kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Minorreko komedia / Hans Keilson (Juan Luis Agirre Lete) / Txalaparta, 2017

Ezkutuko biztanlea Mikel Ayerbe / Berria, 2017-05-07

Juan Luis Agirre Leteren itzulpenari esker kaleratu du Txalaparta etxeak Hans Keilson (1909-2011) idazle juduaren Minorreko komedia (1947) nobela laburra. Judua izateagatik jazarria, eta naziek Herbehereak okupatu ostean sasian ibiltzera derrigortua izan zen. Erresistentzian parte hartu zuen, sarritan mediku lanak eginez, eta ezkutuan idatzi zituen bai hizpide dugun nobela eta bai haren obra hoberentzat jotzen den Der Tod des Widersachers [Aurkariaren heriotza] liburuaren hasiera ere (eskuizkribua lurpean ezkutatu, eta behin gerra amaitu ostean bukatu zuen). Bi nobelotan, klandestinoki etxe batean ezkutaturik hilabeteak pasatzen dituzten protagonistak ageri dira.

Minorreko komedia izenburuak bestela iradoki badezake ere, deus gutxi du komediatik; kontrara, tragediatik gehiago duela ere esan liteke. Wim eta Marie senar-emazteek, gerra garaia izanagatik, herri txiki bateko ohiko bizimodu lasaia daramate, bat-batean euren etxean judu bat ezkutatzeko proposamena egiten dieten arte. Zalantza gutxiren ostean, erronka onartzen dute, eta horrela iritsiko da euren etxera Nico deitzeko esaten dien judua.

Kontakizunak, ordea, atzera-aurrerako jauzi dezente ditu, eta, hala, nobelaren hastapenetik jakingo da, gaixotasun bat dela medio, Nico euren etxean hil egiten dela. Eta hildakoak ezkutatzea ez da horren kontu erraza. Arazo-iturri bilakatzen dira ezinbestean, nobelaren amaieran ikus daitekeenez.

Edonola ere, hasiera bezain amaiera esanguratsuko kontakizunean judua ezkutuan duten ia urtebete luzeko egunerokotasuneko eszenak hartzen dute lekurik nabarmenena. Hasierako beldurrak bezatu ostean, egunek aurrera egin ahala, elkarrekin duten hartu-emana estutuz joango da, baina, halere, arrisku zantzuak nonahi ageri direnean, ohiko gertakizunei loturiko tentsioa ere areagotuz joango da. Une batean, honela dio narratzaileak: “Marie beldurtu egin zen, ulertu baitzuen sekretu baten esanahia nahi gabe asmatzen denean beste sekretu handiago bat ezkutatzen dela haren azpian, desestali ezina”. Eta sekretuek, esanezinek eta behin ohiko bizimodua eraldatu arren dena beti bezala burutu beharrak sortzen duen ondoeza ederki islatzen baita pertsonaia horrengan. Senarrak ia egun osoa etxetik kanpo lanean pasatzen duen neurrian, Nico bezala, etxeko zereginetan buru-belarri aritzen baita Marie.

Bestalde, sentimentalismoek eta hunkiberatasunak ez dute lekurik narratzailearen eta pertsonaien hizkeretan zein eleberriaren tonuan; are, estilo nahiko zurrun eta ospela nagusitzen da kontakizunean. Horrek, hein handi batean, egiantzekotasuna eransten dio nobela laburrari, eta, gainera, ez du pertsonaien arteko enpatia zantzuak ahalbidetzea eragozten. Kontatzeko modu bat da, baina kontatzeko modu zoli horren atzean erraz ondoriozta daitezke hirukotearen arteko hurbilpen eta ekintza abegikorrak ere.

Bestela esanda, handinahikeriari eta gehiegizko pretentsioari muzin egiten dion idazkera dela esan genezake, baina, era berean, horretantxe datzala estiloan asmatu izana ere. Ez da sekulako nobela izango, baina bai aintzat hartzeko modukoa behintzat.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak