« Hondoan heriotza | Argi-ilunak »
Bilduma bat / Sandro Penna (Iñigo Astiz) / Farmazia Beltza, 2019
Mila urte, momentu bat Igor Estankona / Deia, 2020-03-14
Iñigo Astizek aukeratu ditu poemak eta Damaris Panek jarri dizkio marrazki aski iradokitzaileak. Objektu moduan, pieza moduan funtzionatzen duen argitalpena da, baina dena mami: Sandro Pennaren poesia hain da joria, hain da distiratsu, labur eta biribila. “Gaztaroa akaso ez da senak maite/ eta ez damutze etengabe bat baizik”. Poemak jatorrizko bertsioan datoz liburuaren azken orrietan.
Alexander Gurrutxagak hitzaurrean dioen legez, Sandro Pennak (Perugia, 1906 – Erroma, 1977) idazten du “airean harrapatuz unearen sakratutasuna, egoera arrunt bat sublimatu eta mitoaren dimentsio atenporala emanez. Une horretan nabarmentzen dena begirada da: estatikotasun erabatekoan, kasik esan ahal izango litzateke poetak bere baitatik irteten duela”. Poeta testigua eta hitza da era berean, unibertsaltasuna eta betierekotasuna kausitzen duena eszena iragankorretan. Eta eszena horiek botere itzela dute, pena edo desira edo agurra euren baitan kondentsatzeko gaitasuna dute: “Erraustutako lurretan datza ene/ giza gorputz biluzaren ametsa./ Amilduta. Eta jarraitzen du zutik/ nire sexuak bere giza/ odol irrika beltzaz”.
Iñigo Astizek esana da “dirdiza moduko bat” agertu zitzaiola italiar poesiari eskainitako antologia bat irakurtzen zebilela. Eta egia da antologo eta itzultzaileak dioena, bizkar hezurra harrapatzen dizun idazkera dauka.
Italiako poesian nagusi zen hermetismoa apurtzera zetorren idazkera da hau, ez ordea tradizio onena apurtzera. Tradiziotik edan egin zuen Sandro Pennak, berea idazteko. Epigrametan dago bere lanaren sustrai sakona, eta laster sumatzen da lerrook bizi dituela Dantek, Leopardik, eta are, galdutako Grezia Handira etorriz, Kavafis ozpinduxe batek ere: “Mortu da erreka. Eta badakizu orain/ aski direla atzoko eguzki balentriak./ Besape heze harroetan muxukatzen dizkizut/ garraztuz doan uda baten fragantziak”.
Poetak badaki bere azala laztantzen duen eguzki bera dela aurrekoena laztandu zuena. Badaki, halaber, sortuko direla besteak, eta heriotza bera ere prozesuaren parte dela. Kate baten begia da Sandro Penna, lausotuz eta lausotuz doana etengabe, bere poemak argaltzen eta argaltzen diren heinean. Poema minimalistenek ere diotena baino gehiago esaten dute ostera, harago doaz, milaka gradutan galdatutako lirismo batekoak dira: “Hil egingo zara, mutiko, eta ni ere bai./ Baina zu baino mutil ederragoek ere/ egingo dute lo itsasertzean eguzkitara.// Eta oraindik ez gara izango gu geu baizik”. Batzuetan badirudi poema biluz-biluza idazlea dela biluzik, lerro bakana idazlea dela bere bakardadean.
Bilduma hau eskuetan hartzea da fintasunaren inguruko tesi bat hartzea. Harribitxi batek gorde dezakeen moduan munduaren argitasun guztia, poema hauek ere gauza gutxi direla eman dezake hasiera batean baina gero irakurlearen ariman oihartzun egiten dute eta hazi egiten dira, perfumea hedatzen dute. Batzuek malenkonia erotiko bat daukate, bestetzuek ume baten begirada xaloa. Pennak poemari kendu-kendu egiten dio sobran daukana, hostorea bezain finak geratzen zaizkio azken geruzak, non egia gordetzen den: “Munduko gauza oro maite, eta ez nuen/ eguzki pean nire kaiertxo zuria baizik”.
Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga
Jon Jimenez
Reset
Aitziber Etxeberria
Mikel Asurmendi
Baden verboten
Iker Aranberri
Jose Luis Padron
Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza
Jon Jimenez
Iragan atergabea
Julen Belamuno
Hasier Rekondo
Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban
Mikel Asurmendi
Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz
Gorka Bereziartua Mitxelena
Juana
Jon Artano Izeta
Mikel Asurmendi
Kontra
Ane Zubeldia Magriñá
Jon Jimenez
Simulakro bat
Leire Ugadi
Maddi Galdos Areta
Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu
Ibon Egaña
Kontra
Ane Zubeldia Magriñá
Paloma Rodriguez-Miñambres
Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga
Mikel Asurmendi
Turismo hutsala
Fito Rodriguez
Asel Luzarraga