kritiken hemeroteka

8.656 kritika

« | »

Literatura oharrak / Walter Benjamin (Askoren artean) / Sans Soleil, 2015

Benjamin, orain-hemen Alex Gurrutxaga / Berria, 2016-03-13

Walter Benjamin XX. mendeko pentsalari ezinbestekoa da: inportantea ezkerreko marxismoan, eta ildo horretako arte kritikan, berriz, XX. mendeko izen interesgarrienetakoa G. Lukacs-ekin batera..

Zerbait pentsarazi behar liguke euskarazko itzulpena sistemaren bazterretik iritsi behar izanak. Benjaminen obrak dimentsio handia dauka, hala tamainaz nola jorratutako gaiei dagokienez, eta Sans Soleil argitaletxeak bi liburuki argitaratu ditu: literaturari buruzko testuak batean, bestean historiari, arteari eta abarri buruzkoak. Bederatzi saiakera guztira eta, topikoa bada ere, egon zitezkeen beste batzuk —Narratzailea edo Egilea produktore gisa, adibidez—, baina daudenek ongi justifikatua daukate presentzia. Antologia koherente eta adierazgarria da. Gainera, liburu bakoitzak dauka hitzaurre mardul bana —Bernat Padro eta Jose Luis Delgadorenak—.

Esku askotara itzulitako lana da —G. Arrula, M. Babiano, G. Urturi, eta abar—, eta testuen zuzentze lanak ere (G. Ugalde) badauka meriturik. Alemanik ez dakien irakurle hau ez da itzulpenaren egokitasunaz deus esateko gai, baina bai beste bi ohar. Batetik, itzulpenaren emaitza oso egokia da, eta testuek orokorrean oso ongi egiten dute aurrera. Bestetik, ematen du adituren baten errebisio teknikoa falta dela. Adibide bat: I. Segurolak Reproduzierbarkeit terminoa errepikagarritasuna itzultzen du, onartezina den konnotazio galera eraginez; aldiz, D. Sarriugartek erreproduzigarritasuna erabiltzen du, nire ustez oso egokia dena —nahiz eta wiederholbarkeit terminoarentzat ere erabiltzen duen—. Kontua da ez luketela bi aukerek agertu behar, liburu berean, kontzeptu bakarrarentzat. Irudipena daukat berrikuspen tekniko batek halako gauzatxoak fin-fin lotuko lituzkeela.

Benjamini dagokionez, artearen dimentsio sozialaren analisian hartzen du indar guztia haren teorizazioak: azterketa estetikoa eta masa-mugimendua, historia eta kultur produkzioa, marxismoa eta literatura… erlazionatzen ditu modu emankorrean. Egile fragmentarioa zen Benjamin, baina, pieza guztiekin, gizartearen baitako erlazio askotarikoak ikusarazten dizkigu. Horren adibide da zeharka aipatu dugun Artelana errepikagarritasun teknikoaren garaian: saiakera agortezina, kritika estetiko garaikidearentzat testu funtsezkoa. Benjaminek “auraren” galera postulatzen du: aro garaikidean erreproduzigarritasun teknikoak artelana milaka aldiz erreproduzitzeko aukera ematen du —argazkiak, zinema— eta, horrela, honek bere orain-hemengo izatea eta benetakotasuna galtzen ditu. Baina galerak badauka ifrentzua ere, erreproduzigarritasunak masa-gizartera inoiz ez bezala iristeko aukera baitakar: Benjaminen ustez, eskuinak politika estetizatzen duen bitartean, marxismoak artea politizatuz erantzuten du.

Literaturari heltzen dionean ere, ertz asko ukitzen ditu Benjaminek. Baudelaireren gai batzuen inguruan saiakeran, adibidez, poeta frantsesak egindako XIX. mendeko “mila gizaki nahasiren” hiriaren iruditik abiatzen da mundu modernoaren azterketan sakontzeko, besteak beste marxismoa (Engels), psikologia (Freud) eta literatura (Poe) josiz modu paregabean.

Benjamin ezinbesteko egilea da, bai, eta bere modernotasunari esker, oraindik ere oso garaikide sentitzen dugu; B. Padrok hitzaurrean idatzi bezala, “bere orrialdeen aurrean paratzen denaren irudimen kritikoa piztea lortzen du”.

Azken kritikak

Silueta
Harkaitz Cano

Irati Majuelo

Koxka bat estuago
Henry James

Aritz Galarraga

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Hasier Rekondo

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Maddi Galdos Areta

Poesia kaiera
Frank O'Hara

Asier Urkiza

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Nagore Fernandez

Beste urte batez
Samira Azzam

Maialen Sobrino Lopez

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Iraitz Urkulo

Auzokinak
Gorka Erostarbe

Mikel Asurmendi

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Zer egin Miranderekin?
Askoren artean

Irati Majuelo

Silueta
Harkaitz Cano

Ibon Egaña

Azken batean
Lourdes Oñederra

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

Hedabideak