kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Familiako lexikoa / Natalia Ginzburg (Fernando Rey) / Igela, 2021

Hitzei memoria jarriaz Irati Majuelo / Berria, 2021-06-13

“Hamaika aldiz aditu dut istorio hori!”. Hala amaitzen da Familiako lexikoa, esaldi bakarrean laburbilduaz lan osoaren esentzia. Istorioek, anekdotek, esamoldeek egituratzen dute Ginzburgen lan hau, sustrai autobiografikoa duen arren eleberri gisara irakurri behar dena, idazleak hasiera-hasieran gomendatzen duen gisara: “Ez dut idatzi gogoan nuena besterik. Horregatik, liburu hau kronika bat balitz bezala irakurtzen bada, hutsune franko dituela leporatuko zaio. Liburu hau errealitatetik aterea izanagatik, nobela bat balitz bezala irakurri behar da nire ustez, hau da, nobela batek eskain dezakeena eskatuz, ez gehiago ez gutxiago”.

Ez gehiago, ez gutxiago, etxeko hiztegiari begira jarri zen Ginzburg lan honetan, ezer asmatzeko tentazioari edota imajinazioari libre ibiltzen utzi gabe. Levi familiaren hitzetatik abiatzen da hitz larriz idazten den historia horren oinarri diren istorio pertsonalak errelatatzeko. Hala bada, bere aita, ama eta anai-arrebak dira protagonista, baina baita familiako lagunak, auzokideak, maitaleak eta militantzia-kideak ere, sendiaren esanahiari ulerkera zabala emanez: finean, haurtzaroan eta gaztaroan inguruan izan zituen pertsonen istorioek josten dute eleberria, hizkuntzak memoriara ekartzen dituen esamolde zein esaldi gogoangarriak akuilu gisa erabilita.

Esan bezala, ordea, Familiako lexikoa ez da familia italiar judu baten liburu autobiografiko huts bat. Anekdota eta oroitzapenei tira eginez, II. Mundu Gerlaren bueltako Italiako testuinguru politiko-soziala marrazten du Ginzburgek, faxismoaren gorakada eta nazien okupazioa, gerlaren aurreko inozentzia eta ondorengo arrangura, lagunartea eta erresistentzia. Hortaz, hasiera batean umetako memoriak direnak, aitaren zurruntasunaren eta anai-arreben liskarren bueltan kokatzen direnak, familia antifaxista eta judu baten bizi-minetan bilakatzen dira denborak aurrera egin ahala. Ez dira gutxi memoria-matazatik erreskatatzen dituen gertaera lazgarriak, hala nola erbestea zein bere senar Leoneren torturapeko heriotza. Alabaina, tonu melodramatikoari izkin egiten dio Ginzburgek, historiaren garai ilun hari hitzak, irudiak eta pertsonak jartzea baita bere eginkizuna. Zentzu horretan, nabarmentzekoa da bere familiaren historia den liburu honetan, apenas agertzen dela azaltzen dituen gertakariek berari sorturiko sentimendurik, emoziorik. Kamera zinematografiko batekin grabatzen egongo balitz bezala idazten du sendiari buruz, perspektiba subjektibotasunez aukeratuz, baina pantaila aurrean agertu gabe. Laguntasuna eta literatura dira, bestalde, zorigaiztoko urteoi argia ematen dieten euskarriak: Vittorini, Calvino, Paese ezinbesteko dira Ginzburgen lexikoan.

1963an argitaratu zuen Ginzburgek, eta aurretik beste hainbat liburu atera bazituen ere, Familiako lexikoa-ri esker lortu zuen kritikaren arreta. Irakurleen artean arrakasta lortuta, aurretik idatzi zuenari balioa emateko atea ireki zion dotoreziaz eta zorroztasunez ondutako liburuak. Elegantzia berberaz itzuli zuen Fernando Reyk 2004an, eta hala berrargitaratu du Igelak orain.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak