« Barrenak mugitzen dituen familia testigantza | “Gabonetako ikuskizuna”: desbergonzadu perroa! (Belengo estalpean euskañolez) »
Puntobobo / Itxaso Martin Zapirain / Erein, 2024
Isiltasunaren lengoaiak Ibon Egaña / Deia, 2025-03-08
Ez da presaka ibili Itxaso Martin Zapirain bigarren eleberria publikatzeko. 2012an egin zuen debuta literaturan Ni, Vera-rekin, eta hamabi urte beranduago etorri da Puntobobo. Tartean amaitu zuen emakumeen psikiatrizazioari buruzko doktore tesia ere, eta patxadaz baina sendo egindako ibilbide horrek badu berezitasun aipagarri bat: konstantea dela Martinen lanean gizarteak diferente, ero, marginal jotako emakumeekiko ardura, haien bazterketa sozialaren mekanismoez hausnartzeko gogoa. Ardura sakon horrek zeharkatutako autore baten lana da eleberri hau ere: oraingo hau “besteak bezalakoak” ez diren umeen inguruko bi istorio txirikordatzen dituen nobela da.
Hala azaltzen dio Joanek bere amari: Maddi bost urteko alabari buruz arduratuta deitu diola irakasleak, esanez froga batzuk egin beharko dizkiotela haurrari, komunikazio- eta ulermen-arazoak dituela eta. Ama-alaben arteko dialogoarekin hasten da eleberria, eta bi pertsonaien elkarrizketa hutsez osatuak dira nobelako kapitulu bakoitiak. Gaur eguneko amona eta ama batek bilobari buruz duten solasaldiak sartzen du nobelan obraren gai nagusia, “normaltzat” jotzen ez diren umeena. Adierazpen zuzenaren eta soiltasunaren alde egin du apustu sendoa Martinek atal horietan: akotaziorik ez, elkarrizketa luze eta jarraitua baino ez, bi pertsonaia nagusien artean. Bizitasun, gaurkotasun eta sinesgarritasun handiz sortutako solasaldi horiek “besteak bezalakoak” ez diren umeez eta egoera horrek familietan sortzen duen ondoezaz ez ezik, familia egituraren beste alderdi batzuez aritzeko bidea ere badira, baina: anai-arreben harremanaz, eta batez ere, ama-alaben arteko harremanaz. Eraldatu al liteke ama-alaben arteko harremana, urte luzetan isiltasun, esan gabeko, ironia eta ihesbideen gainean oinarritu dena? Merezi al du, zilegi al da harremanari buruz hitz egin eta hura analizatzen aritzea, ama zahartzaroaren ateetan denean? Azkenaldian inguruan sarri sumatu eta partekatu ditugun kezka batzuk inteligentzia handiz fikzionatuak irakurri ditut kapitulu horietan.
Kapitulu bikoitiek beste istorio bat dakarte, bestelako estilo eta estetikaz garatua. Besteak bezalakoa ez den umeaz erditu den amaren eta alabaren arteko harremanaz dihardu bigarren hariak. Hitzik gabeko harremana da, ama-alaba maitasun trinko eta isolatua, inguruneak diferentzia arbuiatu ostean etxe barruan, isolatuta, garatzen dena. Zehaztu gabeko denbora-espazio batean girotua da bigarren istorio hau, eta kontrastea begi-bistakoa da kapitulu bakoitietako hariaren estilo zuzenarekin parez pare jarrita. Bemardo Atxagak Obabaz sarri esandakoak etorri zaizkit burura atal horiek irakurtzerakoan, nola mundu hura hizkuntza jakin bat sartu aurretikoa zen. Martinek ere “psikologia”, “autismoa”, “frogak” eta halako terminoak existitzen ez diren mundu batean sartzen gaitu atal horietan horretarako sortutako hizkuntza literarioaren bidez, eta hala barneratzen gaitu ipuinarena izan litekeen diskurtso, tenporalitate eta espazialitatean. Giro itxi, klaustrofobikoak, gainera, aukera ematen dio idazleari eleberrian ukitu gotiko-fantastikoren bat sartzeko, halakoak gehiegi ez badira ere. Horretan sumatu dut, eta baita amona-ama-alaba genealogia femeninoaren ardatzak duen protagonismoan ere, Layla Martinezen Carcoma apartaren oihartzunen bat liburuan.
Akaso nobelako bi hariak elkartzen diren puntua egin daiteke aurreikusgarri xamarra, halakoetan sarritan gertatzen den bezala. Ez ditu estaltzen horrek, ordea, nobelak dituen bertute ugariak. Gogortasunaren atzean edertasuna bilatu eta aurkitzen duen testu hunkigarria iruditu zait Puntobobo.
Haize beltza
Amaiur Epher
Jon Jimenez
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Asier Urkiza
Girgileria
Juana Dolores
Nagore Fernandez
Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin
Aritz Galarraga
Teatro-lanak
Rosvita
Amaia Alvarez Uria
Gabonetako ikuskizuna
Pedro Ignazio Barrutia
Gorka Bereziartua Mitxelena
Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain
Ibon Egaña
Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain
Aiora Sampedro
Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi
Paloma Rodriguez-Miñambres
Zoriona, edo antzeko zerbait
Karmele Mitxelena
Sara Cabrera
London Calling
Goio Ramos
Sara Cabrera
Politeismo bastarta
Jule Goikoetxea
Jon Jimenez
Arturoren uhartea
Elsa Morante
Asier Urkiza
Basokoa
Izaskun Gracia Quintana
Nagore Fernandez