kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Erle langileen amodioak / Aleksandra Kollontai (Aroa Uharte) / Erein / Igela, 2020

Amodio komunisten lanak Ibon Egaña / Deia, 2021-01-16

1923an eman zituen argitara Aleksandra Kollontaik Erle langileen amodioak bilduma osatzen duten hiru kontakizunak, eta baita beste hainbat fikziozko lan ere. Liburuari egindako hitzaurre jakingarrian Aroa Uharte itzultzaileak gogorarazten digunez, iraultza osteko Errusian aski ezagunak ziren Kollontaik “emakumearen auziaz” eta “emakume berria”ren inguruan egindako teorizazioak eta saiakera-lanak. Jendarte komunista berrian gizon-emakumeen arteko harremanek nolakoak izan behar luketen sakon hausnartua zuen iraultzaileak zergatik jo ote zuen, baina, fikziora noiz eta sistema egituratu berriak atzerrira, diplomazialari lanetara bidali zuenean? Uhartek Tatiana Osipovitx aipatuz dioenez, gatazka psikologikoak hausnartzeko egokiagoa zitzaion fikziozko prosa Kollontairi entseguaren forma baino, eta era berean buruan zituen hartzaileengana heltzeko bide neurrikoagoa zitzaion.

“Ideien idazle” izan nahi zuela utzi zuen idatzita San Petersburgon jaiotako marxistak, eta ezbairik gabe continuum argia dago bere fikziozko lanen eta testu hertsiki politikoen artean. Esan nahi baita, jendarte komunista batean emakumeen lekuak zein izan behar lukeen, gizon eta emakume kamaraden arteko harreman batek zein forma behar lukeen gogoetatzen du narrazio hauetan ere Kollontaik. Begi bistakoa egiten da, alde horretatik, bere fikzioaren asmo didaktikoa, bereziki bilduma honetako bi narrazio laburretan, “Amodioa hiru belaunalditan” eta “Ahizpak” izenekoetan. Batean zein bestean, lehen pertsonako narratzaileari dilema moral bana jakinarazten diote emakume banak: harreman ez-monogamoak dituen alaba gaztearena haren amak, prostituta batekin harremanak dituen kamaradarena haren neska-lagunak. Moral burgesak erraz ebatziko lituzke ezbai horiek, erruaren, zigorraren edo hipokrisiaren bidez; baina konplexuagoak dira erantzunak komunismotik erantzun nahi zaienean. Hala ez badirudi ere, gaurkotasun handiko galderak suertatzen dira horietako asko, ia ehun urte beranduago irakurrita.

Narrazio labur horien aldean, garapen eta sakontasun handiagokoa da “Vasilisa Malygina” nobela, bilduma honetako hirugarren kontakizuna. Badu amodiozko nobelatik Vasilisa eta Vladimirren istorioak, eta izan lezake XIX. mendeko adulterio-nobelen tradizioaren arrastorik ere; alabaina, iraultzaile komunista ere badiren gizon-emakume horien artekoak beste dimentsio bat hartzen du. Beren arteko jokabideetan ideiak eta sentimenduak maiz kontraesanean daude, ebazten erraza ez den tentsio bat dago nobela osoan zehar moral komunistaren eta sentimenduen artean, ideien eta psikologiaren artean, eta horrek egiten du gaiez harantzago ere literatura-lan gisa interesgarri, fikzioan trinkotzen direlako diskurtso askotarikoak (emozioekin lotuak, klase sozial desberdinenak, iraultzarenak, eta abar). Hori egitean, gainera, errotik aldatzen ari den gizarte bati hartzen dio pultsua Kollontaik, asmo iraultzaileari atxiki eta ahizpatasun komunistari dei egiten dion arren iraultzaren itzalei ere (burokratizazioa, pribilegio berriak, lehengoan dirauten jokaera matxistak) erreparatuz.

Merezi du aipamentxo bat errusieratik euskarara egindako itzulpen-lan ederrak, liburuari gaurkotasuna eta hurbiltasuna ematen asmatu baitu Uhartek, baita narrazioetan gurutzatzen diren erregistro eta ñabardura ugariak euskaraz jartzen ere.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak