kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Ahanzturaren bezperan / Mikel Arruabarrena Larrarte / Denonartean, 2019

Ezin ahaztu zer garen Irati Majuelo / Berria, 2020-02-16

Iruñea Hiria poesia lehiaketa irabazi zuen Mikel Arruabarrenak poema-bilduma honi esker. Egitura sinple eta soila dauka: izenbururik gabeko bi atal, izenik gabeko hamabosna poema eta liburuaren titulu bera daukan azken poema bat, zikloa ixteko. Atalen sarreretarako hautatutako erreferentziei esker susma dezakegu zer dakarren idazle berri honen lehen lan argitaratuak.

Doris Lessingen aipu batek irekitzen du lehendabiziko atala, esanez denbora dela gure pentsamenduen hostoak ahanzturara daramatzan ibaia. Horrela bada, atal honetan Arruabarrenak poesian ohikoa den denboraren iraganari buruzko kezka agertzen du: “Denbora da hemen aurrera egiten duen bakarra,/ bizitza pasa egiten da”. Idazleak, ordea, ez dihardu zahartzeari edota atzean utzitakoaren nostalgiari buruz; ahanzturaren beldurra ekartzen du lehen lerrora. Ez dago ahanzturari ihes egiterik, eta ideia horretatik tiraka azaleratzen dira bestelako gaiak: egin gabekoaren damua, hautuak dakarren galera, heriotzaren osteko ahaztea eta harremanen ahitzea.

Behetik gora doa liburuaren lehen atal hau. Hasierako poemak nahasi samarrak gerta daitezke, eta esango nuke izenbururik ez edukitzeak ez diela laguntzen: zenbait poema-lerro airean geratzen dira, interpretazio libreari ardura gehiegi emanez, eta ondorioz irakurlea galdurik ibil daiteke. Hala ere, gero eta indar gehiago hartzen doaz, lerro banaketak argitzen, eta poemek osotasun handiagoa lortzen dute azkenerako. Hortaz, lehen atalaren amaierarako, esaldi indartsuak topatzeaz gain, ahots poetikoa ere sendotzen da gaiak eta egoki lotutako ideiek bat egin ahala.

Lisabören kanta batek aurkezten du bigarren atala, eta hasieratik geratzen da argi idazlearen hausnarketagaia aldatu dela: lehen munduko problemen erosotasunak uzten ditu agerian Arruabarrenak, eta bere jarrera argi utzi: “Zenbaitetan beharrezko dugu oroitzea/ azal-azaleko txikikeriatan itotzen ohitu garela”. Denborari buruzko galdera filosofikoak alde batera utzi, eta arazo garaikideetara jotzen du bete-betean: hondamendi ekologikoa, turismoa, apustu-etxeak, Mediterraneoko heriotzak, teknologiak dakarren simulakro eta bakardade sentsazioa. Eta, batez ere, horren aurrean lehen mundukook dauzkagun errua, indiferentzia eta erosotasuna. Hau da, gizakion miseriak erakusten dizkigu edergarririk gabe, liburua borobiltzen duen Ahanzturaren bezperan izeneko azken poemak azpimarratzen duenez.

Bigarren atal honek bizitasun handiagoa dauka, aurrekoaren amaierako erritmoari eusten dio, eta une batzuetan irmotasun handiagoa aurkitzen du. Oreka atal osoan zehar guztiz mantentzen ez badu ere, nabari da poema helduagoak direla, eta begirada konkretu bat bilatu duela Arruabarrenak, pesimista baino errealistagoa. Arrasto interesgarria utzi du, beraz, idazle berri honek, estilo propioa atxiki eta desorekak finduz gero etorkizuneko idatzietan arretaz jarraitu beharko duguna.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak