kritiken hemeroteka

8.347 kritika

« |

Presbiziak lagundu omen digu / Edu Zelaieta / Pamiela, 2024

Ene begien akatsetatik, lurreko poeta begitandu zait Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2024-07-01

Aitzinsolasa

Aitzinsolasa, liburuaren gibel-solasetatik abiaturik: ESKERRIK ASKO AUNITZ poetari, poeta honi. Liburuari eskua luzatzen hasi nintzaionetik hiruzpalau aste joan dira. Ez nuen uste horren zalu fruiturik emango zidanik, nire gorputzean kimurik ernalduko zuenik. Hasi dituzu doi-doia loratzen, emeki-emeki baina ausarki. Abiatu naiz idazketan/loratzetan abioan joan gabe, hegalak zabal-zabalik halaz ere. Tentuz haatik. (D)eskriba ditzadan… poemok!

Aipatu gibel-solasak liburu eskuratu eta atoan leitu nituen. Iratxe Retolazaren Higatze eta urratze ertainak epilogoa irakurrita: “To eta no, hau eta gero zer erranen dut, bada?”. Presbizia endelegatu alderako soako zenbait eskaini zizkidan testu mardulak. Honatx hainbat lerro segidan, irakurketarako lagungarriak:

Presbiziak nolatsu, poesiak halatsu / Ikusmen nekatuak nolatsu, gramatika lausotuek halatsu / Begi-lausoa nolako, gorputz-gramatikala halako / Beste gorputz higatuekiko begirada nolako, geure gorputz higatuarekiko ispilua halako / Pribilegioen kontzientziak norantz, kezka poetikoak harantz / Gizarte-kontzientziak norantz, desbideratze poetikoak harantz / Nork irakurri, nola gorpuztu, norantza desplazatu.

“Nolako ‘jainkosa’, halako solasa! Halako ‘jainkosa’, nolako poeta?” pentsatu nuen. Gure ertainkeriek sorturiko angelu-itsuez zer pentsatua eman zidan, adiskidea! Abian naiz, eiki. Poema hauen higatze-urratzek nire azalean loratutako kimuak eskaini alderat.

Doala, irakurle hori, sarrerako oharraren gibeletik nire oharra: iruzkin hau ene begien akatsetatik izkiriatu dut nik ERE. Hiru ataletan emanak nik ERE bai:

1. atala: Presbiziak lagundu omen digu

Zoriak ezarritako distantzia gainditze bidean, ignorantzia zaigu ageri. Denbora dugu jainko(s)a. Edukia da forma, presbiziatik so. Alta bada, ikusten ikastea ez dugu aski: ez dago Senarik gabeko Parisik.

Aditu ezazu erne: lotsa dugu bestea lotsarazteko jitea/seinalea, arras eta arrunt. Ez ditugu ikusi nahi, bizitzari eusten dioten itzal eta gauza tristeak. Oinazeei aurka eginen diegu, damutuko bagara ere. Kopetako zimurrak wifiaren seinaleak ditugu. “Zuek badakizue zer den gizon bat?”. Emakumeei ari gatzaizkizue. Izanik ere, ertainkeriek definitzen dituzte klase ertainekook.

Singularren orain, lehen pertsonan: nire barkamenik beroenak ulertzen ez nauenarentzat. Oraingo zaharren libidoa dukezu, libidoli-libidola. Hitzez ere, batez ere hitzez, uste baino gehiago kutsatzen dugu. Bai horixe! Ez naiz ni, baina banaiz ni. Beti defentsiban. Hots, bagara gu. Gu iraultzaileok. Ok, ok, ok… Oka egiterainoko iraultzak gureak. Adinaren botereak boterearen adina lakoak dira. Jarri hanka baten gainean, geldi, eta lurraren bira sumatuko duzu. Pertsonala dena, afera politikoa denez jabetuko zara. “Pausaren kausa”. Horixe ote kausa eta dema. Polita, landu beharreko dema. Araiz. Agian. Agian, maite ez zintudalako zu maitatzen ikasi nahi izan nuen. Maitale hotza izan ninduzun. Otsaila maite dut, araiz!

Iragarpena: poeta honen poesiaren inbentarioa egiten ari nauzu. Aizan aizak aizu: nire berba hauek asmakizunak dituzu. Kontuak eta ipuinak elkarren eskutik heldu izaten dira eta.

2. atala: Singularraren pluralak

Unibertsoa legez, izan gaitezen pluralak. Pentsa dezagun pluralean, bakarrik izan arren. Nork bere gerra dauka, bere buruarekiko lehiaren arau. Segi dezagun ederraren xerka, haatik. Bizitzak krak egiten duenean ederrena duzu ageri.

Poesia liburu honen diagnosia egiten ari naiz. Meteorologo batek baino gehiago “asmatu” nahi nuke, asmatu barik ituan jo. Gogoa ituan sartu gura dut. Oraingo kamasutra ez baita lehengoa, ez lehenengoa ere. Denok gara erabat ezagutuko ez dugun ama baten seme-alabak.

Pandemian hil zitzaigun ama —guri ERE—: hiltzen naizenean, ospitalean igaro ez nituen asteak “ordaindu” nahi nituzke. Osakidetza ERE nire etxea izan zen hainbat urtez. Infernu hartan poetak ez ziren Olinpotik jaitsi. Larhungo kaskoa ikusten nuen etxeratzean, Txindokiko kaskoa begiztatu ostean. Gurutzeta ezagutu barik, gurutze bidea esperimentatu nuen. Ama ez da berpiztu, bistan da. Presbiziak laguntzen dit hori ikusten. Eskatologiaren argitan ari nauzu —munduaren amaiera eta gizateriaren patua gaitzat hartu dut—.

Heriotze bakoitza bizitza ikaspena duzu. Mundua gero eta zaharragoa da, biharko eguna gaur heldu zaigu. Maingu maki eta herren gabiltza, hiru hankatan ibilki ere. Omen. Harrizko zutoin zilindrikoa erromatar milia bateko tartean jarri zuten. Omen eta ei.

Baiki, gure burua asmatzen dugu egunero, ez behin bakarrik, sarritan. Nik ERE, ezin dut idatzi iruzkin hau hiztegiaren laguntzarik gabe. Aleluia Elhuyar!

Pluralari eta singularrari buruzko poemak iruzkintzen ari nauzu. Jasaten ahal dugun egiaren dosi handienarekin bizitzea nahi dut —singularrean idatzi arren, pluralean ERE ari naiz—, albait eta errealitatetik gertuen bizi ahal izateko.

Benetako gertaeretan oinarrituta bizitzeko, osasungarria da literaturaz apur bat dakitenei kasu egitea. Honako hauxe aintzat harturik betiere: bizitza literaturaz

—edota poesiaz— haratago eta honatago dago.

Mahmuden arazoa singularra da. Darwishen problema berriz, plurala. Poetek ERE, galderaren kopa hautsi baino ez dute egiten, poeta Mahmud Darwish delarik ere. Filosofiaren zerbitzua galderak pausatzea da. Poesiaren zerbitzua galderen arrapostua aurkitzea. Literatura bizitza urratzeko bidaidea dugu. Hartaz, egin dezagun hitzarmen bat gure izatearen enigma deszifratzeko.

3. atala: Estrabonen denboran

Algoritmoen harietatik eta arioetatik aldendu gaitezen apur bat, jolas dezagun umeekin, eman dezagun paseo bat, irakur dezagun liburu bat. Ez gara horregatik hobeagoak izanen, ez dago baina ekintzarik gabeko bizitzarik. Estereotipoetatik urrundu gaitezen, hemen denok baikara turistak. Estrabonen optika ari du gaur egun ere. Bizitzak arrazoi du kasu guztietan, adimen artifiziala “sortu” dugu, adimen naturalez motzak garelako.

“Poeta on zaharrek —Michel de Montaignek errana— itxurakeria eta bilaketa saihestu zituzten”. Ez naiz ziur, saiogile zaharrak adierazi nahi izan zuenaz. Literatura interpretatze kontua baita. Kontu doitze bat. Errealitatea interpretatzen dugun arau, ulertzen dugu bizitza. Edo alderantziz, bizitza interpretatzen dugun arabera ulertzen dugu literatura. Ez zaitez fida beraz, ez saiogileez ez poetez, ezta haien interpretez ERE.

Patxi Lopez lehendakari ohiaren poesia ulertzen dut halarik ere. Alabaina —“baina” madarikatua ez da beti malapartatua—: Patxirena onartzeko funtsezko da Lopezena ulertzea. Ignorantziak badaki horretaz.

Fikzioa da egia, gezurra ez bezala. Egiak badaki gezurraz. Egiak funtsean estatistiketan funtsatuta daude. Jendeok estatistikez baliatzen gara egia itxuragabetzeko. Bestela erranik, errealitatetik at bizitzeko. Krakoviaz betetako mundu batean bizi gara. Zaila dugu hartara, errealitatea jasan ahal izatea.

Batzuetan, berritzea baino komenigarriagoa da EZ imitatzea beste batzuek aurretik egin dutena. Zeregin horretan poetak nobelagileak baino zoriontsuagoak omen zarete, baita abilagoak ERE. Edu Zelaieta Anta idazle hori, salbu zaude madarikazio orotarik. Nago ez ote zaren nobela bat idazten ausartzen. Presbizia pairatu izan arren, irus bizi zara poet alu alaena. Local poet izaten menturatzen zara, munduko tokian tokiko poeten harrotasunaz harro.

Seinale zital errukarria: barka Edu Petrarka zakil honen erasana, zure poesiarekiko maitasunez esana (sic).

Adi eta erne irakurle bidaide hori: iruzkin hau irakurketaren akatsetatik ERE egina duzu. Hutsuneak zuk zeuk bete beharko dituzu. Akort?

Ikaspen bat: ez gazteak, ez emakumeak, ez ez-binarioak, ez euskaldunak, ez tetraplegikoak ez dira talde homogeneoak. Metaforen bitartez eraikitzen dugu mundua. Ona txarra delako, hiztegi zaharra zaharrago —eta indarberrituago— den heinean gure hiztegia indarberritzea komeni zaigu denoi.

Ohar 1: bidean parada egiteko parada aurkitu dut: Pandemiak ekarri ez zituen 160 bertso-lerro idoro dut bidean. Orduan bete ziren egiazki orakulu guztiak:

I. Osasungintza eta hezkuntza esloganak baino ez ditugu.

II. Ez ditugu utopiak eta kimerak bereizten ikasi.

III. Ongizatearen botikak gordeka hartzen ditugu.

IV. Datuek feminismoari arrazoia ematearekin konformatzen/konfirmatzen gara.

V. Kultura turismoaren negozioarekin nahastu dugu.

VI. Edu Zelaieta Anta poeta/egilea ERE defizitarioa da.

VII. Ez dugu astirik —ez betarik— lasai pentsatzeko.

VIII. Politikari guztiak errukigabe berdintzen ditugu.

IX. Bidasoak ura eta gorpuak daramatza.

X. “Egoismo kolektiboa”, oximorona duzu.

Ohar 2: 160 lerroetatik hamar baino ez dizkizut ekarri.

Gezurra: horratx XI.garrena, propinaz: Zentsuraren beldur, autozentsurara jotzen dugu.

Poeta norberaren libertatearen gidaria

Topiko bat duzu, baina hara, gure jendartea ERE diasporen bilduma bat besterik ez da. Pandemiaz ari zaigu poeta, COVID19 delakoaz. Pandemia tonu epiko batez azaldu nahi omen diegu gure ondokoei. Batzuek, endemas, hildakoak “bizi” izan genituen.

Delacroix margolariaren La liberté guidant le peuple bitartez, libertatea hiru mugimenduetan marraztu digu poetak: Libertatea herriaren gidari. Libertatea norbanakoaren gidari. Norbera libertatearen gidari.

Ez da inoiz finkatzen, ikusten dugunaren eta dakigunaren arteko harremana. Gu munduarenak gara, baina mundua ez da gurea. Etsaia pobrezia da eta gure harresiak etsaia mantentzen du. “Itunak eta atunak hitzartu ditugu”, diosku poetak. Barre egin dut, lehertzeraino egin ere. Lotsa ezak artegatu nau arras. Nik ez dut deus ere bizarren alde. Nik ERE hitzez jardun nahi dut, ez artega ez lotsa, ahoan bilorik gabe jardun ere.

“Hain da iluna eta sakona eta gainetik kentzen zaila mende luzeetako itzala gizontasunaren soinetik…”. Ni ERE historia-istorio honetan nago, Edu Zelaieta Anda poeta dagoen legez. Baita zuek ERE, iruzkin honen irakurle horiek, emakumeak zein gizonak izanagatik ere. Nor gure moldera historiako (g)izaki gara. Funtsean, film guztiak fikzioa eta dokumentala dira aldi berean. Nobelak, ipuinak eta poema liburuak diren legetxe. Alabaina, zein polita den presbiziaren zalantzarekin mundua begiztatzea, ezta? Akats optikoaren zikloa biziberritzea. Hurkoaren adimena pertzibitzea dugu eskuzabaltasunaren molde bitxiena, molde aratzena.

Azkenik

Guztion singularretik neure pluralera heldu naiz ni ERE bai. Luzatu nezake jarduna. Hurbileko betaurrekoak erantzi ditut, ordea. Ez dut zertan/zer gehiago erantsi. Iruzkin honen izenburua errepikatzea ez bada: Presbiziak presbizia, “Ene begien akatsetatik, Edu Zelaieta Anta lurreko poeta begitandu zait —munduko poeta berriz ere—“.

Azken kritikak

Presbiziak lagundu omen digu
Edu Zelaieta

Mikel Asurmendi

Itsaso amniotikoa
Oihane Jaka

Aitor Francos

Itzulpena-Traducción
Angel Erro

Jon Jimenez

Itzulpena-Traducción
Angel Erro

Asier Urkiza

Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza
Mckenzie Wark

Nagore Fernandez

Fiesta: Eguzkia jaikitzen da
Ernest Hemingway

Aritz Galarraga

Biharraren hegietan
Maddi Sarasua Laskarai

Maddi Galdos Areta

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Aiora Sampedro

Aingeruak eta neskameak
June Fernandez

Ibon Egaña

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Nagore Fernandez

Nekropolia
Boris Pahor

Asier Urkiza

Markos Gimenoren 101 letrakartel
Joseba Sarrionandia

Jon Jimenez

Horma
Marlen Haushofer

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

Hedabideak