kritiken hemeroteka

8.345 kritika

« | »

Fiesta: Eguzkia jaikitzen da / Ernest Hemingway (Koro Navarro) / Erein / Igela, 2024

Kontraesana besarkatu Aritz Galarraga / Berria, 2024-06-30

Zorionez ez gara hortik pasa, baina ulergarri gerta dakiguke: Lehen Mundu Gerra bukatu eta, zer hoberik egin daiteke, dena edan, oro irentsi, maite afera bat bestearen atzetik lotzea baino? Ez dute askoz gehiagorik egiten Fiesta. Eguzkia jaikitzen da eleberriko pertsonaiek. Lehenik, Parisen —“Bost inporta zaidak Paris niri”—. Eta batez ere Iruñean, euskaldunon Hiri Buruzagian. Pernod, whiski, botila bana ardo. Entremesak, arrautza-plater bat, bi haragi plater, eta postrea eta fruta. Baina haragia, batez ere haragia, ahal duenak nahi duenarekin. Bakanal bitalista bat. Oroi mundu gerra bukatu berri dela, auskalo denbora asko izango ote den beste mundu gerra bat lehertu aurretik. Belaunaldi galdua deitu izan denaren erretratutzat har daiteke, hartara, Hemingwayren lehen eleberria.

Euskal irakurleontzat plus bat: sanferminak aukeratzen ditu eszenatoki nagusi. Baionatik sartzen da gurera —“Hiri polita da Baiona. Espainiar hiri garbi-garbi bat bezalakoa”—, estereotipoa finkatzen laguntzen du —“baserri ederrak, teilatu-baxuak, eta osorik zuriz kareztatuak. Euskal Herrian lur guztiak oso aberatsa eta berdea ematen du——, eta denik eta jairik zoroena, kaotikoena, hedonistena sublimatzen bukatzen —“Primerako jendea dituk euskaldun hauek”—. Jai horien barruan, gainera, fiesta, zezenketa, tarteka maisuki deskribatua, y olé: “Hain gertu pasatzen uzten zion zezenari, non masa bakarra baitziren, akuaforte bat, gizona eta zezena”. Zazpi egunen buruan lortzen dute pertsonaiek zurrunbilotik ateratzea —“Amets txar zoragarri bat bezalako zerbait duk”—. Eta, zentzu horretan, sanferminak nola bizi behar diren, ahaleginean bizia galdu gabe, noski, erakusteko gida bat dirudi eleberriak momentu askotan. Seguru izan dela gaur egunean festa horiek jasaten duten masifikazioaren erantzuleetako bat.

Ezen, pentsa daiteke garaiko irakurle iparramerikarrarentzat guztiz erakargarria izan zitekeela. Zailtasunari gorazarre egiten dion literatura baten erdian, Joyce, Stein, Faulkner, agertzen zaizu Hemingway eta egiten dizu mundu guztiak irakurtzeko moduko literatura bat, zuzen, soil, are arrunta. Kazetari gisa hasi zen lehenik: esaldi doi, paragrafo labur, hizkera irmo, izenlagunik gabea —“Eta idazlea izan nahi duala ere esaten duk. Hi prentsa-gizona haiz, besterik ez”—. Fikziora ekarri zuen idazkera hori gero —zehatzago, autofikziora: “faena galanta izan zen zauritua izatea, non eta italiarra bezalako fronte barregarri batean”—: oinarri-oinarrizkoa soilik kontatu, pertsonaien hitz egiteko moldea aldatu, idazle-mundua zabaldu zuen. Erakutsi nahi izan zuen nola bizi ziren bere garaian, eguneroko bizimodua, egiazko bizitza erakutsi, ez deskribatu edo kritikatu, irakurtzean esperientzia hori bizitzeko irakurleak. Ez da panoramikoa, XIX. mendean bezala, plano motzekoa baizik, gertukoa, xehea, eramaten zaitu gauzak gertatzen ari diren lekura berera; kontua da gero irakurle bezala leku horretan egon nahi ote duzun. Alegia, “hortza eta ezpaina zen gizona osorik” esaten duen tipo baten ondoan, beltz batez ari dela; edota ustez lagun duen bati “judu zerri hori” esaten dion beste baten ondoan —judu horri eleberri osoan zehar egiten dioten bullyng-a ere eskoletan erakutsi beharrekoa litzateke—. Gaur egunean esango genukeen bezala jende misogino, antisemita, torturazale, alkoholizatuaren artean egon nahi ote dugun, haien hizketaldi maiz absurdo, sarri funsgabe, beti etilikoak jasaten.

Eta, bai, badakit, literaturan balio duena ez da hainbeste zer kontatzen den, baizik eta nola; kontatzeko modua, alegia. Kontua da idazketa mota hori gaur egunean gailendu delarik, are monopolioa eskuratu duelarik —luze gabe gurean—, zentzua ote duen horrekin bakarrik geratzeak. Eta ez ote genukeen sakondu behar eleberriak begien parean jartzen dizkigun kontraesanetan. Ze irakurriko ditugu “Ez al da neska hau pieza zoragarria?”, edo “Lasterketa-yate baten kroskoarenak bezalako kurbez zegoen eraikia” eta antzerakoak. Baina irakurriko ditugu halaber halako harribitxiak: “Hi erbesteratua haiz. Galdu egin duk lurraren ukitua. Preziosista egin haiz. Europar estandar faltsuek galdu haute. Akabatu arte edaten duk. Obsesionatua hago sexuarekin. Alferrik galtzen duk denbora berritsukerian, lanik egin gabe. Hi erbesteratua haiz, konturatzen?”. Hemingway ugari daudela dirudi (eta ez soilik Kay West Floridan urtero antolatzen den imitatzaile lehiaketan). Batzuk izan daitezke gaitzesgarriak, zaharkituak, txolinak. Beste batzuk gozagarriak, limurtzaileak, inspiragarriak. Ahaztu gabe literaturaz ari garela, epaiketa moralak egiteko toki ez bereziki egoki bat. Zintzoen edo gaiztoen saldoan kokatu baino, beraz, ez ote litzatekeen egokiago Hemingway bere garaiko gizon bat izan zela esatea, literatura iparramerikarra berrasmatu zuena, kontraesana besarkatzera gonbidatzen gaituena.

Azken kritikak

Itzulpena-Traducción
Angel Erro

Jon Jimenez

Itzulpena-Traducción
Angel Erro

Asier Urkiza

Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza
Mckenzie Wark

Nagore Fernandez

Fiesta: Eguzkia jaikitzen da
Ernest Hemingway

Aritz Galarraga

Biharraren hegietan
Maddi Sarasua Laskarai

Maddi Galdos Areta

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Aiora Sampedro

Aingeruak eta neskameak
June Fernandez

Ibon Egaña

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Nagore Fernandez

Nekropolia
Boris Pahor

Asier Urkiza

Markos Gimenoren 101 letrakartel
Joseba Sarrionandia

Jon Jimenez

Horma
Marlen Haushofer

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Joxe Aldasoro

Zoo
Goiatz Labandibar

Paloma Rodriguez-Miñambres

Xomorroak
Julia Guillamon

Nagore Fernandez

Artxiboa

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

Hedabideak