kritiken hemeroteka

8.345 kritika

« | »

Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza / Mckenzie Wark (Danele Sarriugarte Mochales) / Katakrak, 2024

Gorputzak lekuko Nagore Fernandez / Berria, 2024-06-30

Estreinakoz irakur dezakegu Mckenzie Wark euskaraz, Katakrak etxeak argitaratu berri duen Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza liburuari esker. Itzulpena Danele Sarriugarteri zor diogu, itzulpen zintzo bezain fina; hitzostea, berriz, Jokin Azpiazurena da, eta bertan, Warken obraren interpretazio sakon eta arretatsu bat aurkituko du irakurleak. Esango nuke Mckenzie Wark lorpen askorengatik dela ezaguna nazioartean, bere ibilbide profesionalarengatik, bere lan akademikoengatik, bere fikziozko obrengatik; baina, azkenaldian, emakume trans eta adineko bat izateagatik egin da bereziki ezaguna.

Euskaraz irakur dezakegun obran bere ahots pertsonalena bildu du: bere bizitzan, eta batik bat trantsizioa egiterakoan, garrantzitsuak izan diren pertsonei mintzo baitzaie kapituluz kapitulu, eta bitartean, hainbat gairen inguruan hausnartzen du. Gorputz bat deseraikita berrasmatu zen Wark, baina hori baino gehiago deseraiki zuen trantsizioa egiterakoan: jaiotzen garenetik gure genitalitateak markatutako jarrerak, harremanak izateko moduak, subjektibitate ereduak, hain zuzen. Gorputza nahierara moldatzeaz bat birsemantizatu zituen nortasuna eta generoa, bai berak subjektu bezala, bai gizarteak eta bere inguruak ere, “sexua aldatzeak gauza mordo batekin duzun harremana editatzen du” eta. Irakurleak diskurtso hegemonikoaren kritika inplizitu baina zorrotz bat aurkituko du orriz orri, Warken trantsizioak gizartearen “gorputz-zentrismoa” eta genitalitatearen nagusitasuna agerian utziko dituen heinean.

Horretarako, idazketa du bidaide autoreak; maite dituenei idazten die, eta, bitartean, bere burua ere berridazten du, Warken hitzetan: “Idazketa autorearen jaiotza da; testua, karena”. Genero epistolarretik hurbilago dagoen testu-sorta bat izanik ere, Warken diskurtsoak asko du poetikotik, batez ere, oroitzapenak ekartzeko unean. Aipatu bezala, iraganari begiratzen dio, hain zuzen ere, hura deseraiki eta bere bizitza berridazteko. Aditzaren denborarekin jolasten da ezustean orainetik haurtzarora salto egiteko: diskurtso nagusia lehenaldiko aditzekin egiten badu, orainaldikora salto egiten du iraganaz hitz egiteko. Guztiz antitetikoa da, hortaz, denboraren erabilera, autoreari denboran hurbilago zaiona iraganago markatzen baita, urrunago zaiona, ostera, orainaldiago. Oharkabekoak direnez, irakurketa aktibo bat egitera gonbidatzen gaituzte halakoek, baina, guztiaren gainetik, sakonean duen esanahiagatik eta sinbologiagatik iruditu zait baliabide formal hori ederra. Nire ustez horretan datza, estetikoki behintzat, liburuaren muina.

Laugarren olatu feminista baten atarian omen gaude, zeinak pertsonen baitara begiratu eta, aniztasunetik eta intersekziotik, arazo pribatuak eta indibidualak publikoak eta kolektiboak ere badirela aldarrikatzen duen, besteak beste. Iruditzen zait atarian ez, ezpada olatu horren gandorrean gaudela jada, bai nazioartean, baita Euskal Herrian ere. Eta beste hainbat lan erreferentzialekin batera, Mckenzie Warken obrak, eta halakoak euskaraz irakurri ahal izateak hori erakusteko ere balio dutela esango nuke.

Azken kritikak

Itzulpena-Traducción
Angel Erro

Jon Jimenez

Itzulpena-Traducción
Angel Erro

Asier Urkiza

Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza
Mckenzie Wark

Nagore Fernandez

Fiesta: Eguzkia jaikitzen da
Ernest Hemingway

Aritz Galarraga

Biharraren hegietan
Maddi Sarasua Laskarai

Maddi Galdos Areta

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Aiora Sampedro

Aingeruak eta neskameak
June Fernandez

Ibon Egaña

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Nagore Fernandez

Nekropolia
Boris Pahor

Asier Urkiza

Markos Gimenoren 101 letrakartel
Joseba Sarrionandia

Jon Jimenez

Horma
Marlen Haushofer

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Joxe Aldasoro

Zoo
Goiatz Labandibar

Paloma Rodriguez-Miñambres

Xomorroak
Julia Guillamon

Nagore Fernandez

Artxiboa

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

Hedabideak