« Basa eta beza | Argiaren ifrentzua »
Ene anaia femeninoa / Marina Tsvetaieva (Joxe Mari Berasategi) / Igela / Erein, 2022
“Haur bat nahi nuke gizonik gabe” Amets Iriarte / Argia, 2022-07-24
Epigrama bilduma da Natalie Clifford Barney idazle estatubatuarraren 1920ko Pensées d’une Amazone liburua. Asko eta askotarikoak dira pilatzen dituen pentsamenduak. Liburuaren hasieran 50etik gora eskaintza ageri dira, eta Barneyk irakurleari diotso berea hauta dezala. Horrela egin daiteke gero datozen epigramekin ere, pentsamendu solteak dira asko, haien artean kontraesankorrak batzuk, baina XX. mende hasierako kontzientzia feminista eta bakezale baten —berearen— berri ematen du.
Liburu horretako lehen atalean emakumeei esleitzen zaizkien rolez ari da, besteak beste, baita gerraz eta maitasun heterosexual eta homosexualaz ere. Horrela dio epigrametako batek: “Gure etxe bakartietara hurbil daitezela suak garbitutako horiek guztiak: gizon baten emaztea, ama edo arreba baino hobeak izango gara, gizonaren anaia femeninoa izango gara”.
Liburu horri, esaldi horri, erantzuten dio Marina Tsvetaievaren Ene anaia femeninoa gutun luzeak —Gutuna amazonari du azpi-izenburua—. Barneyk harreman lesbikoez eta amatasunaz esandakoei erantzuten die bereziki. Asko dira, hau bezala, Tsvetaievak beste idazle batzuei eskainita idatzitako testuak. Harremana izan zuen bere garaiko poeta ugarirekin, eta badirudi, testuaren hasieran esaten duenagatik, Barneyrekin ere topo egin zuela. Parisen erbesteratuta egon zen Tsvetaieva 1925etik 1939ra, Errusiako Iraultzan zurien aldeko jarrera harturik. Tsvetaieva erbesteratu politiko errusiar bakartu eta txiroarekin alderatuz, baina, bestelakoa zen Barneyren Parisko bizitza, Jacob kaleko Adiskidetasunaren Tenpluan saloi literario ezagunak egiten zituen.
Poeten poeta izan zen Tsvetaieva, baina ukoarekin eta bazterketarekin egin zuen topo behin eta berriz: bai literarioki, ingurune literarioetan lekurik ez baitzuen topatu, bai politikoa eta soziala ere, batekoek zein bestekoek mesfidantzaz ikusten baitzuten. Gerora egin da ezagunago bere obra, eta euskaraz, oraingoz, bere Bukaerako poema ere irakur dezakegu, Josu Landaren itzulpenean.
Ene anaia femeninoa prosan idatzitako testu autobiografikoen artean kokatzen da. 1933an hil zen Tsvetaievak sutsuki maitatu zuen Sofia Parnok poeta, eta min horretatik edaten dute hitzok, harremanak utzitako orbainen eta maitale ohiaren heriotzaren zauri berritik. Harreman horretan bizitakoaz baliatzen da harreman lesbikoez eta amatasunaz gogoetatzeko.
Liburuan dioenez, haur bat edukitzearen desirak egiten du ezinezko harremana, “haurra” da Barneyk bere epigrametan askotan aipatu baina inportantziarik ematen ez diona, Tsvetaievak haren hitzetan kausitu duen hutsunea, hainbeste min dakarkiona: “Sahats bat desesperatzen ikusten dudanean konprenitzen dut Safo”.
Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray
Asier Urkiza
Idazketa labana bat da
Annie Ernaux
Nagore Fernandez
Bisita
Mikel Pagadi
Jon Jimenez
Hamlet
William Shakespeare
Aritz Galarraga
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Hasier Rekondo
Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria
Jon Martin-Etxebeste
Dimisioa
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Hetero
Uxue Alberdi
Irati Majuelo
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Amaia Alvarez Uria
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Patxi Larrion
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro