kritiken hemeroteka

8.475 kritika

« | »

Ilunpeen bihotzean / Joseph Conrad (Iñaki Ibañez) / Elkar, 2014

Trauma, mamu, ilunpeetan barrena Saioa Ruiz Gonzalez / Argia, 2016-01-17

Ilunpeen bihotzean (Heart of Darkness), institutuan, ez dakit zein ikasgairako derrigorrezko irakurketa zen. Hamasei urteko gazteentzako gehiegizkoa ene usterako. Oraindik gogoratzen dut nola irakasleak esaten zigun Joseph Conrad literaturako klasiko bat zela, horrek liburua erakargarriago egingo balu bezala. Garai hartan nik ez nekien zeri deitzen zitzaion klasiko bat, baina berehala konturatu nintzen hitzak pisu berezia ematen ziola liburuari. Bi, hiru irakurketen ostean ezer ere ulertu gabe jarraitzen nuen eta horrek izugarrizko presioa eragin zidan. Klasiko bat ez ulertzearen kulpabilizazioa gogoratzen dut, beranduago idazlearekiko gorrotoa bilakatu zena.

Pasadizo traumatiko horri esker gazteei literatura planteatzeko moduaz asko ikasi nuen, baina idazlearekiko errefusa ez dut oraindik gainditu. Hemen naiz aspaldiko partez traumari aurre egin nahian.

Logikoki kontaktua bestelakoa izan da oraingoan. Esperientzia bitalak eragin ukaezina du asimilazioan, ulermenean eta, batez ere, gustu kontuetan. Beste hitzetan esateko, klasikoen irakurketek ez dute zertan derrigorrezkoak izan behar, eta askoz gutxiago ere nahi eta nahi ez gustagarriak. Horregatik, kontuz ibili behar dugu kontzeptu teorikoegien erabilerarekin, bereziki gazteen aurrean. Niri dagokidanez, bai, esan dezaket trauma gainditu dudala, iritzi teorikoei beldurra galtzeari esker.

Gauzak horrela, esan gabe doa Ilunpeen bihotzean irakurri dudan Conrad-en liburu bakarra dela. Denok daukagu argumentuaren nola edo halako ideia bat, eleberrian oinarri sendoa duen Coppolaren Apocalypse Now filmari esker. XIX. mende amaieran kokatzen gaitu, Marlowk dioen bezala, “lurraren konkista” garaia. Marlowk gidatutako belaontzi europarra Afrikan barneratzen da gaixorik dagoen Kurtz izeneko boli-komertziala ordezkatzeko. Kolonizazio okzidentalaren gehiegikeria eszenatoki hartuta, oro har, ilunpeetan jatorria duen gizakia eta zibilizazioaren arteko talkaz mintzo da. Oihanean barneratzea norbere mamuetan zehar bidaiatzea bezala da, descensus ad inferos deitu izan zaion motibo klasikoa, alderdi ilunenak ezagutzea alegia. Liburuaren konplikazioa psikologikoegia izatean datza hain zuzen ere; kontzientziaren leku ezkutuenetan (inkontzientea deitua ere) miatzeak eragiten duen ezinegona, estualdia eta, zenbaitetan, ingurukoarekiko haustura. Horregatik pentsatzen dut publiko adindun batentzako irakurketa aproposa dela, baina ez derrigorrezkoa. Norberak erabakitzen baitu bere ilunpeen bihotzean arakatzea.

Azken kritikak

Zero
Aitor Zuberogoitia

Amaia Alvarez Uria

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Aiora Sampedro

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Mikel Asurmendi

Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez

Jon Jimenez

Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi

Asier Urkiza

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Nagore Fernandez

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi

Mikel Asurmendi

Haize beltza
Amaiur Epher

Jon Jimenez

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Asier Urkiza

Girgileria
Juana Dolores

Nagore Fernandez

Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin

Aritz Galarraga

Teatro-lanak
Rosvita

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

Hedabideak