kritiken hemeroteka

8.588 kritika

« | »

Larruazalaren periferiaz haraindi / Silvia Federici (Amaia Astobiza) / Katakrak, 2021

Kapitalismoaren kontrako deklarazioa Nagore Fernandez / Berria, 2022-02-06

Azkenaldi honetan barra-barra entzuten dugu, mugimendu eta kritika feministak bultzatuta besteak beste, guztiok garela gorputz, eta gorputz hori, gainera, une oro eraikitzen dugula, izaera performatiboa duen aldetik, egin egiten garela. Ordea, Silvia Federici, bere Larruazalaren periferiaz haraindi lanean, ez da baieztapen horiekin konformatzen; hitz horiek kritikoki epaitzeko ausardia bildu, eta zapalkuntza ororen egoerari eta eboluzioari begiratu beharrean, haratago doa, jatorrira, kausara. Gorputza du ardatz liburuak eta gorputz horrek (kolektiboki ulertuta) historikoki jasan duen desmaterializazioa eta inpertsonaltasuna. Federiciren hitzetan, kapitalismoa izan da norabide horretarantz eraman gaituen korrontea, eredu ekonomiko horren sorreratik egin ere. Gorputzak, kapitalismoaren produktutzat ulertuta, aurrez pentsatutako politika ekonomiko baten ispilu bihurtu dira. Lan honetan, hortaz, perspektiba anglozentrista batetik (gehiegi aukeran), heteropatriarkatuaren sorrera eta eboluzioa, bai eta zapalkuntza sistema ororena, intersekziotik bakarrik azal litezkeen mugimendu bezala erakusten zaizkigula ausartuko naiz esatera. Inpresioa daukat azkenaldian euskarara ekarri diren genero eta ikasketa kulturalek gorputzen eta identitate disidenteen deskapitalizazioa dutela mintzagai; burura datozkit, esate baterako, Feingbergen Borrokalari transgeneroak edo Ehrenreich eta Englishen Sorginak, emaginak eta erizainak obrak. Dakigunez, ez da gai berria kritika feministaren historian, baina, aipaturiko lanei esker (bai eta aipatu ez diren beste horrenbesteren laguntzaz ere), gero eta ikusgarriago egiten ari den joera eta azalbidea dugu, oraindik erroturik daukagun dimorfismo ortodoxoa gainditzeko arma.

Autoreak darabilen erregistroari eta lengoaiari dagokienez, irakurleak diskurtso irakurterraz batekin egingo du topo orriotan; Federici ez dabil luzamendutan eta bere iritzia buelta askorik eman gabe dakar, kritikoa da, eta zuzena. Obraren kanpo-egiturak ere irakurketa erritmo azkar horretan laguntzen duela esango nuke, lau zati nagusi baititu, eta, guztira, hamar kapitulu labur. Dena den, ez nioke irakurleari liburuak berak markatzen duen erritmo geldiezin horretan murgiltzea gomendatuko, hitz horien guztien atzean hausnarketa eta kritika sakonak ezkutatzen baitira, azaletik antzemanezinak, irakurketa pausatuago bat eskatzen dutenak, hain zuzen. Guztiek ere, gainera, oinarri zientifikoa dute: ez dira idazlearen baitan nolanahi eta ezustean ernatutako usteak soilik, hipotesi eta egiaztapen orok oinarri bibliografiko zabal bat du, urteetako ikerketa lana. Izan ere, idazlea ikertzaile bezala mintzatzen zaigu, eta ez horrenbeste idazle bezala. Ezin aipatu gabe utzi, hizkuntzaz dihardugula, Amaia Astobiza itzultzaileak egindako lan duina, kritika feministak eta mugimendu sozial orok eskatzen duen terminologiaz eta kontzeptuez ondo jantzita, Federiciren teorizazioa ez ezik, hots, edukia, idazlearen diskurtsorako abilezia ere transmititu baitigu, hau da, ahotsa, forma.

Azken kritikak

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Asier Urkiza

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Nagore Fernandez

Akabo
Laura Mintegi

Amaia Alvarez Uria

Txillardegi hizkuntzalari
Markos Zapiain

Jon Jimenez

Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap

Paloma Rodriguez-Miñambres

Lakioa
Josu Goikoetxea

Mikel Asurmendi

Lur mortuak
Nuria Bendicho

Irati Majuelo

Hitz etena
Eustakio Mendizabal "Txikia"

Paul Beitia Ariznabarreta

Akabo
Laura Mintegi

Joxe Aldasoro

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Paloma Rodriguez-Miñambres

Nork gudura haroa?
Patziku Perurena

Mikel Asurmendi

Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez

Asier Urkiza

0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar

Nagore Fernandez

Akabo
Laura Mintegi

Aiora Sampedro

Artxiboa

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

Hedabideak