kritiken hemeroteka

6.843 kritika

Azken kritikak

« | »

Kixotenean / Iñigo Astiz / Elkar, 2016

‘On Kixote’ berriz sortzea Hasier Rekondo / Berria, 2017-03-12

“Irakurleek berriz sortzen dituzte irakurtzen dituzten liburuak. Shakespeare aberatsagoa da orain idazten zuenean baino. Cervantes berdin. Cervantes Unamunok aberastu zuen;…”, Jorge Luis Borgesen aipu apokrifo batekoa izan litekeen esaldi horren xedea izan du gogoan Iñigo Astizek, Cervantesen heriotzaren 400 urteurrenaren karira, Berriarako idatzitako kronikak biltzen dituen Kixotenean (Elkar, 2016) liburuan Kixote hobetu nahi izan baitu. Maite Mutuberriaren ilustrazioek, iraganaren eta gaur egunaren arteko zubiak, fikziozkoak zein errealak, eraikitzen dituzte testuan. Edizioa ezin txukunagoa da; testu zein marrazkien kalitateaz harago, irakurketaren plazer hutsa berreskuratzeko lagungarri izan zait, Campo de Criptanako mendilerro lehorrak Bizkaiko kostaldeko hondartza bihurtu baititut, irakurketa gozagarri batean murgildu ahal izateko.

Astizek aipatu du kazetaritzaren eta literaturaren arteko hibrido bat idatzi nahi izan duela, nonbait Cervantesek asmatu zuen ironiaz betetako hibrido entretenigarri hari jarraiki. “Jada ezerk garrantzi handirik ez zuenean, eta ez berak ez beste inork hartaz ezer espero ez zutenean, Cervantesek bere garairako eta kasik gure garairako ere asmaezina eta ezinezkoa den kontakizun bat asmatu zuen”, Jordi Gracia idazlearen hitzetan. Nago, oso literarioak diren kazetaritza lanetan sakondu duela iruindarrak. Izan ere, Astizen ezaugarrietako bat dugu aipu literarioak nonahi txertatzea, meta-literatura ahantzi hura lanabes, eta aipuz aipu kronika errealak sortzea. Aipuak kateatzeko joera horrek oso efektu estetikoa lortzen du, batzuetan aipuak lar ekarriak diren arren. John Cheeverren Igerilekua ipuina, esaterako, non igerilekuz igerileku abiatzen den igerilariaren istorioa kontatzen baitzen, nora ez zekiela aurkikuntza bat egin bide zuen, “ordura arte inoiz nabigatu gabeko ibai sekretu bat”. Ez dira faltako aipuetan hondar-irudiak: Kixote bere horretan eman nahi izan zuen Pierre Menard gogoangarria, Borgesen eskutik, edota Calvinoren hiri ikusezina.

Halere, kazetaritzak eskatzen duen bat-batekotasuna ere nabarmentzen zaio kroniketan. Ondo ekarritako anekdota hutsetik abiatzen baita, kazetariaren ofizio eta usainaren jabe, kultur kazetariek ere anekdota deigarria usaindu behar baitute. Fikzioaren eta errealitatearen arteko muga lausotuak jomuga betiere, eta gaur egungo haluzinazioen eta Kixotek zituenen arteko paralelismoak profitatuz: despopulazioa jasan duen Mantxan pokemon-ak bilatzen dituzten gazteak, Vr-Box errealitate birtualeko betaurrekoekin ari dira kixote modernoak. Zer esan Cervantesen gaurkotasunaz? Iruzkingileak ere ezin dena esan.

Galderak berriro. Zer ekarpen egin liezaioke euskal kazetari eta idazle batek Cervantesen lanari, Iban Zalduak hainbeste kritikatu duen adanismoan erori gabe? Astizek halabeharrez jorratu behar zuen Kixote eta euskal literaturaren zein itzulpengintzaren artean eraiki harremana. Orixeri eskainitako harribitxiek ez dute parekorik. “Kritikuak begirapena zor ei deutso jaubearen idatzi jatorrari; nik ostera begirapena zor deutsot neure buruari eta irakurle euskaldunari”. Nago gehiegikerietan erori gabe egin duela Astizek. Beti da salbuespenen bat, kixotekeria iruditu zait ETAk borroka armatua utzi zuen eguna eta Kepa Baraño itzultzaileak Kixoteren itzulpena amaitu zuenekoa elkartzea. Alta bada, lan berritzailea, ondo harildua, eta prosa eredugarri batez sortu du On Kixote Astizek, Borgesen zentzuan.

Azken kritikak

Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama
Alaine Agirre

Javier Rojo

Hizkuntza, Nazioa, Estatua
Joxe Azurmendi

Javier Rojo

Haren zati bat
Josu Penades

Javier Rojo

Frankenstein
Mary Shelley

Gotzon Barandiaran

Lur bat zure minari
Jose Luis Otamendi

Castillo Suarez

Zer egingo dugu orain opariekin?
Aritz Gorrotxategi

Javier Rojo

Hodei berdeak
Jon Alonso

Aritz Galarraga

Azken zakatzak
Martxel Mariskal

Igor Estankona

Arrotz eta eder
Pako Aristi

Iker Zaldua

Feminismoa eta politikaren eraldaketak
Mari Luz Esteban

Iratxe Esparza

Huliganaren itzulera
Norman Manea

Iñigo Roque Eguzkitza

Gelditu zaitezte gurekin
Ana Malagon

Amaia Alvarez Uria

Ospa
Juan Luis Zabala

Ibon Egaña

Arrastoak
Dejabu panpin laborategia

Iratxe Retolaza

Artxiboa

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Urtarrila 2017

Abendua 2016

Azaroa 2016

Urria 2016

Iraila 2016

Hedabideak