kritiken hemeroteka

8.680 kritika

« | »

Jende normala / Sally Rooney (Irene Aldasoro) / Alberdania, 2020

Zer da normala izatea? Nagore Fernandez / Berria, 2021-04-11

Ez naiz ni etiketen oso zalea. Are gutxiago, izendapen horiek norbanako bakoitzaren askatasuna mugatzen eta nola bizi eta jokatu behar dugun inposatzen badute. Horregatik eman zidan atentzioa mundu mailan sona azpimarragarria izan duen Sally Rooneyren Jende normala eleberriak. Zer da, bada, normala izatea? Zer ez da normala izatea? Nork egiten du epaia? Nork erabakitzen? Galdera horiek guztiak etorri zaizkit liburua irakurri aurretik, eta, ezinbestean, aurrejuzguek ainguratu naute hasiera-hasieratik. Orrialdez orrialde aurkitu dudana, ostera, oso bestelako hausnarketa izan da. Izan ere, idazleak konbentzionalak ez diren bi protagonista sortu ditu. Bi nerabe. Araututako gizartearekin identifikatzen ez direnak. Leku propioaren bila dabiltzanak. Gizartearen presioa jasan eta horren biktima direnak. Dituzten harreman sexualak eta praxia ere konbentzionala denaren mugetatik haratago doa. Duda barik, egungo gizartearekiko kritika zorrotza ezkutatzen da eleberrian, baina, batez ere, izan behar garen horren inguruko hausnarketa.

Pertsonaien karakterizazioan, hortaz, maskulinitate eta feminitate ereduen lanketa ezohiko bat antzeman daiteke, hegemoniko deitzen den horri buelta bat ematen diona. Ordea, kasu batzuetan egin nahi den kritika esplizituegia begitandu zait, agerikoegia nire gusturako, batez ere, hasiera partean, liburuak institutu garaiko eleberriaren traza duenean: nerabeen gorabeheren olatuan, espero izateko jarrerak antzeman ditut pertsonaiengan, nahiko intuitiboak, eta, zenbait kasutan, klixez beterikoak. Oro har, pertsonaiak sortzeko idazleak erabili duen perspektiba asko gustatu zait, eta horrekin eman nahi duen mezua ere bai, nahiz eta zenbait unetan ez zaizkidan oso sinesgarriak egin.

Aurrekoaren kontrapuntu bezala, alderdi kronologikoa fintasun handiz landu duela iruditu zait. Denboraren iragaitea nahiko gidatuta eta markatuta ageri zaigu, irakurleak kapitulu bakoitzaren hasieran aurreko pasartetik zenbat denbora pasatu den jakingo du zehaztasun osoz. Salto horietan, elipsiak dira protagonista, eta horrek erritmoa ematen dio kontakizunari. Kapituluetan bertaratzerakoan, gainera, zurrunbilo batekin egin dut topo gehienetan, orainaldiko gertaera batekin hasi arren, narratzailearen mintzoak denboran atzera egiten baitu etengabe, lehen mailako jazoera batek, berariaz, beste bati tira egingo balio bezala, irudi bakar batek beste mila oroitzapen berpiztu balitu bezala. Hain da lausoa eta inplizitua atzera begirakoa, ezen irakurlea ohartzerako espiral horretan murgilduta egongo den. Ez da teknika berritzailea hori, kontrara, esango nuke usu ikusten dela, batez ere, irakurleari, modu disimulatu batean, kontakizuna osatzera datozen datuak eman nahi bazaizkio. Baina, idazleak darabilen, eta Irene Aldasoro itzultzaileak euskarara horren ondo ekarri duen estilo sotil hori, batzuetan proustiarra ere izan litekeena da espero ez nuena, eta, nola ez, gehien gustatu zaidana.

Bere alde ilun eta argiekin, baina, zer pentsatua ematen duen eleberria ondu du oraingoan idazle irlandarrak.

Azken kritikak

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Bakea, bakea
Xabier Montoia

Asier Urkiza

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Nagore Fernandez

Martxoak 3
Jon Martinez Larrea

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak