kritiken hemeroteka

6.798 kritika

Azken kritikak

« | »

Isil-mandataria / Jean Echenoz (Gerardo Markuleta) / Meettok, 2016

Bahiketa absurdoa Iker Zaldua / Gara, 2017-05-06

Meetok argitaletxeak Jean Echenoz idazlearen gainean jarria du lupa. Ravel musikari frantziarrari buruzko liburuaren itzulpena kaleratu zuenetik, Echenozen bibliografian pilatuz joan diren ia liburu guztiak irakur daitezke euskaraz Meettok argitaletxeari esker. Egia da aurretik ere apal bat aski betetzeko adina lan kaleratu dituela Echenozek, 1979. urtean jarri baitzuen lehen alea. Badirudi 2006an pertsonaia jakin batzuen inguruan idatzitako liburuek erakarri zutela argitaletxearen lupa, esan bezala “Ravel” izenekoa (Ravel musikariari buruzkoa) izan baitzen lehen itzulpena. Gerora etorri ziren “Lasterka” (Zatopek atletaren ingurukoa) eta “Tximistak” (Nikola Tesia ingeniariari buruzkoa). Hiru liburu horiek idatzi ostean, “14″ idatzi zuen Echenozek, pertsonaia jakin bati buruzko kontakizunak alde batera utzi eta Lehen Mundu Gerran girotuta. Meettok argitaletxeak hura ere aintzat hartu eta euskaratu egin zuen. Orain “Isil-mandataria” irakur dezakegu euskaraz, absurdoa eta umorea lotzen dituen eleberria, nobela beltzetik hurbilago dagoena. Tartean beste eleberri bat ere idatzi du Echenozek, baina tira, ez diogu demanda egingo Meettok argitaletxeari hura ekarri ez digulako.

Esku artean, beraz, “Isil-mandataria” dugu. Esan bezala, pertsonaia jakin batzuei buruzko kontakizunen karrikatik eta historiari buruzko kontakizunen kaletik osteratxo bat egin ondoren, fikzioaren hiribidean sartu zaigu berriro Echenoz liburu honekin. Espioiei buruzko eleberria da. Ibilbidearen amaieran dagoen jeneral bat, Constance izeneko emakumearen (Mata Hari gogora ekartzen duena) bahiketa aldrebes bat, pop musikako izarra izandako bere senarra, zerbitzu sekretuak, eta bidean agertzen diren hamaika pertsonaia bitxi bezain barregarri (edo tamalgarri) dira osagaiak.

Osagai horiekin absurdoa eta umorea lantzen ditu eta, egiaz, irakurleak intrigaz baino gehiago irriz jarraituko ditu gertakariak. Narratzaileak berak ere bere ekarpena egiten du; izan ere, tartean-tartean bere ohartxoak botako ditu, ironikoak, komikoak, bere iritziarekin irakurlea baldintzatuz, berariazko ariketa batean. Horrela, egoera benetan bitxiak sortuko dira, bahiketaren xedea bera bezainbestekoa, Ipar Korea astintzea, burutazio absurdoa.

Liburua erraz irakurtzen da, Echenozek berak estilo sinplea erabiltzen duelako, kontakizunari garrantzia gehiago emanez, idazketaren itzulinguruei baino. Kasu honetan, noski, Gerardo Markuletaren ekarpena azpimarratu behar da, itzultzailearen arriskua izan daitekeelako erregistroan aldaketa txikiak sartzea, itzulpen lanean murgildu eta aurrean kontakizun bat duela ahaztea. Markuleta, ordea, ez da atzo jaioa, eta badaki zer eta nola itzuli behar duen, eta “Isil-mandataria” da horren adibidea. Dena den, horren harira, izenburu hori zergatik jarri ote duen galdetzen diot neure buruari, jatorrizkoa “Envoyée spéciale” (mandatari berezia) izanik. Jakina, liburua irakurtzean “isil” horren zergatia aurki daiteke, baina ez dut asmatzen “berezia” zergatik baztertu duen.

Guztira 42 atal ditu liburuak, hiru kapitulutan banatuta. Horrela, irakurleak aukera izango du liburua astiro irakurtzeko, atalez atal, edo kapituluz kapitulu, nahieran. Dena den, ez da luzeegia eta ez da luze egiten, eta mesanotxean ez du denbora asko emango.

Azkenik, Meettok argitaletxea aipatu nahiko nuke berriro, argitaletxe independente honek osatu duen bilduma aski interesgarria iruditzen baitzait; lanen artean Samuel Becketten “Molloy” edo Michel Houellebecquen “Sumisioa” nabarmenduko nituzke. Egia esatera, gozamen hutsa da euskaraz halako aukera izatea, eta pozten nau itzulpenaren alde halako apustua egitea, kalitate handiko testuak euskaraz kalitate handiz irakur daitezkeela garbi gera dadin, dagoeneko argi ez badago.

Azken kritikak

Poesia kaiera
Alfonsina Storni

Igor Estankona

Haren zati bat
Josu Penades

Mikel Ayerbe

Politika zikina
Iñaki Irasizabal

Hasier Rekondo

Azken zakatzak
Martxel Mariskal

Iker Zaldua

Azken zakatzak
Martxel Mariskal

Javier Rojo

Patri maitea...
Hasier Etxeberria

Aritz Galarraga

Txoriak etortzen ez diren lekua
Alaine Agirre

Alex Gurrutxaga

Gelditu zaitezte gurekin
Ana Malagon

Hasier Rekondo

Gelditu zaitezte gurekin
Ana Malagon

Javier Rojo

Arrastoak
Dejabu Panpin Laborategia

Danele Sarriugarte

Ospa
Juan Luis Zabala

Hasier Rekondo

Minorreko komedia
Hans Keilson

Mikel Ayerbe

Poz aldrebesa
Juanjo Olasagarre

Estibalitz Ezkerra

Isil-mandataria
Jean Echenoz

Iker Zaldua

Artxiboa

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Urtarrila 2017

Abendua 2016

Azaroa 2016

Urria 2016

Iraila 2016

Abuztua 2016

Uztaila 2016

Ekaina 2016

Hedabideak