kritiken hemeroteka

8.640 kritika

« | »

Urpean murgildu / Lidia Txukovskaia (Josu Zabaleta) / Katakrak, 2021

Intimitate konpartituak Nagore Fernandez / Berria, 2021-10-03

Norberaren pentsatzeko moduak, balioek, sinesmenek nora eta nola begiratu zehazten dute. Aurrezagutza hori erantzi ezinezko iragazki bihurtzen zaigu bizitzan, irakurtzerakoan edo errealitateari begiratzerakoan, besterik barik. Eta hori da Lidia Txukovskaiaren Urpean murgildu eleberriarekin gertatu zaidana. Hainbat irakurlek obraren irakurketa politikoagoa egingo lukete, memoria historikoaren gordailua (ere) den heinean; beste askok, irakurketa metaliterarioa, sarri, literaturaren inguruko hausnarketak agertzen eta literatura unibertsaleko eta lokaleko idazleen testuak partekatzen baitira. Nire kasuan, ordea, betaurreko moreak izan ditut bidaide irakurketa prozesu guztian, eta ezin izan dut ihes egin agenda feminista deritzoten irakurketatik.

Izenburutik bertatik iradokitzen den begirada introspektiboz mintzo zaigu protagonista, Nina Sergeievna, eta lehen pertsona gramatikalak bere intimitatearen ikusle izatera gonbidatzen du irakurlea, bere kezka nagusiak erakusten dizkio: amatasuna, galdutako jendea, harreman berriak, mina. Izan ere, protagonista ur handitan murgiltzen da eta gaitu, bere baitan bizi den itsaso zabal horretara bidaiak egiten ditu egunero, iraganeko mamuekin norgehiagokan. Esango nuke hori dela liburua ulertzeko gakoa eta protagonistaren gudu-zelai nagusia. Intimitate horren bitartez hezurmamitzen dira, gainera, agenda feministako ezaugarri narratiboak ere. Lehen pertsonako narratzailearen tonu autobiografikoa azpimarragarria da, eta liburuak duen kanpo egiturak ere alderdi hau indartzen duela iruditzen zait, kapitulu bakoitzaren estrukturak eguneroko baten trazak dituela kontuan hartuz. Sergeievnak bere barrenera begiratzen duen bakoitzean, oroimenean babesten da eta oraina iraganean izandako hartatik eraikitzen du, nahiz eta, kasu honetan, lehenaldi hori mingarria zaion, are traumatikoa ere. Pertsonalak dira, baita ere, Sergeievnaren bizitza antolatzen duten denbora eta espazioa: egia da irakurleak ez duela galtzen denbora errealaren eta espazio fisikoaren ardatza; alegia, badaki protagonista une bakoitzean non eta noiz dagoen. Baina, bere hausnarketetan murgiltzen denean, denbora eta espazio errealen muga lausotu egiten da eta maila sinbolikora pasarazten gaitu.

“Izuaren, miresmenaren, literaturaren eta memoriaren antzezlan” bat dela esaten zaio irakurleari argitaletxearen oharrean, eta bat nator guztiz irakurketa horrekin. Josu Zabaletak itzulitako liburuan traumak agertzen dira, minak, maitasuna eta estimua, poetak, itzultzaileak eta kritikan dihardutenak, bonbak, erreta hildakoak, hotza eta lagerrak. Nik nire esangura eman diot eleberriari, baina, obra ez da hor agortzen; seguru nago ibili nahi duenari bere bidea emango diola Txukovskaiak. “Ni nintzen liburua, nire arimaren, nire oroimenaren akidura”.

Azken kritikak

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Maialen Sobrino Lopez

Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta

Asier Urkiza

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Nagore Fernandez

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Paloma Rodriguez-Miñambres

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Mikel Asurmendi

Esker onak
Delphine De Vigan

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Enarak
Bernardo Atxaga

Irati Majuelo

Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor

Aritz Galarraga

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Joxe Aldasoro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Mikel Asurmendi

Odola kantari
Unai Elorriaga

Asier Urkiza

Rosa Parks: Nire istorioa
Rosa Parks / Jim Haskins

Nagore Fernandez

Eguna hasteko olerkiak
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

Hedabideak