kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Udaberri kantoi-hautsia / Mario Benedetti (Aiora Jaka) / Erein-Igela, 2018

Humanoa bezain politikoa Joannes Jauregi / Berria, 2018-11-11

Baldin eta oraindik geratzen bada inor urteotako itzulpen bikainak gorabehera erdeinuz begiratzen diona (euskarara) itzulitako literaturari; baldin eta inork segitzen badu itzulpena bigarren mailakotzat jotzen jatorrizkoaren —halakorik ba ote da, ba?— aldean; baldin eta inork oraindik uste badu espainieratik itzultzea “ez dela beharrezkoa”, itzulpenen balioa jatorri hizkuntzaren arabera neurtuko balitz bezala; baldin eta, funtsean, inork oraindik uko egiten badio euskara hizkuntza literario gisa trinkotu eta normaltzeari, bada, irakur dezala Mario Benedettiren Udaberri kantoi-hautsia, eta aitor dezala ederkeria hori irakurtzeko plazer hutsa aski motibo dela liburuari gure hizkuntzan heltzeko.

Izan ere, nobela hau gozamen hutserako da, kontakizunean patxadaz aurrera egiteko, hitz bakoitza dastatzeko, ahosabaian atxikitzeko Benedettiren estilo fin eta landua, idazle latinoamerikar ez gutxiren gaitasun hori esaldi eta paragrafoak hain dotore luzatzeko eta bukaerak kiribiltzeko sententzia batean, zeina harri kozkor bat bezala erortzen den irakurlearen barreneraino. Estilo bat oso berezkoa, baina edonon eta edozein hizkuntzatan gozagarria, munduko hizkuntza guztietako itzulpen on guztietan bezala.

Nobela 1973ko Uruguaiko diktaduran dago girotua, diktaduran bertan bainoago diktaduraren arrastoetan. Orduko jazarpen politikoaren ifrentzuak ditu hizpide: kartzelaldi bat, Santiago pertsonaia gatibuarena, eta haren atzeko lau erbeste: aitarena, emaztearena, alabarena eta lagun min batena. Pertsonaia bakoitza ahots eta kontaera propio batekin dago landua: presoak gutunak idazten dizkio emazte erbesteratuari; aita xaharra gogoeta oparo, heldu eta sakonetan murgiltzen da; Beatriz alabak bere haur inozentziaz bustitzen du bere erbestea, eta, haren begietatik, xalo eta xumeak dirudite gatazka politikoaren kondarrok; Gracielak ez du monologorik, eta inguruko pertsonekiko elkarrizketetan ikusten dugu nola durduzatzen zaion deserria senarra aske gera litekeelako; Rolando lagunaren bakarrizketa kaotiko eta ekaiztsuak Gracielaren gatazka horren erdira lerratzen dira halabeharrez. Humanismoa dario Benedettiren nobelari, orriz orri, pertsonaia guzti-guztietan; humanismo ezinbesteko bat, batzuetan etsipenezkoa eta besteetan itxaropentsua, baina beti-beti presente dagoena bere tasun, keria eta dohain guztiekin.

Nobela politikoa bezain humanoa da, eta horren froga dira, pertsonaia guztiak ez ezik, baita Benedettik aldian-aldian tartekatzen dizkigun letra etzanezko kapituluak ere, zeinetan bere ahotsetik mintzo zaigun, eraikitzen ari den fikziozko kontakizunari bere erbestealdi eta pasadizo propioak gehituz. Horrekin, egileak beste dimentsio humano bat gehitzen digu, bere-berea, fikziozko kontakizunaren osagarri.

Udaberri kantoi-hautsi honetan, humanismoaren ertz politikoa eta politikaren ertz humanoa ezin hobeto lotzen dira elkarrengana, zirkulu batean bezala. Horretan, Benedettiren obra hau unibertsala da, hangoa bezain hemengoa, tokian tokikoa bezain mundutarra. Gaztelaniazkoa bezain euskarazkoa.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak