. Atal laburrak ehundu ditu saiogileak. Izan zitezkeen atal zenbait gehiago ere, berak dioenez. Ehun bakoitza hari batez lotuta dago. Hitzezko haria. Lihoa nola hitza hala saio honetan. Hasiera izena du lehen atalak, Amaiera azkenak. Ez gara literaturaz ari, baina, kasuon, Asier eta Amaia subjektuak liburuko partaide dira.
Lurra, mundua, zaldiko-maldikoa… zirkulua ireki eta ixten duten subjektuak ari dira saio honetan. Tiobiboaren zirkulua nola, osatzen dira naturaren eta bizitzaren ziklo jarraikoak. Liburuak badu mamia, badu estetika doitua ere bai. Badu poetika aire bat. Objektuak ugari dira, saiogileari bidea lantzen laguntzen dioten subjektuak ere askotxo. Ausaz —ausardiaz errana—, egileak aipatzen dituen bidaideak, gehienak gogaideak ditu. Gehiegitxo ote? Nork bere aburua. Egin ezazue zuena.
Hasiera aitzin sarrera
Orainokoan hasmentan jardun dut, iruzkin honen behin-behineko sarrera izan duzue. Liburuaren nire interpretazio hau “balio” izan dakizuen menturan ari naiz. Sarreratik sartuko zarete liburuan irakurle lagun horiek. Halatsu izaten da bizitzan ere. Hasiera baino lehen sarrera duzue.
Ezinezkoa ukatzen duen garaian bizi gara, saiogilearen iritzian betiere. Bere hitzetan, “ez dago ezer ezinezkorik” delako premisa sakon txertatuta dago garai honetako gure pentsamenduaren muinean. Hesola bat lurrean tinkatuta nola, hala gure kontzientzian iltzaturik.
Oharra: sarrerako lehen paragrafoa irakurri eta bigarrenera pasatzean nahasi nauen pasarte bat dago: saiogileak “Ezinezkoaren aldeko” jarrera “Ezinezkoaren kontrako” jarrera bihurtu ote duen nago. Ezinezkoaren kontrako jarrera zalantzan jarri nahi du liburuan eta kontzeptuaren alde egin.
Galdera: ezinezkoaren kontrako jarrera zalantzan jarri nahi du edo ezinezkoaren aldeko jarrera? Horixe nire zalantza. Horixe nire itauna.
Dena dela ere, balio hitza hartu du makulutzat. Ezinezko balio existentzialaz jardun nahi du saiogileak.
“Dena da posible”. Filosofiak geure kontraesanak zalantzan jartzen lagundu behar digu. Edota, bestera erranik, guk geuk zalantzan jarri behar dugu filosofiaren —edozein doktrinaren— balioa. “Dena da posible” delako maxima dugu horren adibide. Gaur egungo subjektuak “askatasunaren eta ziurtasun ezaren” zabuan kulunkatzen dira aldi berean.
Hutsuneak hutsune —saiogileak dioenez—, ezinezkoaren eta hutsunearen arteko harremanean korapiloren bat edo beste dago. Alegia, bizitza zuloz beterik dago: ulermenean, harremanean, ahalmenean… Bada, horixe bera gertatu zait nire Sarrera delako hau ulertu eta interpretatzeko orduan.
Dena dela ere, “giza bizitza denboraren bi zulo handiren arteko une bat baino ez da”, antza.
Bizitza infinituaren finitu-tasunean datza, nonbait. Giza bizitza espazioaren bi zulo handiren arteko une bat omen da, beraz, “hutsuneak ez du zertan gabezia izan”. Itauna jalgi zait Sarreraren hondarrean. Jorge Oteiza haurra zeneko hark bezala, Orioko hondartzako zuloan sartuta eta babestua irudikatu dut nire burua, zeru infinituari begira jarri naiz itaunka berriz ere: Hutsunea egungo bizimoduan delakoaren zeinu bada, zeru infinitu etereoari heldu diezaiokegu eta munduan gaindi bide egin Ezinezkoaren alde?
Hemeretzi ehuni emaniko hainbat puntada
Pertsonon arteko dialektikan —subjektuaren eta objektuaren arteko hartu-emanetan— hitzen puntadak ez ezik, ziriak, eztenkadak eta pikoak berebizikoak dira, baldin eta errealitatea interpretatu eta “egia” aurkituko badugu. Honatx jarraian, liburuko hemeretzi ehun horiei emaniko pasaratuak.
1. HASIERA
Hasieran, genesian —gure kultura kristauak arau—, jainkoak argia egin bide zuen. “Egin dadila argia” erran omen zuen. Agidanez, eginak ordurako izena bazuen izan: ARGIA. Beraz, agindu zuen egitekoak izena bazuen, izana ere bai. Ez al da hala? Euskaldunon pentsamenduaren berbak arau “izanak izena du eta izenak izana”. XXI. gizaldira iritsita euskaldunon maxima hori ere zalantzakorra dukezue. Bai ote?
Ikaspena: hasierak ezinezkoak dira. Bizitza berrirakurketa etengabea da.
2. ARRETA
“Milesker arreta eta jarrerarengatik”. Erabili ohi ditudan esker oneko berbak dituzue. Arreta berebiziko jarrera dugu. Alta, egiari zor, nire aditasuna eskasa duzue. Badut zer landua. Ez naiz bakarra, hain ziur ere. Gure arreta landu aldera, pertsonok hesolak zelai infinitu batean tinkatzen eman beharko genuke bizitzaren erdia. Ekintza hori bizitzarako jarrera txit mesedegarria begitantzen zait. Hartara, pairatzen dugun berehalakotasunaren exijentziatik libra gintezke. Apur bat baino ez bada sikiera.
Ikuspena: Iñigo Martinez Peña saiogilea irakurle posibleen arreta bereganatzeko hartzen duen jarrera hagitz egokia duzue.
3. ARAUA
Saiogileak irakurlearen arreta piztu arau, desegin dezaket neronek iruzkin hau irakurtzeko zuen jarrera. Jarrera eta gogoa. Ez kexa, ez kezka. Arauak hausteko daude. Halaxe diosku saiogileak. Baina, kasu, arau eza ere arau bilakatu daiteke. Arau dela, diziplina dela, ohitura dela… den-denaz baliatu behar dugu, denei balio eman behar diegu orekatu antzean biziko bagara.
Gomendioa: hitzak hitz, berbak berba, eleak ele, arauari sen ona deritzo saiogile euskaldun honek.
4. BIZITZA
“Orekatu antzean biziko bagara” idatzi dut. Bai ote? Halaxe nahi, alafede. Bizitza guztiz arauturik bizitzea, ez da bizitzeko modu egokia. Beraz? Tira, ez naiz bada sartu edo erori kontu existentzialetan? Kontu fribolo bat ekarriko dut hizpidera. Telebistari so nago, Espainiako Kongresutik irten berria den euskal diputatu batek errana duzue: “John Lennonen arabera, bizitza beste plan batzuk egiten ari zaren bitartean gertatzen zaizun hori da”.
Arraioa! Platon, Sokrates, Seneka, Aristoteles eta enparauei erranairu hori okurritu ere ez?
Oharpena: mitoak ez dira soilik antigoalekoak, antza denez, gaur egun ere bizi-bizirik daude.
5. ADINA
Kontuak kontu, kontua bizitzari eta pentsamenduari buruzko galdera-hutsuneei ez ixtea da. Bizitza zelai infinitu luze-zabal bateko belar-izpi adineko galderaz beterik dago. Urteen poderioz, adinarekin jakituria eta esperientziaren jabea(goa)k bilakatzen gara. Omen eta ei. Halaxe ote? Edo kontu hori modernitatearen osteko estatistika kontu al da? Ez al daramagu gure bizkarrean, lan-zelaian finkatu ditugun hesolen arrakala adina? Espazioa sinkronikoa da eta denbora diakronikoa. Horixe ikasi dugu liburuaren irakurketan. Beraz, bizitza —errealitatea hartaz— kontrobertsiaren bitartez edota kontrakarrean eraikitzen dugun ezinezko bat da.
Ondorioz: bizitza estatistika kontu suerte bat bihurtu al dugu?
6. ESTATISTIKA
Estatistikaren balioa balioztatzeko norbait behar, eta honatx Iosif Stalinek errana: “Heriotza bat tragedia bat da; miloi bat heriotza, estatistika bat”. Idealismoaren kontrakarrean jardun nahi baduzue, ezinezko komunismoaren kontra egin besterik ez duzue. Ideologia aspaldi jausi zen estatistiken zakura. Beraz, bizitzaren balioen gakoa/giltza kontuak esateko maneran egon liteke. Dena esana dagoke. Esateko manera landu behar dugu. Norberak besteak —hurkoak— adierazia ezberdin interpretatzen baitu, alegia, subjektuak objektua/mezua ulertzen duen arabera.
Ikaspena: idealisten mezuek edota gurariek ezinezko egiten dute etorkizuna.
7. ETORKIZUNA
Saiogileak semea darama alboan bizitzaren bidean, hots, saio honetan. Hartara, haizu bekit nirea ere aipatzea. Izengoiti bat behar, eta zer doituagoa Mister etorkizuna baino. Hala deitzen genion gureari. Barka —semeari ari natzaio— nire esoterismo honen agerraldia. Etorkizuna bezain bat luze jo lezake atal honen gaineko nire jardunak. Bego. Erran gabe doa, agerian baitago: gurasook gara seme-alaben etorkizunaren eragile. Ez guztiz, hori ere. Etorkizuna, hein batean, norberak urratzen duen bidearen arabera eraikitzen baita.
Ikasgaia: etorkizuna iraganaren arabera egiten dugun jakituriazko interpretazio edo azalpen molde bat da.
8. JAKITURIA
“Giza jakituria ez da absolutua”. Ez horixe! Jakituria osoaren jabe bagina, jainko suerte bat ginateke. Absolutu bakarra jainkoa da, baina bera ez da existitzen. Eta hobe horrela nik uste. Absolutu hitzak den-dena lotuta erran nahi du. Martinez Peñari ikasia hori ere. Jainkorik ez dela izaterik erran dut. Bai, bai, bai, norberak jainkoa nola ulertzen duen, bistan da. Jakina hori ere. Absolutuak den-dena lotuta erran nahi badu, eta jainkorik ez denez gero, ez dut ere gizaki guztiz jakitunik ezagutu gura. Ez horixe! Nire bizitzako esperientziaren gaineko irakurketa bat besterik ez duzue, noski.
Usteko bat: nago, usteak ustel, gizakia —edota pertsona— geroz eta jakitunagoa izan, ez ote den geroz eta jatunagoa bilakatzen. Munstro jatun bat bilakatu ere, alajaina!
9. IRAKURKETA
“Ez daude liburu bera irakurtzen duten bi pertsona”. Bai horixe! Beraz, nik irakurri dudan saiakera eta zuretzat —balizko irakurle horrentzat— interpretatzen ari naizena simulazio moduko bat izan daiteke. Neurri batean hala da. Lasai horregatik. Zuek zarete liburuari zentzu eman behar diozuena. Behar gabe ere zentzua emanen diozue. Alabaina, liburu batek erakusten dizuena baino inportanteagoa da zuek liburua irakurtzeko zuekin daramazun/dakarzuen bagajea.
Puntada bat: ehun bati puntada sarkorrenak intimitatean ematen dira. Liburu baten irakurketa jarduera-intimoa duzue.
10. INTIMITATEA
“Ez gara gure baitakoak”. Erran nahi baitu, ez garela gure izatearen guztizko erantzule. Determinatuta gaudela, hots. Pentsa ezazue: Joxe Migel Barandiaran kristau sineslea eta Baruch Espinoza judu sinesgabea lotu edota batu ditut. Nire aburu motzean, biak ala biak, determinismo suerte baten adierazleak izan ziren eta.
Nolanahi den ere, gure barruan gure baitan gure intimitatean komunitate bat dago dugu daramagu. Ez dago munduan izaterik komunitate baten parte izan barik. Bihotza al da gure intimitatearen adierazle? Komunitatea gorputzaren agertzaile?
Dilema bat: komunitatean bizi al daiteke norberaren intimitatea urratu gabe, nork bere intimo-tasuna zauritu barik?
11. GORPUTZA
“Egungo hedonismoa despolizatuak gorputzaren oreka du helburu”. Baiki, “bertutea erdian dago”. Ez dut nik erraten, jakina, Aristotelesena duzue aipua. Hala omen. Hala ei. Ez betiere, jakina. Non noiz bizi, nola gerta hori ere. Behinola, 50 urtera bidean, nire kazetari lanetan, nire ibilbideko Erredakzio esanguratsu eta progresistenean ez nuen aipu hori berretsi bada! Ausartu ere! Ni baino hogei bat urte gazteago ziren kideen begiradak geziak izan balira, ez nintzateke gaur egun bizirik egongo. Ala jainkoa!
Ikasbidean: gorputza bilakatu da gaur egungo idolo berria, hartu bide du bestorduz arimak zeukan tokia. Patologia molde bat al da? Gure gorputza al gara? Terapiak dira, irudiz, postmodernitateko sendabideak.
12. TERAPIA
Ez gaitezen aztoratu! Terapia hitzak laguntza erran nahi du. Ez da zertan Estagiran sortu eta bizi behar pertsona kultua izateko. Gure hizkuntza landu eta finkatuko bagenu, zelai berdetan hesola nola, euskaldunon pentsamendua goi-gradura irits liteke. Haizeak kontra jo arren, ez da sekula berant. Laguna da terapia, eta euskaldunontzat laguna da ere pertsona eta norbanakoa. Laguna da adiskidea ere bai. Elkar aditzea, horra gizabanakook behar dugun terapia. Terapia laguna eta adiskidea.
Ohartxoa: nik deskribatua ezinezko desiragarria zaizue, irakurle lagun horiek?
13. DESIRAK ASETSEA
I can’t get no satisfaction / Ezin bozkariorik lortu. Harriak karrikan pirritatzen ziren garaian bizi ginen eta Mick Jaggeren ezpain lodietatik entzuten genituen hitzen zipitzik ez genuen entelegatzen. Halarik ere, pozik mugitzen ginen, desirak asetze beharrez nonbait. Zer den modu inkontzientean bizitzea, ezta? Galderik galde: pertsonok inkontzienterik ba al dugu? Ez ote da Sigmund Freuden asmakizun bat? Ez naiz txantxetan ari. Lotsa gutxiko laguna nauzue. Dena dela ere, kontzientea naiz nire kontzientziaren balioaz? Kontzientziarik gabe ez naiz pertsona eta. Baina, artean, ez naiz in-kontzientziaren jabea. Euskaldunok ez dugu consciencia hitzaren kidekorik. Erdarazko conciencia eta consciencia, kontzientzia hitz bakarraren bitartez ebazten dugu. Ba al dago kontzientzia izatea, consciencia edo senik izan gabe?
Oroitu aldera: Iñigo Martinez Peña soziologo-psikologoak arautzat hartzen du sen ona izatea.
14. LOTSAGABETASUNA
Lotsa gutxiko laguna nauzue. Nire iruzkinak lekuko. Matematiketan pertsona mugatua izan naiz betidanik, ezin Pitagorasen arrastoan jardun. Ordea, Pitagoras matematikariari segitu ezinean Pitagoras filosofoari kasu egin izan diot hein batean. Hartara, besteen aurrean lotsarik ez, baina nire buruaren aurrean lotsatzen naiz dezente bakardadean. Intimo-tasunean. Hain ziur ere, halabeharrez edota patuaren menpeko izaki, espektakuluaren gizartearen aurrean biluztu nintzen nerabezaroan.
Saiogileak dioenez, “lotsagabetasunak ohoreak zeukan balioa txikiagotu egin du”. Saiogileak ez du ohorearen balio soziala berreskuratzea denik bidea, baina… Alabaina, hala eta baina, ni ohorerik barik joanen naiz komunitatetik, mundutik alegia.
Adi, adi, adi: adi, adi, adi lagun hori. Ohorea ez da egungo ideala, baina… Alabaina!
15. KOMUNITATEA
Nire egoa larregi hanpaturik ari nauzue, hegoak zabaldu ezinean. Pisua ez ezik nire jarduera —iruzkin hau, alegia— astuna bihurtu dakizuke irakurle. Komunitatea dugu hizpide berriz ere. “Komunitatea eta komunitarismoa aurkakoak dira” (J. Aleman). Bai horixe! Merkatu-balioak lotsarik gabe nagusitu dira. Horrexek ezinezko bihurtu du komunitatea. Marx gogoan, Karl Marx beharrean Groucho Marx heldu izaten zait pentsamendura, baita gogora ere. Haur-nerabe garaiko Groucho gogoratzea eta imitatzea nahiago nonbait, Karl delako hura baino. Ez naiz lagun ilustratua izan egundo. Nork bere patua.
Karl Marx gogoan orain: jabetza gora eta jabetza behera, merkatua babesteko eta zaintzeko estatua ezinbestekoa zen filosofo alemaniarrentzat. Ez zen kontziente nonbait pertsonon jite aseezintzat. Merkatuak irentsi du estatua.
Argipentxoa: abantzu irentsi du, alegia, mende honen erdialdean jabetuko gara —tira, jabetuko dira— janaren betekadaz.
16. JABETZA
Ez naiz “intelektuala”, jabetzen naiz —intelektual hitzaren adiera arras nahasia da gaur egun. Hori aintzat hartuta ari nauzue, halaxe ulertu ere—. Adierarik adiera, printzipioz, eta handi-handika erranik, intelektuala boterea eta jabetza kudeatzen dutenekin “lagun kritikoa” dugu.
Nago baina, historiaren aldi gehienetan intelektual gehienek jarraian datorren “lema” honen arabera errenditu ote duten —eta halaxe errenditzen dutela gaur egun ere—: “Jabetza, munduaren jabetza, eliteko despota-andana baten esku dago”. Ondo. Ados? Ez da aski, niretzako.
Intelektualek jabegoa kontrolatzen dutenen aldean paratzen dute beren burua eta gogoa, in-kontzienteki nonbait. Edo, aitzitik, eta halabeharrez, aurki jabegoa —jabetza politikoa— bere eginen dutenen borrokaren alde aritzen omen dira.
Ulertu aldera: boterearen prebendarik gabe artean ari direnak, boterearekiko oposizioan eta modu kritikoan ari direnen aldean ari dira behin-behinean. Unean uneko boteretsuek jabegoa galdu dutenean, intelektualak euren in-kontzientziaz erredimitzen dira. Intelektualak ez bide dira bizi dutenaren kontzientziaren senik. Jabetzaren abaroan, eguneroko bizitzan ari dira bizitzea —bizitza erreala— zer den ikasi nahi gabe; jira-biran etengabe, liburu-azaleko tiobiboa legez, itzuli-mitzuli dabiltza bizitzaren zaldiko-maldikoan.
Intelektualen maitasuna jarduera zinez maitekorra begitantzen zait. Ironikoa izan ezik, sarkastikoa bihurtzen naute intelektualek.
Erran nahi baitut: horren zaila al da onartzea, denok dugula botere gradu-hein bat? Egunero, gure inguruan, gure boterea erabili eta gauzatu ohi dugu eta.
Argia egin dadila!: jainkoak nola halatsu gabiltza pertsonok munduon. Ez dago logika bakarra, bizitzaren eta bizitzaren oihartzunaren logikak daude, eta biak ez datoz bat.
17. MAITASUNA
“Maitasuna egon badago, baina ez da guretzat”. Bai horixe! Edo ez horixe! Izan ere, maitasunari buruzko jarduera guztiak —berben diskurtsoa, kasuon— pieza solteak baino ez dira. Ehunez ehun harilkatzen ari naizen iruzkin-jantzi honen antzekoa. Maitasunaz ari naiz, eta gorrotoa ere piztu dezaket aldi berean. Maitasuna azaltzea ezinezkoa da, pentsamendua esanezina den ber. Maitasuna azaltzea ezinezkoa da, eta horregatik, nonbait, egiten dugu Ezinezkoaren alde. Ibaiko uretan barrena jitoan doan jendartea omen da gurea. Norbanakoon askatasuna jalgi da balio/balore nagusi legez. Alta bada, ibaiaren ertz gogorren aurka talka egitearen ziurgabetasuna daramagu gure baitan. Egungo mundua Tanatosek gidatua omen dabil, Erosen lema galdurik gabiltza. Gorrotoa gailendu da eta pasioak maitasuna ito du.
Kontuak kontu: …hutsak huts, nola bete maitasun ezak zabaldu duen hutsunea? Hitzak bete al dezake?
18. HITZAK
Ba al dago burutik pasatzen zaigun guztia esatea, edozer izanda ere, burua zentsuratu gabe? Ez. Ez. Ez. Erabateko ezetza. “Guztia esan nahi eta ezin guztia esan”. (Lagunekiko) edota lagun arteko errepresentazioan bizi gara, gure burua —zuzen eta artez— euren aurrean azaltzea ezinezkoa baita. Ezinezkoaren alde egitea, geure buruaz beste egitea da. Suizidio da. Komunitatearen aurrean akabatzea. Ez gara gure baitakoak. Isiltasuna izan daiteke irtenbidea, konponbidea.
Xabier Leteren “haunditzen zarenean ikusiko duzu isilik egotea zenbat balio dun” estrofak durundi egiten dit oraindik ere buruan. “Inoiz esan ezin diren estalitako egien oihurik bortitzena” dantzut halaber ene baitan. 60 urte aspaldi gainditurik ezin hitzari aitzi egin eta isiltasunean murgildurik goxo-goxo bizi.
Ados eta akort: isiltasuna bera hitz bat da. Ez luke haatik, amaierarik izan behar.
19. AMAIERA
“Beti dago haraindi bat” (A. Garcia Calvo). Horregatik segitzen dugu bizirik, alafede. Jakintzaren aurrerapenek historiaren amaiera iragarri zuten aspaldi. Gizadiak aurki jakintza absolutuaren jabe eginen omen da. Beno, ez dezadan orokortu, gizadia idatzi dut, baina hara, “gizadia bere menpe hartu duten gaur egungo despota handi-mandi horiek” idatzi beharrean nago. Ororen amaiera heldu dela pentsatzen dutenak ez dira jabetzen duten botereaz. Prefosta, ororen amaierari aitzi egiteko, behin eta hasteko, geure amaiera gero eta hurbilago dugunaz jabetu ez ezik amaiera berau onartu behar dugu. Amaierak hasiera dakar. (Azaleko) tiobiboan ez dago hasiera-amaierarik, zaldiko-maldiko itzuli-mitzuli dabilen bitartean. Bizitza etengabeko errepikapena da. Ibai beretik datorren betiko ur berria.
Azkenik: metaforak metafora, aukera-maukera, halako batean ezinbestez geratu behar duen tiobiboan jarraitu beharrean, segi dezagun bada ibaiaren jitoan. Ahalaz, ez gaitezen ito.
Post Scriptum
Post-scriptum gabeko iruzkin batekin amets egin dut hasieratik, amaieran ordea, Iñigo Martinez Peña saiogileak hitzekiko dituen arreta eta jarrera eskertu beharrean ikusi dut nire burua.
Ezinezkoaren alde
Iñigo Martinez Peña
Mikel Asurmendi
Haize beltza
Amaiur Epher
Asier Urkiza
31 ipuin
Anton Txekhov
Aritz Galarraga
Odolaren matxinadak
Miren Guilló
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Borrero txiki bat
Xabier Mendiguren Elizegi
Joxe Aldasoro
Zero
Aitor Zuberogoitia
Amaia Alvarez Uria
Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga
Aiora Sampedro
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Mikel Asurmendi
Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez
Jon Jimenez
Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi
Asier Urkiza
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Nagore Fernandez
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Aiora Sampedro
Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi
Mikel Asurmendi