kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Ura ez baita beti gardena / Xabi Lasa / Elkar, 2023

Uraren zikinak Joxe Aldasoro / Deia, 2024-06-08

Ura ez baita beti gardena (Elkar 2023) eleberriak Irun Hiria saria jaso zuen edizio urte berean. Idazlea, Xabi Lasa Gorraiz (Berriozar, 1967), politikari, irakasle, itzultzaile eta lan honekin idazlearen kategoria ere hartu duena. Teologia ikasketak ditu, Berriozargo alkate izandakoa da eta baita Foru Parlamentaria ere. Besteak beste.

Asmatu du idazleak gaiarekin, originala iruditu zait ura. Bukolikotasun eta poesiarekin lotzen den arren, gehienetan, eleberrian duen edo estaltzen dituen interes ekonomikoekin, negozio, anbizio eta krimenarekin erlazionatua agertzen zaigu. Paisaia ere ez da askotan agertzen zaiguna, Nafarroa Garaiko erribera, Euskal Herri berde eta urdinaren iruditegitik urrun: Bardeetako basamortu latza. Lur gorria, edo zuria eta beltza esan beharko nuke, zehatzago izatearren. Genero beltzean ohikoa denez, negozioak, ustelkeriak, interes politiko eta pertsonalak nahasturik. Baita polizia desberdinen arteko talkak ere. Atzeko planoan, Geroa Baik UPNri lehendakaria kendu zion testuinguru politikoa. Edozein gobernu berrik sortzen dituen espektatiba positibo, eta ondorioz, ia halabeharrez, dakarren dezepzioak elkarrekin loturik. Osagaiak baditu eleberri erakargarria izateko eta iruditu, hala iruditu zait. Uraren erabileraren inguruko dokumentazio lan garrantzitsuarekin gainera, kontakizunaren hasieran, batez ere, nabarmentzen dena. Pertsonaia ugari eta espazio desberdinetan garatzen den trama.

Ez dakidana da pertsonaien edo, zehatzago, tramaren josketan asmatu duen idazleak. Zergatik diodan? Pertsonaia batzuk, trama batzuk agertzen dira eta luzaroan ahaztuak geratu zaizkidala iruditu zait. Adibide bat jartzearren: Guardia Zibila eta Foruzaingoaren artean sortzen den konpetentzia edo interes konfliktoa momentu egokian txertatzen da, bai, baina gero desagertu egiten da eleberriaren bukaera arte, magoak txisteratik ateratzen duen untxiaren antzera berragertuz. Bada, baita ere, pertsonaia batekin gertatzen dena eta atentzioa eman didana. Pertsonaia jada ezagutzen du irakurleak baina idazleak bere izena deliberatuki, jakin-mina mantentzearren imajinatzen dut, ezkutatzen du pasarte gatazkatsu batean. Iruditzen zait, ikuspuntu literariotik noski, izen ezkutatzea ez dela zilegi, irakurleari tranpa egitea dela. Eta pasarte gatazkatsu hori iruditzen zait, modu berean, sinesgarritasun aldetik, eleberriko ahulena. Aipatu dut Erriberako ureztatzearen inguruan dokumentazio lan potoloa egin duela idazleak, baina iruditzen zait, baita ere, azalpenean ez duela bete-betean asmatu. Behin baino gehiagotan idatzi arren, nik behintzat, ez ditut ulertu sare berri eta zahar eta elkarren arteko lotura eta ez lotura, hartze eta ez hartze arteko xehetasunak. Sinesgarritasunaren mesedetan egingo zuen agian, baina azalpen sinpleagorik egitea badagoela iruditzen zait.

Bukaera izan da ulertu ez dudana. Imajinatu dut idazlea eleberria idazten eta orrialde kopurua hazten eta hazten. Iritsi da momentua non pertsonaia, trama eta azpi-trama guztiei irteera aurkitzeko gehiegi luzatuko zitzaiola eleberria, edo nekeak eraginda agian, baina idazleak kontakizuna likidatzeko erabakia hartu zuela: epilogoa, luzeegia nire ustetan, idatzi eta eleberriaren bigarren zati bati atea irekitzea, eta, zergatik ez, modan dauden trilogia bati. Ea bada!

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak