kritiken hemeroteka

8.466 kritika

« |

Haize beltza / Amaiur Epher / Txalaparta, 2025

Beltzetik blura Jon Jimenez / Gara, 2025-03-09

Hilotz gizatiarrik gabeko eleberri beltza dugu hauxe. Erailketa batzuen kontakizunak entseatuko ditu Tomasek bidean, baina narrazioaren bilbe orokorrean “lumaren alkimista” den idazlearen figura nagusituko zaigu.

Literatura beltza, literatura “urdina” edo “blua”, autofikzioa eta existentzialismoa gurutzatu ditu Amaiur Epherrek (Izpura, 1994) bere bigarren eleberrian, “Haize beltza”-n (Txalaparta, 2025). Baionako apartamentuan sarturik da, sormen krisi betean, Tomas protagonista, eleberri beltz bat idazteko beka irabazi ostean, elkarren arteko lotura ez duten txatalak baino idazteko gai ez delarik. “Euskal literaturan nor izan nahi duen idazle gazte, pedante, etsitu eta kexatia, iparraldekoa deitua den ekialdeko loser bat bera”. Etengabeko porrot horrek humano bihurturik, errukitsuki eta samurki, berehala ikusiko dugu geure burua harekin identifikaturik.

Hilotz gizatiarrik gabeko eleberri beltza dugu hauxe. Erailketa batzuen kontakizunak entseatuko ditu Tomasek bidean, baina narrazioaren bilbe orokorrean “lumaren alkimista” den idazlearen figura nagusituko zaigu. “Urrea, ez dakit… zureak beltzezkoa ez, baizik eta azulezko obra ematen du”. Izan ere, literatura beltzaren kode klasikoekin jostatzen da eleberria, haiekiko nolabaiteko distantzia ere hartuz eta literatura “urdinago” batera lerratuz. Sorkuntza orok eskatzen duen estilo propioaren eta ideia originalen bilaketa baita garrantzia hartzen duena hemen.

Hala, ez da harritzekoa nafar-lapurtera goxoz eraikitako narratibari dimentsio intelektual zabala emanen dioten erreferentzia kultural andana agertzea. Historiak pisu nabarmena du, baita zineak —hemen Hitchcock nagusi— eta musikak ere. Hertzainak-en “Kristalaren bestaldera” edo Ruper Ordorikaren “Hautsi da anphora” inspirazio iturri dira, baina, giro orokorrari dagokionez, nobelak Itoizen doinua dauka akaso gehiago. Literaturan, berriz, hari beltza jarraitzen duten Hammett eta Chandler edota Simenon eta Maigret komisarioa dakusagu. Camus edo Sartre existentzialisten parean, Modiano, Tomasek “euskal Modianoa” bihurtzerik nahi ez duen arren. Euskal literatura klasikoaren eta garaikidearen arteko mugak arinduko zaizkigu: Unai Elorriagaren kontatzeko era eta Joannes Leizarraga edota Aymeric Picaud nahastuz, eta Itxaro Borda edo Jon Alonso euskal literatura beltzaren maisu garaikideetara joaz. Eta, amaiera aldera, bidelagun aitortuko digu Paul Austerren eragina eta, hari jarraiki, idazlearen figura eta bere blokeoa lantzea, autoerreferentzialtasuna eta literatura beltzaren berrirakurketa egitea, hiri-zelataria izatea, pertsonaiaren identitatearen lausotzea eta, oroz gain, adiskidetasunarekin batera, nobelaren erdigunean kokatzea zalantza, obsesioaren eta frustrazioaren artean firin-faran dabilena, sormenaren akuilu eta galga aldi berean.

Azken kritikak

Haize beltza
Amaiur Epher

Jon Jimenez

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Asier Urkiza

Girgileria
Juana Dolores

Nagore Fernandez

Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin

Aritz Galarraga

Teatro-lanak
Rosvita

Amaia Alvarez Uria

Gabonetako ikuskizuna
Pedro Ignazio Barrutia

Gorka Bereziartua Mitxelena

Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain

Ibon Egaña

Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain

Aiora Sampedro

Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi

Paloma Rodriguez-Miñambres

Zoriona, edo antzeko zerbait
Karmele Mitxelena

Sara Cabrera

London Calling
Goio Ramos

Sara Cabrera

Politeismo bastarta
Jule Goikoetxea

Jon Jimenez

Arturoren uhartea
Elsa Morante

Asier Urkiza

Basokoa
Izaskun Gracia Quintana

Nagore Fernandez

Artxiboa

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

Hedabideak