« Kalifornia bat guztiontzat | Autopsia »
Elurra ikusi dut / Xabier Lete / Elkar, 2017
Xabier Leteren funtsa ulertzeko Peru Iparragirre / Berria, 2017-12-10
Xabier Lete (Oiartzun, Gipuzkoa, 1944 – Donostia, 2010) zendu zela zazpi urte igaro direnean ikusi du argia Koldo Izagirrek (Pasaia, Gipuzkoa, 1953) osatutako Elurra ikusi dut (Elkar, 2017) antologiak. Elurra ikusi berri garen honetan kasualitatea baino zerbait gehiago dirudi. Laster beteko dira 50 urte Leteren Egunetik egunera orduen gurpilean (Cinsa, 1968) hartatik.
Antologiaren sarrera oharrean liburua irakurtzeko irizpide batzuk ematen ditu Izagirrek. Abestien hitzak eta poemak elkartu ditu, ustezko bereizketa gaindituz. Kronologikoki daude antolatuta testuak, baina irakurketa dialektiko baterako aukera ere bada, poemak elkarrekin lotzen dituzten zubiak ematen baitira tituluen alboan. Ez da, beharbada, liburu bat irakurtzeko era intuitiboena, baina bada oiartzuarraren poesiagintzan murgiltzeko modu berezia, irudi edo gai batetik tiraka orrietan atzera eta aurrera. Poemen bertsio desberdinak ere lotu ditu zubiz Izagirrek, berrartze eta moldaketetan Leteren bilakaera ageri delarik.
Zalantza sortu zait, ordea, editoreak testuak gaurkotzeko erabilitako irizpidearekin. Dioenez, morfologia eguneratu dute “Leteren kutunak zirenak bere hartan utziz”. Berdin gipuzkerarekin, ez naiz koherentziarik topatzeko gai izan. Ziur Izagirrek berak hautu kontziente eta arrazoituak egin dituela baina horiek liburura ez ekarrita zalantza geratzen zaio irakurleari, “Leteren kutunak” zein ziren ez dakienari, behintzat, gaur egun baztertutako forman emandakoak akatsak edo hautuak ote diren. Dena dela, eguneratzen hasita zergatik egin lana erdizka?
Pisu handia du Izagirreren Bederatzi puntuko bat Xabier Leteren oroiz epilogoak. Hautaketari ez baizik Leteren obra osoari eta bizitzari egindako gibel solasa da. Poemak irakurtzen apur bat galduta sentitu naizen arren, hau irakurrita beste era batera ikusi dut antologia, eta baita Lete bera ere. Bertan azaltzen du Izagirrek oiartzuarraren obra lau arotan nola banatzen den: kritiko-sentimentala, gordin-zinikoa, etsi-ukakorra eta mistiko-tragikoa. Bertan ageri dira beste hainbat kontu ere, liburua esku artean nuela etorri zaizkidan galdera batzuk argitzen dituztenak. Izagirrek editatutako XX. mendeko poesia kaierak (Susa, 2000-2002) egitasmoan Leteri eskainitako alerik zergatik ez zen izan, adibidez, edo plagioaren kontu hori, hitz-erdiz han-hemenka entzun baina oso argi esan gabekoa, zertan den. Alde horretatik txalotzekoa iruditzen zait Izagirrek hartutako lana eta zintzotasuna. Leteren ekinbidearen zergatiak ulertu nahirik akusazioarena eta defentsarena egiten du auziotan guztiotan, irakurleari utziz, beharbada, epaile lana.
Leteren obraren ikuspegi bat ematen zaigu liburu honetan, ez baita obra osoa biltzen duen antologia bat, ez du horretarako helbururik ere, eta poemei beraiei dagokienez hori bota dut faltan, obraren osotasuna bera, edo, eta gehiegi eskatzea da agian, poemak testuinguruan kokatzea, azaltzea. Asegabe utzi nau liburuak, ez baititu galdera guztiak erantzuten, eta agian hori du alde, Lete ulertzen saiatzeko bultzada eta antologia honen edizio osatu baten esperantza eman dizkit, Izagirrek haren funtsa ikertzeko aukera izan ostean horretarako aukerarik eta gogorik badu, noski.
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Amaia Alvarez Uria
Zer egin Miranderekin?
Askoren artean
Irati Majuelo
Azken batean
Lourdes Oñederra
Paloma Rodriguez-Miñambres
Independentziaren dekalogoa
Joseba Gabilondo
Mikel Asurmendi
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Maialen Sobrino Lopez
Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta
Asier Urkiza
Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu
Nagore Fernandez
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Paloma Rodriguez-Miñambres
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Mikel Asurmendi
Esker onak
Delphine De Vigan
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Enarak
Bernardo Atxaga
Irati Majuelo
Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor
Aritz Galarraga
Moebiusen ertzak
Garazi Kamio
Joxe Aldasoro
Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro
Mikel Asurmendi