kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Proleterka / Fleur Jaeggy (Fernando Rey / Miren Iriarte) / Erein-Igela, 2018

Bi ahoko labana Aiora Sampedro / Berria, 2018-11-11

The Times Literary Suplement-ek 2003ko lanik onena aukeratu zuen Proleterka nobela; orain, Miren Iriarteren eta Fernando Reyren eskutik euskarara ekarri du Ereinek. Nahiz eta bere literaturaz galdetzen diotenean egozten dioten hoztasuna ukatzen duen, Fleur Jaeggy gaur egungo italiar letretako idazlerik ilunenetarikotzat dute irakurleek, eta egiazki, bere prosara lehenengoz gerturatzen denak halako lanik irakurri gabekoa delako sentsazioa izango du: italiarrarenaren hizkera singlea izanagatik, garratza ere bada, irakurlea ziztatzen duten horietakoa.

Nobelaren hari nagusia izango dena itzultzaileek argitzen dute hitzaurrean emandako azalpenetan: protagonistak bere aitarekiko erakusten duen arroztasuna. Jokamolde hori are deigarriagoa egingo da narratzailea etengabe aitaren berehalako heriotzarekin jolasten denean. Marko nagusi gisa, alabak eta hil hurren den aitak egingo duten azken opor-bidaiaren berri emango zaio irakurleari. Alaba izango da kontalaria, orainalditik atzera begirako kontaketan, iraganeko bidaia horren nondik norakoak jakinaraziko ditu, eta amaiera aldera soilik ulertuko du hartzaileak jokamolde batzuen zergatia.

Mota guztietako heriotzak daude presente nobelan, eta kontakizunean zehar han-hemenka agertzen dira: suizidio moduan, gertukoek egindako hilketen kontura edo heriotzan amaitzen diren gaixotasunen etengabeko presentziaren bidez. Girotzean ere heriotza gogorarazten duten metaforak etengabeak dira: espazio dekadenteak eta giro goibelak agertzen dira etengabe. Aipatu izan den hoztasun horretan, une lazgarriak deskribatzeko erabilitako ironia eta narratzaileak gaineratutako boutade-ak tartekatzen dira, eta heriotzaren desakralizazioa eragiten du Jaeggyren lanak: saihetsezinezkoa gertatuko den patua ia etsipenez hartzen dute pertsonaiek. Protagonista ziur dago bere heriotza eta gertuko ahaide batena berandu baino lehen iritsiko direla, baina irakurleari jakinarazterakoan erakusten duen ezaxolakeriak ukitu egiten du, bereziki, bigarren mailako zenbait pertsonaiaren jarrerarekin alderatuz, zeintzuek heriotzarekiko jarrera sentiberagoak irudikatzen baitituzte.

Bide horretatik, esan daiteke jarrera batzuk amoralak izan daitezkeela. Zenbait une korapilatsutan gehiengooi burutik pasatzen zaizkigun, baina desegokitzat jotzen diren, ekintzak egitera jotzen dute pertsonaia nagusiek. Kontzienteki, jakinik gainerakoengandik desberdinak direla eta berezitasun horretaz harro.

Hoztasuna baino, zaurgarritasuna gailentzen delako irudipena izan dut nik; tristeziak zeharkatzen du pertsonaia gehienen existentzia; sorgortasunerako joera baino gehiago, inkomunikazio behartua antzematen zaie, nork bere drama garraiatzen duelako irudia.

Itzultzaileek hitzaurrean azpimarratzen dute espazio hutsek hartzen duten sinbolismoa. Baiki, halako oihartzuna uzten du nobelak, ezerezean botatako oihu batena.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak